ELB, Lurzaindia eta Ostiak Kanboko (Lapurdi) Marieneko lurretan baratze bat landatzera deitu dituzte herritarrak. Maiatzaren 17an eginen dute landatzea, eta egun osoko egitaraua antolatu dute. «Marienea laborantza lurra da, bere belardiak betidanik landuak izan dira. Barazkiak ere landatu daitezkeela erakutsi nahi dugu», adierazi dute deialdian. «Lekuko eta kalitatezko mozkinen biltzeko ahala emanen du, ingurumena errespetatuz eta kontsumitzaileekin harremanetan jarriz». Hiru eragileek abiatutako laborantza ekinbide hori beste talde anitzek sostengatzen dutela baieztatu dute, «baita lurralde honetako biztanle gehienek ere».
AHT, Aroztegia, E-CHO, eta azken urteetan borrokaldiak eragin dituzten beste makroproiektuei aipamena egin diete deitzaileek, eta lurra elkarrekin defendatzera deitu dute. Euskal Herri osoko herritarrak bertaratuko direla espero dute. Marienea bera Babestu eta ereiteko eremua izendatu dute: bee, ardiaren oihuaren onomatopeia bezala. Lurra iraultzeko erabiltzen den laia eskuetan duen ardi bat hautatu dute ekitaldiaren irudi gisa. Goizean ibilaldiak eginen dituzte Marienera, Kanboko eta Itsasuko herriko etxeetatik abiatuta; eguerdian ekitaldia eta bazkaria, eta arratsaldean, landatzea.
Ikusi gehiago
2014tik geroztik, bazterrak harrotu ditu Kanboko herri sartzean eraiki nahi duten etxe multzoak. Auzapezaren taldeak bultzatu Marieneko lurren artifizializazio saiakeraren kontra mobilizazio andana antolatu dituzte, eta auzitegietara ere heldu da gaia, hirigintza planaren eta Bouygues enpresari emandako eraikitze baimenaren kontra helegiteak aurkeztu baitzituzten elkarteek administrazio auzitegian. Militanteak ere auzipetu dituzte desobedientzia ekintzetan parte hartzeagatik, eta baita Kanboko Herriko Kontseiluan izandako gertakarietan Christian Deveze auzapezari eraso egitea leporatuta ere; irailean izanen dute auzia. Iazko maiatzean, taktika ezberdinak bateratu eta Marienea gelditu arte mobilizatzera engaiatu ziren eragileak. Denera 25 taldek izenpetu dute deia.
Abenduan, Euskal Hirigune Elkargora ere iritsi zen gaia. Higiezin proiektuari buruzko eztabaida baten antolatzea galdegin zioten Jean Rene Etxegarai lehendakariari 64 hautetsik. Horien artean dira Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Peio Etxeleku Kanboko hautetsi eta Elkarrekin Herriarentzat taldearen bultzatzailea eta Colette Capdevielle Baionako hautetsi eta Frantziako Asanbleako diputatua. Eztabaidaren alde agertu zen Etxegarai, eta adierazi zuen gerora erabakiko zutela noiz eta zer formatutan egin. Gaur-gaurkoz, ez du horri buruzko informaziorik eman.
Makila eskuan
ELB, Lurzaindia eta Ostiak argi dute: landa lurraren desagerpenak, klima aldaketak, eta laborarien biziraupenak «lehentasunen berrikustea» galdegiten dute, «nahiz eta politikari, enpresaburu eta diruz gose diren jabe batzuk» beren zereginetan tematu. «Botere eta etekinen salbatzeko, etxebizitza eskasia eta bizitegi beharra aipatzen dituzte, Kanboko erdigunean bizitegien eraikitzeko beste aterabide konkretuak badirelarik».
Bouygues higiezinen multinazionalak bururatu nahi lukeen proiektu hori behin betikoz bertan behera utzi arte borrokan aritzeko borondatea erakutsi dute, «atxiloketen, auzipetzeen eta isunen» gainetik. «Ez dugu Marienea betoiz estaltzen utziko», aldarrikatu dute. «Ingurumen sano eta bidezkoan bizi nahi badugu, jendarte eta politika norabide aldaketak beharrezkoak dira. Lekuko hautetsiek har ditzatela beren ardurak, eta biztanleria lurra eta etxebizitzaren aldeko dinamiketara lot dadila. Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa izanen da».
Maiatzaren 17koa lehen landatze eguna izanen dela erran dute, eta kopuru handian bertaratzera deitu dituzte herritar eta eragileak. «Elkartze, aldarrikapen eta festa momentu garrantzitsua izanen da». Horrez gain, makila eskuan agertzeko deia egin dute: «Hesiaren luzaran jarria izanen da, lurrean zin kolektiboa zigila dezagun, gure determinazioaren lekukotasun gisa, maite dugun hazlur hau babesteko».