Korrokoina, galeperra, belatza, xarboa, lertsuna... Zerrenda luzea egiten ahal da, Euskal Herriko fauna arras aberatsa baita. Haur denboratik du Iker Elosegik (Baiona, 1965) horren zaletasuna; bereziki, hegaztien ingurukoa. Agronomia eta Biologia ikasketak egin zituen, eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako koordinatzailea da egun. Urteetako jakintza naturalista liburu batean bildu du, eta Euskal Herriko fauna gida argitaratu zuen (Sua, Elkar) duela hiru hilabete. Gida bat baino osatuagoa da, halere: gizartearen eta naturaren arteko harremanen bilakaerari, jakintza naturalistaren transmisioaren galerari eta naturaren kontsumoari buruzko gogoetak egin ditu. Elosegik familian bazituen naturalistak —eta baditu—, eta jakintza hori plazaratzeko egin du liburua, Claude Dendaletxe adituaren aitzinsolasarekin.
Zerk akuilatu zaitu urteetan bildutako jakintza Euskal Herriko fauna gida liburuan ezartzera?
Nik ez nuen pentsatzen liburu bat idatziko nuenik; ez zen ene biziko helburuetarik bat. Baina 2021ean Claude Dendaletxek deitu ninduen —naturalisten munduan anitz idatzi duen pertsona bat da—; 80 urte pasatuak ditu orain, eta adiskidea dut aspalditik. Erran zidan editore batek galdegina ziola liburu bat idazteko Euskal Herriko faunaz eta floraz, eta, berak ez zuenez asmorik, galdegin zidan ea ni prest nintzenetz. Galdetu nion zehazki zer nahi zuen argitaletxe horrek, eta erran zidan zuzenean harekin harremanetan sartzeko.
Zer eman zuen elkarrizketak?
Solasean hasi nintzen editore horrekin, eta lehenik erran nion faunaz gai sentitzen nintzela baina floraz ez. Erran nion, bestalde, Euskal Herri osoa kontuan hartu behar zela, bere osotasunean, biziki interesgarria baita Nafarroako zolako abereak aipatzea hemen ez diren heinean. Euskararen presentzia enetako inportantea zela ere erran nien, eta galdetu nien ea hori nola kudeatuko genuen. Nik liburu hau frantsesez idatzi dut lehenik, eta gero, euskaraz. Nolanahi ere, enetako inportantea zen liburua lehenik euskaraz argitaratzea, eta geroago frantsesez. Gure jendartea ezagutzen dut, eta doi bat alferra da: biak ber denboran proposatzen badira, euskarazkoa ez da irakurria izanen, eta enetako inportantea zen euskarazkoa irakurria izan dadin. Editoreak ez du pauso hori egin nahi izan, eta horregatik joan nintzen Elkar argitaletxera, eta hor argitaratu zuten, iazko azaroan.
Faunaz idatzi duzu. Nondik duzu zaletasun hori?
Ttipidanik interesatzen natzaio naturari eta ingurumenari. Familian baditugu naturazaleak: izan dira, badira oraino, eta beharbada izanen dira. Ikusiko! Aski ontsa ezagutzen dut ingurumenaren gaia Euskal Herri osoan, ez bakarrik Ipar Euskal Herrian. Pentsatu dut prest nintzela liburu horren egiteko, eta abenturan sartu naiz. Denbora banuen, ez nuen epe zehatzik errespetatu beharrik. Beste ofizio bat badut aski denbora hartzen didana, eta, beraz, emeki-emeki idatzi dut.
Laburbildu badaiteke, Euskal Herriko faunak zer ezaugarri dituela erranen zenuke?
Liburua irakurri, eta dena jakinen duzue!... Sinpleki errateko, Euskal Herria bidegurutze anitzetan da. Klimaren aldetik, badira alde atlantikoa eta alde Mediterraneoa, eta horri gehitzen zaio mendia. Mendiak bere ezaugarri klimatologikoak baditu. Migrazio aldetik, pasaia leku biziki garrantzitsua da; Pirinioak badira, nolabait errateko, ekialdetik mendebaldera doan pareta bat; bereziki, txoriendako: pareta hori gainditzeko aiseago dute Euskal Herritik edo Kataluniatik pasatzea, eta, larrazkeneko migrazio horretan, gehienak Euskal Herritik pasatzen dira.
Mendiak aipatu dituzu, eta itsasoa ere bada.
