'Maitexa eta miraila', Kanalduderen haurrentzako programa berria

Apirilaren 2an estreinatuko dute haurrentzako emankizun bat. Bi astean behin atal berri bat izanen da ikusgai. Maryse Urrutik idatzi du gidoia, eta Maiana Etxeberri arituko da aktore gisa.

'Maitexa eta miraila' emankizunaren grabaketa, martxoaren 12, Senpereko Larraldean. GUILLAUME FAUVEAU
'Maitexa eta miraila' emankizunaren grabaketa, martxoaren 12, Senpereko Larraldean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Haur euskaldunentzat «eduki esklusiboa» egitea da Maitexa eta miraila programaren helburuetako bat, Maryse Urruti emankizunaren gidoilariaren arabera. Kanaldudek ekoiztua da, eta apirilaren 2an hedatuko dute lehen atala, 11:00etan; hamabost eta hogei minutu arteko iraupena izanen du atal bakoitzak. «Inportantea zaigu haurrek ikustea dena dela posible euskararentzat eta dena egiten ahal dela euskararekin. Sentitzen ahal dute euskara jakinez emanaldi bereziak eskuratzen ahal dituztela», zehaztu du.

Kanaldudekoek manatu zioten programa Urrutiri, eta eduki pedagogikoa zabaltzeko helburua izanen du, besteak beste. Horretarako, pertsonaia berezi bat sortu du Urrutik: XVI. mendeko pertsonaia bat, fantasiazkoa, «bere bitxikeria guziekin». Maiana Etxeberri izanen da Maitexa gorpuztuko duen aktorea.

«Guretzat inportantea da haurrak ez infantilizatzea eta seriotzat hartzea. Gainera, horrek doinu libertate bat ematen digu, badirelako irakurketa maila desberdinak», erran du Urrutik. Maitexa deituriko pertsonaiaren inguruan eraiki du saioa: Mariren etxeko mirailaren aitzinean agertzen da, eta mirailarekin elkarrizketa bat abiatzen du Maitexak, desagertu den Mari haren laguna xerkatzeko. «Maitexa mirailaria dela erraten dut; XVI. mendeko youtuberra. Segurrenik, gure ikusleek ezagutzen dituzte youtuberren kodeak, eta horiek berriz hartu ditut baina distortsionatuz», esplikatu du Urrutik.

Ikusleei hainbat gairi buruzko bideoak partekatzeko tresna bilakatzen da miraila, beraz: sukaldaritza, musika, arte plastikoak, matematika... Eduki pedagogiko horiek Kilika haurrendako sailaren barnean bilduko ditu Kanaldudek. Kilika-ren barnean, Maitexa eta mirailaz gain, hainbat emankizun izanen dira ikusgai: Giltzaera —musikari buruz, Oinarrizkoak —marrazketa teknikoari eta matematikei buruz...—, Ixkilim —esku lanei buruz— eta Liburuxkak —ipuinei buruz.

«Haurrentzako sail bat ireki nahi genuen, zinezko gabezia bat ikusten genuelako haurrentzako ikus-entzunezko ekoizpenean; Ipar Euskal Herrian argiki behar bat bazen»

EKI PAGOAGAKanaldudeko langilea

Eki Pagoaga Kanaldudeko langileak azaldu du aspaldian badituztela haurrentzako edukiak, baina ez direla orain arte haiek ekoiztuak izan. «Sail hori ireki nahi genuen, zinezko gabezia bat ikusten genuelako haurrentzako ikus-entzunezko ekoizpenean. Ipar Euskal Herrian argiki behar bat bazen, eta gure sentsibilitatearekin egindako eduki bat proposatu nahi izan diegu».

Erraterako, kanpoan grabatutako haurrendako ikusgarri batzuk hedatu ditu Kanaldudek azken urteetan, baita marrazki bizidun batzuk ere, baina haurrentzako lehen saio berezitua izanen dute Maitexa eta miraila. «Eduki zentral bat izanen da, eta periferian bestelako eduki batzuk txertatuko ditugu», zehaztu du Pagoagak, Kilika-ren barnean bilduko dituzten edukiei erreferentzia eginez. Behin lehen atala hedatuta, bi aste guziz zabalduko dute atal berri bat; denera, hamar. 

Ariketa berezia

Maiana Etxeberri antzerkilariak «plazerez» hartu du proiektua. «Abentura zinez ederra da, eta plazer egiten du halako proiektuetan parte hartzea. Euskaraz aritzea beti plazera da», haren arabera. Haurrei zuzendutako edukia izanik ere, antzezte prozesua besteetan bezalakoa zaio Etxeberriri. «Edozein pertsonaia gorpuzteko, bere baitan sartu behar duzu, haurrei zuzendua izan ala ez. Ahal bezain egiazkoa izan behar duzu, eraiki behar duzu bere karakterea, mugitzeko manera... Unibertso oso bat, azkenean». Urrutik zuzendu du jokoa, eta elkarrekin «lan asko» egin dutela zehaztu du Etxeberrik.

Senpereko Larraldea etxean grabatu dituzte emankizunaren atalak, eta grabaketak azken asteotan egin dituzte. Prozesu luzea izan da, lehenik testuaren lanketa egin baitute, eta gero hasi baitira antzerki lanean. Azken asteetako lanari begira, Etxeberrik erran du errepikak goizez egin dituztela, eta grabaketak, arratsaldez. «Egun osoa pasatzen dugu mundu berezi batean, eta eguneko argia ez dugu ikusten. Ariketa berezia da».

Ipar Euskal Herrian ondoko telebista kateetan ikusteko aukera izanen da: Orangen 358 katean, Bouyguesen 339 katean, Freen 948 katean eta SFRn 496 katean. Hego Euskal Herrian, telebistan ikusteko Izarkom eta Onaro telekomunikazio operadoreen Begizta plataforma baliatu beharko da. Kanaldude.eus-en zuzenean eta nahieran ikusteko aukera izanen da nonahitik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.