Frantziako Osasun eta Medikuntza Institutuaren arabera (INSERM), hamar emaztetik batek endometriosia pairatzen du. Eritasuna «ahalik eta goizena» detektatzeko, listu testak plantan eman zituzten Frantziako Estatuan. Ipar Euskal Herrian, heldu diren asteetan, Baionako Belharra klinika hasiko da listu bidezko frogak zabaltzen.
Endometriosia eritasun ginekologikoa da. Umetokitik kanpo diren mukosa batzuen lesioek eragiten dute eritasuna, eta endometriosi kasuen erdiak tronpen gaineko lesioengatik direla zehaztu dute INSERMko datuek. Ohiko sintometan, hilabetekoen denboran mina izatea da endometriosiaren adierazleetarik bat, baina INSERMek azpimarratu du endometriosia asintomatikoa izan daitekeela.
Endometriosiaren jatorria ezezaguna bada ere, Zoe Husson Belharra klinikako ikerketa arduradunak esplikatu du oraino «gaizki» ezagutzen dela eritasuna. Haren erranetan, hilabetekoetako odol menstruala tronpetara hel daiteke eta lesioak eragin ditzake. Hiru endometriosi bereizi ditu ikerlariak. «Ohiko kasuak» zein diren esplikatu du Hussonek. Obarioetako endometriosia da horietarik bat: obarioen gainean kiste batzuk sortzen dira, eta Belharrako kideak zehaztu du hortik endometriosia garatzen ahal dela. Horrez gain, pelbiseko endometriosia sakoneran diren lesioek eragiten dute. Hain zuzen ere, peritoneoaren azpiko partean diren lesioek eraginikoa da endometriosi mota hori, eta hainbat organo hunki ditzake; errate baterako, uteroko lotailuak, hertzeak, bagina eta bixika. Endometriosiaren aldaera «arraroak» ere badirela erran du Hussonek; pelbisetik kanpokoak izaten dira, eta diafragman eta bularraldean aurki daitezke.
«Listu bidezko frogak ongi izanen dira endometriosia ahalik eta goizena detektatzeko. Ondotik, tratamendu egokia ematea beharrezkoa ikusten dut, testek ez baitute mediku artatzea ordezkatzen» ZOE HUSSONBaionako Belharra klinikako ikerketa arduraduna
Eritasuna diagnostikatzeko guti gorabehera zazpi urte behar direla jakinarazi du Belharra klinikako ikerketa arduradunak. «Luzea, biziki luzea» izan ahal dela kontatu du. Diagnostikorako denbora murrizteko, ARNren sekuentziazioan oinarrituriko testak esperimentatzen hasiko dira Belharra klinikan. Ikerketa arduradunak azpimarratu du Frantzian bi ikerketa kliniko egin ondotik, listu testak «eraginkorrak» eta «ahalmen handikoak» direla. Orain, Baionako aipatu klinikan ikerketa independente baten emaitzen zain dira testak zabaltzen hasteko.
Susmoa baieztatu
Testak jasoko dituzten emazteek endometriosiaren «begi bistako» sintoma guziak dituzte, baina erradiografian, endometriosiaren arrastorik ez. «Endometriosiaren sintoma guziekin diren emazteak izanen dira listu testen lehen pazienteak. Eritasuna ukaiteko susmo handia dute: min kronikoak, pelbis inguruko minak eta hilabeteko mingarriak dituzte. Erradiografia egitean, ordea, ez zaie endometriosi arrastorik ikusten».
Listu bidezko testen helburua diagnostikorako tartea zazpi urtekoa izan ordez «hamar egun ingurukoa» izatea da. Belharra klinikan emanen dituzten testek eritasuna detektatzeko «denbora galtzea» irauliko duela segurtatu du ikerleak. Gainera, eritasuna atzemateko listu testak urririk izanen dira pazienteentzat, Gizarte Segurantzak diruztatuko baititu.
Halere, Hussonek nabarmendu du testek ez dutela endometriosiaren kontrako tratamendua ordezkatzen. «Listu bidezko frogak ongi izanen dira endometriosia ahalik eta goizena detektatzeko. Ondotik, tratamendu egokia ematea beharrezkoa ikusten dut, testek ez baitute mediku artatzea ordezkatzen».