Bonnat-Helleu museoko zuzendaria

Barthelemy Etxegoien Glama: «Louvre ttipi bat dugu Euskal Herrian»

Baionako Bonnat-Helleu museoa azaroan zabalduko dute berriz, hamabost urtez hetsirik egon ondoan. Barthelemy Etxegoien Glama izendatu berri dute zuzendari, eta nahi luke museoa «plazera» hartzeko leku izatea.

Barthélemy Etxegoien Glama, Baionako Bonnat-Helleu museoko liburutegian, martxoaren 6an. PATXI BELTZAIZ
Barthélemy Etxegoien Glama, Baionako Bonnat-Helleu museoko liburutegian, martxoaren 6an. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabost urteko itxialdiaren ondotik, azaroan irekiko dute berriz Baionako Bonnat-Helleu museoa. Otsail hondarrean hartu zuen zuzendari kargua Barthelemy Etxegoien Glamak (Donapaleu, 1992). Parisko Louvreko zuzendariaren kontseilari izandakoa da, eta, postua proposatu ziotenean, «naturaltasunez» onartu zuen. Etxegoienen erronka museoa «denena» dela sentiaraztea izanen da. Hego Euskal Herriko museoekin harremanak eraiki nahi ditu.

New-Yorkeko MOMAn eta Parisko Louvren aritu zara, eta orain Baionako Bonnat-Helleuko zuzendari izendatu zaituzte. Ibilbide aberatsa duzu... 

Oroitarazi behar da hemendik abiatu nintzela; Donapaleukoa naiz, Bastidan eta Hazparnen ikasi nuen ttipitan, eta hemen hasi zen arteen historiarekiko eta museoekiko dudan pasioa. Kolegioko irakasle batzuek transmititu zidaten zaletasun hori, eta ahalbidetu zidaten horren lantzea. Beste garai batzuk ziren, eta kolegioan ez genuen arteen historiarik lantzen; gai horiei buruzko interesa genuenok baliabide guti genuen. Hirugarrenean nintzenean, jakin nuen bazirela lizeo batzuk arteen historian berezituak, baina leku gutitan ziren. Bretainian den Joseph Savina lizeora bideratu nintzen, eta hor zinez komunitate artistiko trinkoa bazen, denek arteekiko pasioa genuen, biziki pizgarria zen. Lizeo garaiak erabat eraldatu nau. Gero, bide horretan segitu dut, eta, prestakuntza klasea egin ondotik, ENS eskolan sartu nintzen. Eta orduan dut ikastaro ederrak egiteko parada ukan; besteak beste, Parisko Louvre museoan, eta MOMAn, New Yorken, eta hor aritu naiz lanean gero. 

Zer ekarri dizute esperientzia horiek?

Baieztatu zidaten museoekiko nuen interesa. Enetako, museoek bi aspektu dituzte. Bata, biziki intelektuala, ikerketari lotua, arkeologiaz, arteen historiaz eta obrez gogoeta egiten duena. Eta, gero, bada zerbait biziki konkretua, biziki materiala, obrekin dugun kontaktuarekin. Museoak leku politikoak dira, eta eman nahi zaien zentzuari eta estrategiari buruz gogoetatzea ere biziki interesgarria izan zait. Ene ibilbidean zehar, bestalde, ikasketak AEBetan egiteko parada izan dut, eta gero, New Yorken lanean hasi nintzen ene arloan. Pandemia arribatu zen, eta hiri horrek zinez bortizki pairatu ditu ondorioak. Horrek pixka bat ene planak aldarazi ditu. Justu, ikusi nuen Laurence Des Car izendatu zutela Parisko Louvren. Tesi lana Louvreko bilduma batzuei buruz egina nuen, eta kontseilari gisa hartu ninduen; hor ibili naiz azken hiru urteetan. Bikaina izan da.

Eta gero jin da Bonnat-Helleuko proposamena. Nola?

Iazko urte bukaeran Jean Rene Etxegaraik proposatu zidan Bonnat-Helleu museoko zuzendaritza hartzea. Zinez interesgarria izan zait. Bihotzeko hautu bat izan da; azkenean Euskal Herrira itzultzeko parada. Nik uste dut euskaldunok ez garela nehoiz arrunt joaten. Bestalde, hautu naturala zen: Louvre eta Bonnat-Helleu museoen artean harreman biziki hertsiak badira. Postu honek barnebiltzen ditu enetako inportanteak ziren erronka anitz. Hautua ez da biziki zaila izan!

