Begirada altxatzean, usaiakoa bilakatu da ikusmiran liztor asiarraren habiak aldaxketan zintzilik ikustea. Azkarki emendatu da liztor asiarren populazioa Ipar Euskal Herrian azken urteetan. Duela guti arte, kostaldean zuten eraginik handiena, baina iaztik barnealdean ere desmasia handiak egiten dituzte. Erleek pairatzen dituzte kalterik handienak, hori baita liztor asiarren elikaduraren parterik handiena: %60.
Zientzialarien arabera, hirukoitzak dira eragiten dituzten desmasiak: ekonomikoak —erlezainentzat, batik bat—, ingurumenari lotutakoak —erleen populazioaren apaltzea—, eta osasun arlokoak, gizakiarentzat liztorren ziztadak biziki lanjerosak izaten ahal baitira. Iazko udazkenean, erlezain amatur eta profesionalek kolektibo bat sortu zuten liztor asiarren kontra egiteko; besteak beste, horiek harrapatzeko zepoak egiteko materiala banatzen diete herritarrei. Habiak ere xerkatzen dituzte, desegin ahal izateko: kentzen duten bakoitzeko, ondoko urtean 50 habia gutxiago izanen direla kalkulatzen dute.
Mikela Untsain azkaindar erlezain profesionalak esplikatu du liztorrek maila askotako kalteak eragiten dituztela erlauntzetan. «Uda partean, liztorra garatzen denean, bere janari nagusia erleak dira, bere umeak bazkatzeko. Uztailean eta abuztuan, beraz, bere habia hazteko erle anitz behar ditu elikatzeko, eta presio egiten du erlauntzetan. Liztor bat edo bi baldin badira, ez da funtsezko arazo bat, baina arazoa da liztor asiarrek ez dutela trabarik garatzeko, eta, mugarik gabe garatzen direnez, kofoin bakoitzaren aitzinean bost, hamar edo hogei izan daitezkeela. Presioa ezartzen die horrek erleei, eta, horren ondorioz, ez dira gehiago ateratzen ahal, preso dira barnean».
Biziki kaltegarria da hori: batetik, estres handia eragiten die erleei; bestetik, ezin direnez atera, negurako erreserbak ezin dituzte egin, ez janari aldetik, ezta negua pasatzeko beharrezkoa zaien populazioa handitzeko ere.
«Liztor asiarrek ez dute trabarik garatzeko, eta, mugarik gabe garatzen direnez, kofoin bakoitzaren aitzinean bost, hamar, hogei izan daitezke. Presioa ezartzen die horrek erleei, eta, horren ondorioz, preso dira barnean».
MIKELA UNTSAIN Erlezain profesionala
Izan ere, negua pasatzeko erlauntza batek bi gauza beharrezkoak ditu: janaria eta negurako erle kopurua handitzea. Liztorrengatik, ez dituzte baldintza horiek betetzen ahal, eta, gainera, beste fenomeno bat gehitzen zaio horri: erlauntzak ahultzen direnez, eritasun gehiago sartzen zaizkie. Barroa gehiago pairatzen dute, besteak beste. Beren odola xurgatzen duen parasito ttipi bat da barroa. Horiek horrela, «erleak gosez, populazio eskasez, eta eritasunez hiltzen dira liztor asiarrengatik», laburbildu du Untsainek.
Garapen handia
Asko garatzen ari da liztor asiarra Ipar Euskal Herrian. Joan den urtera arte kostaldean ageri ziren kalteak batik bat, baina, iaztik barnealdean ikaragarri emendatu da haien presentzia. «Mundializaziorengatik» sartu zen Ipar Euskal Herrian, Untsainen ustez. «Denda kate handi batek Asian ekoiztutako loreontzi batzuetan sartu ziren, eta Ipar Euskal Herrian klima on bat dute garatzeko, eta bazka nahi bezainbat».
Eliane Ranedo ofizioz marexala da, eta erlezain amaturra aisialdian, eta esplikatu du liztor asiarrek ez dutela harrapakaririk Ipar Euskal Herrian, eta, horregatik, naturalki erregulatu ordez esponentzialki garatu direla. «Duela hogei bat urte arribatu ziren, eta kalte handiak eragin dituzte, erlezainentzat, mahastizainentzat, baita fruitu arbolak dituztenentzat ere. Arazo handia da biodibertsitatearentzat».
Zehazki, Untsainek kalkulatu du erlauntzen erdia galtzen duela liztor asiarrengatik. «Arazo larri bat da, urte guztiz taldearen erdia edo gehiago galtzen baitugu. Erran nahi du dena berriz hasi behar dugula; zaila da bai ekonomikoki, bai moralki, baita fisikoki ere». Frantziako Gobernuak laguntza batzuk ezarriak ditu, baina ez dira liztor asiarraren kalteei lotuak. Dena den, argi du aterabidea ez dela «hortik jorratu behar», arazoaren aterabidea «ez baita laguntza baten bidez jinen».
«Joan den urtean hamar kofoinetatik sei galdu nituen, eta aurten, hiru. Zepo anitz ezarri ditut; beraz, pixka bat hobeki atera naiz, baina anitz denbora hartzen du, eta erleak beti zaindu behar dira».
MONIQUE ITSASA Erlezain amaturra
Ondorio gaitzak pairatu ditu Monique Itsasa Urruñako erlezain amaturrak ere. «Joan den urtean hamar kofoinetatik sei galdu nituen, eta aurten, hiru. Zepo anitz ezarri ditut aurten; beraz, pixka bat hobeki atera naiz, baina anitz denbora hartzen du, eta erleak beti zaindu behar dira».
