Prentsaurrekoetan ibiltzen diren lankideek anekdota interesgarriak ekarri dizkidate egun hauetan. Herriko etxe batek, euskararen alde ematen dituen pauso positiboei esker lortu duen ziurtagiriaren berri emateko, prentsa gomitatu zuen. Bai, baina frantsesezko aurkezpenak luze iraun du. Kazetari batek, estonatu aire batekin, bere kexua agertzeko eskua altxatu, aurkezpena moztu eta ohartarazi die agian arazo bat bazela hor. Bai, baina euskara ez dakiten kazetariek ulertu behar dute zertaz ari garen. Zenbat aldiz gertatu zaigu erdaldunak uler dezan euskara baztertzea, ohartu gabe zapaltzailearen jokoan ari ginela? Bai, baina.
Beste prentsaurreko batean, euskal hitza bere izenari lotua duen gune batean, hemen ere kontent, liburuxka bat aurkezten ari dira. Oharra atera da hor zen entzule batengandik: «Zergatik artikulu bakarra euskaraz, frantsesezkoak hamarnaka badira eta zu euskararen ordezkari bazara? Ez dea arazo bat hemen?». Gertakaria arrunt laburbiltzen dut. Galdekatua harrapaturik, sesiturik gelditu da. Iduri zuen oharra ukan aitzin ez zela ohartu ere euskaraz idazten ahal zuela. Euskaraz idatzi beharko zuela.
Bai, baina hari frantsesez idaztea eskatu zioten.
Euskaldun hori buruko minarekin sar zitekeen etxera, zapalduaren rola ongi gorpuztua zuela ohartu zelakoan. «Euskal» egituraren buru zenak, aldiz, harriturik ziren euskal kazetariei hala erantzun zien: «Japonieraz ere hasiko gara itzulpenak egiten?! Pentsa zenbat diru eman behar litzatekeen itzulpenarentzat!». Prentsaurrekoan ziren kazetari guztiak euskaldunak ziren; erdaraz egin aurkezpenetik etsiturik sar zitezkeen erredakziora. Zuzendari frantximanta, aldiz, lasaiki sartuko zen etxera, bere lana ontsa eginik.
Gure hizkuntzak museo baterako balio badu, karrikan ez da biziko. Eta guk ez badiegu oroitarazten hizkuntza bizi dela, euskara lepoko edergarri gisa eramanen dute. Bai, baina lepokoa biziki polita da. Bai, baina.