Hamabost urte daramatza hetsirik museo horrek. Kasik misteriotsua bilakatu da hor egiten dena... Zer duzue buruan?

Heldu den azaroko irekiera, besterik ez! Orain data bat badugu, eta badakigu hemendik zortzi hilabetera museo hau irekiko dugula. Baionarrei itzultzen diegu, baita Euskal Herriko komunitateari ere. Hori da ene perspektiba, eta gure indar guziak horretan ematen ditugu, baita gero eginen dugunean ere. Ez dugu bakarrik berriz ireki behar: denboran biziarazi behar dugu, zentzua izan dezan. Plazera hartzeko leku bat izatea nahiko nuke, jendea elkartzeko leku bat; baita artearen historian adituak ez direnentzat ere. Herritarrek gure lurraldean dugun bilduma miresgarri hau preziatzeko aukera izanen dute. Uste dut ene helburua hori dela, eta horrek du azken hamabost urteotan pilatu den misterio guzia desagerraraziko, baita frustrazio guziak ere.

«Herritarrek gure lurraldean dugun bilduma miresgarri hau preziatzeko aukera izanen dute. Uste dut ene helburua hori dela, eta horrek du azken hamabost urteotan pilatu den misterio guzia desagerraraziko, baita frustrazio guziak ere»

Zein dira bilduma horiek?

Maisulan handiak badira; adibidez, Jean-Auguste Ingresen La Baigneuse (1807); Francisco Goyaren Betaurrekodun autopotreta (1800); Pierre-Paul Rubensen zazpi zirrimarra... Artearen historia markatu duten obrak dira, zinez maisulan handiak, eta museo hau museo handi egiten dutenak. Zehaztu behar da, bestalde, Frantziako marrazkien bigarren bilduma ederrena izanen dela museo honetan; bakarra da Louvrekoaren ondotik Michelangeloren eta Rafaelen marrazkiak dituena. Zinez paregabeak dira marrazki horiek, eta aukera ikaragarria da hemen egotea. Marrazkiak ez dira behatzen tinduak bezala, eta horretan ere zerbait ekarri nahi diogu publikoari, irakurketa gakoak ukan ditzan.

Nolaz dira Baionan obra horiek?

Bonnat-Helleu museoari obrak eman dizkioten kolekzionatzaileek —adibidez, Leon Bonnatek— erabaki zuten Louvreri ematea, baina baldintza gisa emanez Baionan erakustea obra horiek. Horrek Baionako Bonnat-Helleu eta Parisko Louvreren arteko loturak gakotu ditu betiko. Louvre ttipi bat dugu Euskal Herrian, hemengo 2.500 bat obra baitira Louvreri emandakoak baina baionarrek garaian bilduak. Museo hau arrunt errotua da bere lurraldean, baina urrunera so egiten ahal du. Bidegurutze batean da, eta unibertso anitzen arteko loturak egiten ditu; museo polifonikoa da.

Zer leku izanen dute euskarak eta euskal kulturak?

Artearen historia markatu duten obra batzuk izateaz gain, tokiko artisten obrak ere baditugu, eta horrek du museoaren edertasuna egiten. Artista baionesen eta euskaldunen obrak baditugu; adibidez, Denis Exeberrirenak. Guretzat, erronka da erakustea euskal tinduak lekua baduela tinduaren historia okzidentalean. Hizkuntzari begira, euskarak lekua izanen du; seinaletikan eta museoaren euskarri guzietan. Euskarazko bisitak izanen dira, eta euskarazko programazio bat izanen da. Euskarak leku osoa izanen du. Museo hau Ipar Euskal Herriko museoa da, naturaltasunez hala delako, baina Euskal Herri osoko mapa kulturalean bere rola badu jokatzeko. Louvrerekin lotura naturala dugu, eta horrek Parisera begira jartzen gaitu, baina badugu, aldi berean, Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Guggenheimekin lotura bat, eta haiekin ere lan egiteko gogo handia dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.