Itsasoan, kostatik biziki hurbil sekulako amildegiak badira, eta fauna arras berezia dute; munduan zehar guti atzematen den espezie kontzentrazio bat bada hor. Jendeak ez daki, baina hortxe dugu. Horrek denak sortzen du habitat desberdin anitz izatea biziki eremu labur batean. Horrek sortzen ditu baldintza biziki desberdin eta askotarikoak, eta, beraz, hor diren ekosistema eta fauna biziki askotarikoak. Horri gehitzen zaio jendea bizi dela eremu horretan —munduko leku gehienetan ere hala da—. Lurraldean bizitzeko manera berea du, urtez urte mugitzen ari dena. Laborariek pisu handia dute hor, ulertzeko jendearen eraginak nolakoak diren, eta, bioaniztasunean jendeak duen eraginean, laborantzaren gaia barne-barnean da. Ipar Euskal Herrian garatu den herri laborantzak ematen dizkio baldintzak paisaia aniztasun horri, ekosistema aniztasun bati, eta, beraz, espezie anitz ukaiteari. Nafarroako eta Arabako toki batzuetan dena soildu dute, ez da gehiago zuhaitzik, eta arras bestelako baldintzak dira.
Zure liburua gida gisara izendatu duzu. Zer asmorekin?
Ene liburua ez da katalogo bat. Nik ez dakit zenbat espezie badiren Euskal Herrian, baina beste nehork ere ez daki. Katalogoa, gainera, publiko zabalarendako ez da interesgarria; beharbada zientzialariendako bai, baina ez nuen hori egin nahi. Gida denendako eskuragarri da. Urte guztiz deskubritzen dira Euskal Herrian ezagutzen ez ziren espezie batzuk, urrunagotik etorriak, edo hemen zirenak eta ezezagutuak, eta urtero deskubritzen dira zientziarendako berriak diren espezieak. Asmoa ez da horiek biltzea katalogo batean. Jendeok dena tirantetan klasifikatzeko joera dugu, eta bizia ez da tiranteetan sartzen. Guk absolutuki sarrarazi nahi ditugu, baina liburuetan idatziak ez diren gauza anitz ikusten dira, eta alderantziz. Nahiago izan dut hautatu ditudan espezien ezaugarrien inguruko lana egin. Argibide batzuk emanez gako batzuk ematea zen helburua, kuriositatea pizteko.
Gogoeta eta pentsaketak ere plazaratu dituzu.
Bai. Ditudan ikusmolde batzuk partekatu nahi nituen. Adibidez: nola da posible oraingo haurrei hamar espezie galdetu eta hemengo bakar bat ere ez aipatzea, salbu katua eta txakurra? Aldiz, lepoluzeak, lehoiak, elefanteak eta hipopotamoak ezagutzen dituzte. Ene ustez, lurralde bateko jendarteak ez badu lurralde horren ezagutzarik —eta abereak ezagutzaren parte bat dira, baina beste gauza anitz ere hor dira: hizkuntza, izateko manera...—, gabezia bat bada. Eta kezkatzen nau. Nik laster 60 urte ditut; gure haur denboran kanpoan ginen jostatzen, eta kanpoan izanez ezagutzak transmititzen dira... Baina orain haurrak ez dira gehiago kanpoak egoten; kasik lanjerosa bilakatua zaie mila arrazoiengatik. Beste bizidunekin dugun elkarbizitza eta harremana izugarri ttipitu da, eta leku batzuetan arrunt hautsi da. Naturaren inguruan kasik mitifikazio bat gertatu da.
«Natura babestu nahi bada, ez daiteke babestu lekuan bizi diren jendeak kontuan hartu gabe eta lekuan bizi diren jendeen bizimoldeak eta egiteko manerak onartu gabe»
Zer erran nahi duzu horrekin?
Hiritarrek mitifikatzen dutela natura telebistan ikusten dutenarekin, zeinen irudi ederrago eta ikusgarriagoekin... Horrek eraiki du mito bat naturari buruz, errealitatetik izugarri urrun dena. Gauza horiek ene iritziak dira, ene gogoetak, baina argumentatu ditut, oinarri batzuekin. Zinezko fenomenoa da. Bestalde, naturaren babesteaz den ideologiari buruzko gogoeta bat ere egiten dut: bada ideologia bat Europan biziki barneratu dena, Ameriketatik heldu dena. Amerikarrek zituzten lehen parke nazionalak eraiki; amerikar zuri eta behar bezalakoek, noski, ez bertakoek. Egin zuten lehen gauza izan zen bertakoak desagerraraztea. Erail edo lekutik kanpo ezarriz, haien lurraldearekin zuten lotura eta bizitzeko manera deseginez, parkeak egin zituzten, natura salbatzeko omen. Handik 50-60 urtera, ohartu ziren babestu nahi zituzten espezie horiek desagertu zirela. Nola? Denbora eman dute ulertzeko jendeen eraginaren ondorioz zirela espezieak hor, eta jendea kentzen bada espezieak kanbiatzen direla. Parke horien oinarrian den ideologia salatzen dut, erranez natura babestu nahi bada ez daitekeela babestu lekuan bizi diren jendeak kontuan hartu gabe eta lekuan bizi diren jendeen bizimoldeak eta egiteko manerak onartu gabe. Adierazgarri dira, alde horretatik, otsoari eta hartzari buruzko eztabaidak, bitarrak direnak. Ni alde, ni kontra, ni zuri, ni beltz... Bizia hori baino konplikatuagoa da. Lekukoen ikusmoldea ez bada zinez ulertzen eta elkarrekin ikusten, trenkatzen, ez dut pentsatzen goitik beherako babeste sistema horrek funtzionatuko duenik.
