Senpereko Olha etxaldearen salmenta espekulatiboak eta horren salatzeko etxezain ohien etxearen okupazioak markatu dute 2023ko urtea lurren eta etxebizitzen auzian. Halaber, Alda mugimenduak ekintza andana egin du alokairuen inguruko iruzurrak salatzeko.
Laborantza lurren salerospenetan, notarioekin eskuz esku, Lurzaindia gozamenik gabe jabego soila saltzeko jokoen salatzen ibili da. Urtarrileko lehenbiziko egunetan Bidarraiko salmenta bat geldiarazi zuen.
Afera larriagoa izan zen udaberrian: Senpereko Olha etxaldearen 1,3 milioi euroko salmenta «espekulatiboa». Lehen etxezainen etxe ttipia eta 50 hektareako eremua prezio horretan erostera abiatua zen Donibane Lohizuneko Adam makarroi saltegien jabe Telleria familia. Senpereko herritar talde batek salatu zuen salmenta. Lurzaindia eta ELB lotu zitzaizkion salaketari.
Safer erakundeak 200.000 eurotan estimatu zituen Olhako funtsak. Ikusiz saltzaile eta erosgaiak ez zirela kantitzen salmenta preziotik, senpertarren kolektiboak, Lurzaindiak, ELBk eta Ostia mugimenduak etxearen okupatzea deliberatu zuten ekainaren 27an. Uda osoa iraunen zuen okupazioak. Eztabaida piztu zuen okupazioak, erosleak «tokikoak» baitziren. Dominique Ameztoi Lurzaindiko laborariak argiki ihardetsi zuen: «Gu ez gara kanpotik heldu direnen kontra ari: espekulatzaileen kontra ari gara. Hemengoek paristarrek bezainbat kalte egin dezakete». Azkenean, Olha saldu egin da, eta okupazioa agorrilaren 29an bukatu zuten.
Aldaren ekintzak
Alda mugimenduak alokairuak eteteko iruzurrak salatu zituen urte hastapenetik. Frantziako Estatuko legedian etxejabeak alokatze kontratu bat eteteko aukera izan dezake beretako bizitegia berreskuratu nahi badu edo saldu. Arazoa da batzuek aukera hori baliatzen dutela garestiago alokatzeko edo turismorako erabiltzeko, eta ez bizitegia berreskuratzeko.
Bestalde, Euskal Elkargoak bozkatu zuen konpentsazio arau urratze bat salatu zuen Aldak ekainaren 19an; Miarritzen araua urratzen zuen jabe baten apartamentu bat okupatu zuen. «Jabeak ez du eskubiderik bizitegi hori epe laburreko turismorako etxebizitza gisa alokatzeko», erran zuen, argiki.
Urrian, beste berri bat etorri zen: Frantziako Gobernuak onartu du etxebizitza hutsen gaineko zerga Ipar Euskal Herri osora hedatzea.
Maurizia eta Ttattola
Etxebizitzen auzian beste bi gertakari azpimarratu daitezke 2023an. Gazte talde batek diru publikoarekin erosi eta hutsik dagoen eraikin bat okupatu zuen Baionan, Athurri hegian, maiatzean. Maurizia egitasmoa plantan ematen hasi ziren han, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta elkargoburuak Polizia bidali zuen arte, kanporatzeko.
Bestetik, iaz, urteetan hutsik zen Davidenea etxea kolektiboki okupatu ondoan, Hazparneko Ttattola gaztetxeko kide bakar bat auzitan iragan zen maiatzaren 26an, eta ekainean 6.000 euro pagatzerat kondenatu zuen Baionako Auzitegiak, okupazioagatik.