Libreplumeko langilea

Ana Imaz: «Liburua aisialdiarekin lotzen entseatzen gara»

Imazek animazio tailerrak egiten ditu Libreplume elkartean, euskaraz, eta uste du galde gero eta handiagoa dela. Haur literaturari eskolatik kanpoko leku bat ematen saiatzen dira.

(ID_17210411898125) (/EZEZAGUNA) Ana Imaz, Libreplume elkarteko langilea eta ilustratzailea
Ana Imaz, Libreplume elkarteko langilea, Baionan. HITZA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko uztailaren 21a
05:00
Entzun

Animazio ikasketek eraman zuten Ana Imaz (Urruña, 1996) haur literaturaren mundura. Orain, Baionako ZUP auzoan kokatua den Libreplume elkartean egiten du lan, eta euskarazko tailerrak proposatzen ditu adin guzietako haurrentzat. Euskarari buruzko gogoetak ukaitera eraman du egindako bideak, eta uste du euskaldunek «karga mentala» handiagoa dutela, euskararen lekua defendatu behar baitute beti. Imaz ilustratzaile lanetan hasi da berriki, eta gogoetak marrazki bidez plazaratzen ditu.

Zer da Libreplume elkartea?

Haur literatura sustatzen duen elkarte bat da, eta baditu hiru helburu nagusi: haur literatura eta sortzaileak sustatzea, kultura idatzitik urrunago den publikoarengana hurbiltzea, eta eskolagabetasunaren kontrako prebentzioa egitea. Oro har, haurrentzako eta burasoentzako tailerrak proposatzen ditugu liburuen inguruan.

Zerk eraman zintuen zu haur literaturaren mundura?

Beti maitatu izan ditut biziki liburuak, istorioen mundua, musiken mundua eta, bereziki, kantua. Elementu horiek ene baitan ditut. Ene ikasketak animazioaren arloan egin nituen, eta, Libreplume elkartea deskubritu nuelarik, pentsatu nuen enetzat egina dela. Ikastaroa han egin ondoan, postu bat libratzea goaitatu, eta han hasi nintzen lanean. Pixka bat logikoa zen, ene gustuak eta ene ibilbidea ikusirik.

Euskarak eta euskal literaturak zer leku dute Libreplumen?

Euskarazko tailerrak proposatzen ditugu, baina, nahiz eta saiatzen garen euskarari toki garrantzitsu bat uzten, ez da beti erraza oreka atzematea; lau langile gara, eta euskaldun bakarra ni naiz. Giza baliabideen aldetik, jadanik, bada desoreka bat. Ez du kentzen elkartearen eta langile guzien xedea dela euskara sustatzea: urte osoan euskarazko tailerrak proposatzen ditugu gure lokalean, baita gure festibalaren karietara ere, euskarari leku garrantzitsu bat egiten saiatuz. Baina, nahiz eta elkartean sustengatu nahi den euskara, errealitate bat da euskaldun guti delarik ez dela beti erraza horren gauzatzea. Nolanahi ere, partaide ditugun egituretan, haurtzaindegietan eta eskoletan, galde gero eta gehiago bada, eta uste dut horrek laguntzen gaituela euskararen tokiari zilegitasun bat ekartzen.

«Nolanahi ere, partaide ditugun egituretan, haurtzaindegietan eta eskoletan, galde gero eta gehiago bada, eta uste dut horrek laguntzen gaituela euskararen tokiari zilegitasun bat ekartzen»

Erran duzu eskolagabetasunaren kontrako prebentzioa egiten duzuela. Nola?

Guk prebentzioan lan egiten dugu: gurasoekin eta nini sortu berriekin sentsibilizazio lana egiten dugu. Adibidez, PMI Haurren eta Amen Geriza egiturekin aritzen gara anitz, irakurketak eginez liburuaren inguruko erronkak aurkezteko. Bestalde, bagoaz jende ibiltariengana, haien errealitatea baita eskolarekin harreman guti dutela, eta, beraz, liburua haien mundura ekartzen saiatzen gara, ez baitute baitezpada egunerokoan harremanik liburuekin. Azken finean, liburua aisialdiarekin lotzen entseatzen gara.

Ttipitik maitatu izan duzu marraztea, eta, azken urteetan, ilustrazioak egiten eta merkatuetan saltzen hasi zara.

Nik betidanik maitatu izan dut marraztea, baina aski episodikoa da: batzuetan gelditzen naiz luzaz, gero berriz hasten naiz... Uste dut marrazkia beti maite izan dudala istorioak kontatzeko, maite baitut marrazkia hitzekin lotzea. Duela aspaldi nahi nuen ene gelatik egiten nuenetik atera; ez da erraza izan zilegitasuna atzematea eta pentsatzea sortzen nuenak balioa bazuela.

Hain zuzen ere, sare sozialetan ilustrazio bat partekatu duzu euskarari buruzko gogoeta batekin. Zer du oinarrian?

Euskaldunak garelarik, beti behar dugu besteei egokitu, eta, azkenean, karga mentala da guretzat; ez dugu arnasgune finkorik euskaraz bizitzeko nahi dugun bezala. Pentsatzen dut euskaldun guziek inkontzienteki gure baitan dugun zerbait dela hori. Orain, lanean, eta lanetik kanpo ere bai, sentitzen dut beti behar dela euskararen lekua defendatu, ez dela sekula irabazia. Gehienetan ez da gure kontra egiteko, baina erdaldunak beren erosotasunean dira, eta ez dira ohartzen badela beste errealitate bat beren ondoan. Horri buruzko eztabaidak ukan ditut lehen ere, eta, garaian, beti erraten nuen erdaldunak integratu behar genituela, esplikatu behar genizkiela gauzak... Baina orain ohartzen naiz ezetz, ez dela egia: erdaldunak ez dira egokitzen, eta haiei dagokie egokitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.