Klima aldaketak ondorioak ditu faunan ere. Nola ikusten dituzu ondorioak?
Migrazioan, adibidez. Erromatarrek pentsatzen zuten ainarak neguan lohian kukutzen zirela. Orain badakigu ez dela arras horrela, badakigu nora joaten diren. Intsektujaleak direnez, gutxiago dira; pestiziden ondorioz, bereziki. Gainera noiz arribatzen diren aldatzen ari da: denbora batean apirila zen, gero martxoa, eta orain otsailetik hasten gara ikusten. Badira gauza batzuk kezkagarriagoak direnak: litekeena da zenbait hamarkadaren buruan, eta beharbada lehenago ere bai, ez gehiago izokinik izatea Euskal Herrian, ezta beste leku anitzetan ere. Klima aldaketaren ondorioz, erreken tenperatura goiti doa, eta izokinek ur hotza behar dute —baina baita amuarrainek ere, bi espezie adierazgarri aipatzearren—. Ez ur hotza maite dutelako, baizik eta ur hotzean oxigeno aski baitute bizitzeko. Ura berotzen delarik, oxigeno maila apaltzen da, eta ez dira hor bizitzen ahal. Biziki sinplea da. Hemendik mende batera norbaitek liburu bat idazten badu Euskal Herriko faunari buruz, desberdina izanen da, dudarik gabe. Eta duela bi mende egindakoetan ere ez da gaur egungo fauna agertzen. Badira XIX. mendeko dokumentu batzuk —Iparraldeko faunaz, bereziki—, Folingo markesak eginak, eta orduko gauza batzuk guretzat harrigarriak dira. Gauzak aldatuz doaz.
Horrekin batera, jendeak naturarekin duen harremana ere aldatu dela diozu.
Egia erran, harritzen naiz. Orain zaharra naiz, laster 60 urte ditut, eta, beraz, mintzatzen ahal naiz zahar bat bezala. Belaunaldi berriek beren aisialdietarako kontsumitze behar bat badutela iruditzen zait. Ez dakit zinez hala den, baina hala dela sentitzen dut. Orain enpresa bat pagatu behar da zuhaitzetan ibiltzeko... Denboran, joko horiek normalak eta arruntak ziren haurrentzat. Orain ez ditugu uzten haurrak igotzen arboletara, arriskua badelako, min hartuko dutelako; pagatzen da, eta segurtasunean ematen dira enpresa baten bidez. Hori aldatu da. Adibide bat da.
«Hemendik mende batera norbaitek liburu bat idazten badu Euskal Herriko faunari buruz, desberdina izanen da, dudarik gabe. Eta duela bi mende egindakoetan ere ez da gaur egungo fauna agertzen»
Natura ere kontsumitzen dela, alegia.
Kanpoan egiteko aktibitateen inguruan masifikazio ikaragarri bat bada. COVID-19aren ondotik, Larhun, Mondarrain... ikaragarriak bilakatu dira. Zoologiko bat dira: ez animaliak ikusteko, baina jendeen aniztasuna ikusteko. Zenbat jende joaten den aktibitateak egitera mendira, futituz non egiten duten, lurraldeari buruzko interesik gabe, edo ttikiarekin bederen. Iduri du haien helburu bakarra dela argazkiak ateratzea, errateko: «Hori egin dut». Barkatu, baina Larhun ez du nehork egin, Larhun jenderik gabe ere hor zen. Manera horrek erakusten du kontsumitzaile jendarte baten kulturaren ondorio zuzena. Ez naiz oroit ttipitan entzunik «hau egin dut» edo «hori egin dut». Aldiz, «Izan naiz mendi horretan» entzuten genuen. Izan. Eta ez egin.
Kontsumitzaile eredu horretan sartzen delarik, jendeak pagatzen du, eta, pagatzen duelako, pentsatzen du eskubideak badituela. Pagatzen badute itsasontziz izurdeak ikustera joateko eta ez badituzte ikusten, kexu dira. Nola da posible zerbitzu bat pagatu eta zerbitzu hori ez ukaitea?... Biziki harreman ezkor edo faltsu bat sortzen da jendearen eta ingurumenaren artean. Ingurumena ez da usina bat, ez da hemen zapatu eta izurde bat ateratzen da... Horren emaitza da orain arte masifikatu ez ziren eskualde batzuetan jendea metatzen ari dela.
MOTZEAN
Animalia bat hautatzekotan, zein hautatuko zenuke?
Bakarra? Zozoa.Eta naturalista bat hautatzekotan?
Stephen Jay Gould. Paleontologo bat da, anitz idatzi duena eta pedagogoa dena biziki.Euskal Herriko leku bat?
Apainizeko lepoa.Natura behatzeko gomendio bat?
Paisaian gorde gabe gordetzea. Horrekin erran nahi dudana da paisaiarekin bat egitea.