Liburuak, komunitatea biltzeko

Literaturaren inguruan komunitate bat biltzeko sortu zuten La Grande Illusion liburu denda Hendaian. Geroztik, karabanak lortu dituzte, eta liburu denda ibiltaria egiten dute Lapurdin. Gainera, elkarte bat badute ekintza kulturalak egiten laguntzeko.

La Grande Illusion
Clemence Cireau, La Grande Illusion liburu dendaren karabanan, Hendaian, iaz. HITZA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko martxoaren 2a
01:10
Entzun

Liburuen, literaturaren eta irratiaren inguruan komunitate bat sortzea izan da betidanik Clemence Cireau eta Mario Bomparten ametsa. Euskal Herrira jin ziren orain dela hiru urte, eta beren proiektua gauzatzeko lekua atzeman zuten Hendaiako herri erdi-erdian. Leku nahiko ttipia da, baina behar bezala antolatua: La Grande Illusion liburu denda ireki zuten 2021ean, eta, ondoan, laguntzaileek elkarte bat osatua dute, berrehun kidekoa. Elkartearen bidez, ekintza kulturalak egiten dituzte, eta uste dute literaturaren inguruko komunitate bat sortzea lortu dutela. Gainera, bi karabana eskuratu dituzte, eta horiekin Lapurdin barna bidaiatzen dute literatura jendeengandik ahal bezainbat hurbiltzeko. Antolatzen dituzten ekitaldi guziak grabatzen dituzte, podcast bidez hedatzeko. 

Michael Ribaira eta Aintzane Lasarte hendaiarrak liburu dendari lotua zaion elkarteko kideak dira, eta lekua biziarazteko hainbat aktibitate proposatzen dituzte. «Oso zaila da Hendaian komertzio bat atxikitzea, baina badu bi urte eta erdi Clemence eta Mario horretan ari direla, eta gure ardura ere bada sortzen duten hori bizirik atxikitzea», erran du Ribairak. Finean, liburu denda «topagune» da hendaiarrentzat, eta, oro har, literaturazaleentzat. Lasartek gehitu du publikoari «egokitzen» zaiola La Grande Illusion denda, Hendaiako «berezitasunei» egokitzen baitzaie. «Hendaia mundu anitzen elkargunea da, mugan da, hiru hizkuntza hitz egiten dira, eta hirurek badute lekua gune honetan», erran du. Proportzioan euskarak hiztun gutxiago izanik ere, euskarazko eskaintzari —bai liburuetan, bai proposatutako jardueretan ere— «leku handia» ematen diote, Ribairaren arabera.

La Grande Illusion
Hendaiako La Grande Illusion liburu dendako laguntzaile Michael Ribaira eta Aintzane Lasarte, dendan bertan, otsailaren 12an. O.T.K

Betiko xedea «kulturgune» bat sortzea zuen Cireauk. Ikasketaz liburuzaina da, eta, ekonomikoki modelo «hauskorra» izanda ere, egungo egunean «funtzionatzen» du muntatu duten liburu dendak. «Liburuak denetarako aukera ematen du, ate guziak zabaltzen ditu, eta, horri esker, edozer egiten ahal dugu. Literatur saioak egiten ditugu, idazleak ekarrarazten ditugu, ikasleentzako tailerrak, kontzertuak...», zerrendatu du. Harentzat, liburu dendak balio du gune kulturalari «independentzia» emateko, hortik lortzen baitira diru sarrera nagusiak, eta manera ematen baitio ez hain lotua izateko diru laguntzei. 

Karabanak noranahi

Proiektua ez datza Hendaia erdian duten liburu dendan bakarrik: Cireauk eta Bompartek hainbat proiektu garatu dituzte bi karabanarekin. Karabana batekin, liburu denda ibiltari bat egin dute, eta leku batetik bestera mugitzen dira «literatura jendearengana ahal bezainbat» hurbiltzeko, Cireauk erran duenez. Merkatuetara, festibaletara eta herriko plazetara joan izan dira, besteak beste. Ribairak azaldu du karabanaren inguruan sortzen den giroak «literaturaren eta kulturaren inguruan partekatzeko topagune» bat eskaintzen duela.

«Liburuak denetarako aukera ematen du, ate guziak zabaltzen ditu, eta, horri esker, edozer egiten ahal dugu»CLEMENCE CIREAUHendaiako Le Grande Illusion liburu dendako jabea

Beste karabanak soinu teknikarako materiala badu, eta ikastetxeetara joaten dira horrekin; gehienik, ikasleekin podcast proiektuak egiteko. Cireauren bikotekidea da Mario Bompart, eta soinu teknikaria eta irratilaria da. Hark eramaten du soinuari lotua den proiektu oro, eta liburu dendan eta karabanen inguruan antolatzen dituzten kontzertuak eta mintzaldiak grabatzen ditu, gero irrati bidez zabaltzeko. Cireauk, batez ere, literaturaren inguruko tailerrak egiten ditu ikasleekin, eta aukeraz baliatzen da maiz idazleak gonbidatzeko.    

Berriki, Hendaiako Aizpurdi lizeo profesionalarekin proiektu bat egin dute argazkilaritzaren inguruan. «Helburua zen liburu dendako album batzuk hautatzea eta gero horietako argazkiei buruzko aurkezpenak egitea. Horiek grabatu ditugu, eta soinu banku bat sortu», esplikatu du Cireauk. Aldi berean, idazketa tailer bat egin du ikasleekin. Aitortu du egungo egunean proiektu pedagogikoekin dutela finantzaketa handiena lortzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.