Arazoa ikusirik, Ipar Euskal Herriko erlezainek kolektibo bat muntatzeko beharra ikusi zuten, eta kolektiboaren parte dira hirurak. Ranedok kolektiboa eskasia batetik abiatu zela erran du: «Frantziako Gobernuak ez du liztor asiarraren kontrako borroka plan berezirik. Ez da ikerketa zientifiko handirik jakiteko zinez nola egin behar zaion kontra. Erlezainok elkarren artean mintzatuz ikusten dugu zerk funtzionatzen duen, zerk ez, eta elkarlana errazteko bide bat da kolektibo hori». Erlezainek pairatzen dituzte ondoriorik kaltegarrienak, baina nahiko gutxi dira, oro har. Gainera, erlezainetan %70 dira amaturrak, eta %30 baizik ez dira profesionalak. «Laborantza arlo bakarra da hori horrela dena», Untsainen hitzetan.
Zepoen banaketa
Sortu duten kolektiboaren zereginetako bat liztor asiarrak harrapatzeko zepoak egiteko materiala banatzea da. Horretarako, herriko etxe batzuekin harremanetan sartu dira, eta, besteak beste, merkatuetan zepoen tapak urririk banatzen dizkiete herritarrei. Erraterako, martxoaren 9an hasi zen zepoak ezartzeko kanpaina, eta maiatzera arte iraunen du. Garai egokia da, liztor asiar erreginak orain ari baitira hibernaziotik ateratzen. «Liztor erreginek negua lur azpian pasatzen dute, eta horiek bakarrik bizirauten dute habietatik. Helburua da zepoetan horiek biltzea, datorren sasoiko habia kopurua apaltzeko», esplikatu du Ranedok. Inportantea da zepoak maiatzean kentzea, bestelako intsektuak harrapatzea saihesteko; izan ere, hortik aitzina liztor asiar erregina habia egileak ez dira gehiago ateratzen.
«Liztor erreginek negua lur azpian pasatzen dute, eta horiek dira habietatik bizirauten duten bakarrak. Helburua da zepoetan horiek biltzea, datorren sasoiko habia kopurua apaltzeko». ELIANE RANEDOMarexala eta erlezain amaturra
Zepo ahal bezain eraginkorrak egiteko, liztor asiarraren funtzionamendua ikertzea beharrezkoa ikusten du Ranedok. «Horiei buruzko ikerketa zientifikoa falta da. Haien inbasioa garaitu nahi badugu, jakin behar dugu zehazki nola bizi diren, eta bizitzeko zer baldintza behar dituzten. Horien ahuleziak ezagutu behar ditugu». Egungo zepoen arazoa da ez direla guztiz «selektiboak»; hots, ez dituztela liztor asiarrak bakarrik biltzen, beste intsektu batzuk ere erakartzen dituztelako. «Ahal bezain selektiboak izan daitezen alkohola ezartzen diegu», zehaztu du Ranedok.
Erraterako, Frantziako natur zientzien museoa ez da zepo horien aldekoa, ez baitira aski selektiboak. Ranedok argumentua ulertzen du, baina, justuki, horren aterabidea liztor asiarrei buruzko ikerketak egitea dela uste du, horiek bakarrik harrapatuko dituzten zepoak garatu ahal izateko. Zepoez gain, Untsainek ekintza gehiago egin daitezkeela pentsatzen du. Batetik, habiak desegitea posible da, eta geroz eta enpresa gehiago arduratzen dira horien suntsitzeaz; batez ere, etxebizitzetatik hurbil direnean. Baina bada beste manerarik ere: «Makina berezi bat bada liztorrak markatzeko. Horrek ahalbidetzen du segitzea, eta habien kartografia bat egitea, gero, desegiteko». Zepoak egitea «ez da aski», Untsainek dioenez. Ranedok ere hala uste du: «Suhiltzaile batzuk bezala ari gara lanean, sua piztu ondotik heldu gara».
50Desegindako habia bakoitzeko habia gutxiago. Liztor habia bat deseginez gero, ondoko urtean 50 liztor habia gutxiago izango direla kalkulatzen dute erlezainek, erregina habia egileek garatzeko dituzten gaitasunen arabera.
Monique Itsasak adierazi du merkatuetan herritarrek interes handia erakusten dutela zepoak ezartzeko. «Jende anitz trabatua da liztor horiekin, eta franko interesatuak dira zepoak ezartzeko». Zepoak banatzeaz gain, segipen fitxa bat ere banatzen dietela erran du, gero harrapatu dituzten liztor kopuruaren bilan bat egin ahal izateko. Prebentzioa beharrezkoa delakoan da Itsasa, eta, horretarako, eskoletan ere interbentzioak egiten ditu.
Zepoak egiteko plastikozko botilak berriz erabil daitezke, kolektiboak banatzen duen tapa berezi bat ezarriz, baina tapa berezia gabe egitea ere posible da. Gero, nahasketa egiteko alkohola ezarri behar da —ardoa edo garagardoa— eta granadina. Hamabost egun guziz aldatu behar da nahasketa, baina gomendatzen dute harrapatutako liztor bat edo beste uztea, usaina erakargarria baita. Kokapenari buruzko zehaztapenak eman ditu Ranedok: metro bat eta erdiko goratasunean ezarri behar direla, «erlauntzetatik edo fruitu arboletatik hurbil, baita aitzineko urtean egin dituzten habietatik hurbil ere».