Mundu minimalistak eta mundu fantastikoak uztartzen ditu marrazkietan Amaia Karrerek (Baiona, 1997). 2022an, Ttinka liburua atera zuen, Arantxa Hirigoien eta Philippe Alborrekin batean. Hain zuzen ere, marrazkietara egokitu zituen Hirigoienek eta Alborrek sorturiko kontakizunak eta musikak. Azaroan, berriz, Ilunabar komiki «minimalista» karrikaratu zuen diru bilketa bat egin ondotik. Umore absurdoa, marrazkigintza eta kosmos fantastikoa nahasten dituela esplikatu du Karrerek.
Nola murgildu zinen marrazkigintzan?
Haurrean etengabe untxiak marrazteko joera nuen. Betidanik marraztu dut, eta, baxoaren ondotik, Artearen Historiako lizentzia egin nuen. Ikasketa denboran garbiketa lanak egin nituen, eta ohartu nintzen marrazteko gogoa nuela etengabe, eta nihauren buruan pertsonaiak sortzen nituela.
Sortzeko beharra sentitu zenuen.
Bai, hala da. Gidoiak eta marrazkiak egiteko nahia nuela ikusita, Bruselara joan nintzen komiki ikasketen egitera. Han nintzelarik, Arantxa Hirigoienek deitu zidan Ttinka liburuaren proiektuan parte hartzeko. Azterketak eta liburuaren sorkuntza uztartzeak zinez akitu ninduen.
Nolakoa izan zen Ttinka sortzeko prozesu artistikoa?
Lehenik, Arantxak idatzi zituen testuak irakurri, eta liburuan txertatuak diren Philippe Alborren kantu batzuk entzun nituen. Ondotik, pertsonaia bat sortu nuen kantuen arteko lotura egiteko. Bestalde, kantuen arabera sortzen nituen paisaia batzuk; hobeki erranik, lekuak asmatzen nituen.
Testuak marrazkietara egokitu zenituen orduan.
Bai. Batzuetan testuak interpretatu behar izan nituen marrazkien sortzeko. Baina beste batzuetan, testuetako elementuak biziki begi bistakoak zirenez, zuzenean sortzen nituen marrazkiak.
Ttinka argitaratu ondotik, zer proiektutan murgildu zinen?
Taldekako Xilabako ilustrazioa sortu nuen, besteak beste. Ttinka argitaratu ondotik, zilo batean sartu nintzen hein batean, ez nuen proiektu zehatzik, eta, justuki, zilo horretan sortu zen Ilunabar sortzeko eta argitaratzeko proiektua. Zinta batzuk igorri nizkien argitaletxe batzuei, baina ez zizkidaten onartzen.
Nola definituko zenuke Ilunabar, zure azken komikia?
Minimalista da. Indarra eta arreta elkarrizketetan ezarri ditut osoki. Pertsonaia psikologikoak sortu ditut komikian.
Arrakasta ukan du liburuak?
Orokorki, bai. Diru bilketa bat egin nuen liburua inprimatzeko. 150 ale atera nituen, eta guziak saldu ditut. Ongi baldin badoa, segida bat eman nahi nioke Ilunabar-en kontakizunari.
Zer kontatzen du?
Ez da erraza. Umore absurdoa da Ilunabar. Istorio laburrak dira, eta eguneroko biziko portaera batzuk aipatu nahi nituen. Zerbitzariaren eta bezeroaren arteko indar harreman bat erakutsi nahi nuen, adibidez, lehen istorioan. Hutsetik edo gauza sinpleetatik abiatuz sortu dut kontakizuna.
Marrazki minimalistez gain, marrazki fantastikoak egiten dituzu. Zer duzu nahiago?
Jakin behar duzu zer nahi duzun kontatu. Ilunabar pertsonaien arteko elkarrizketetan oinarritzen denez, marrazki minimalistak egitea erabaki nuen, irakurleak zuzenean mezura jo dezan. Mundu fantastiko bat marraztu nahi badut, berriz, detaile gehiago sartzen ditut, irakurlea unibertso batean sartzeko.
Zertan bereizten dira kosmos fantastikoa eta mundu minimalista?
Enetzat, zailagoa da marrazki minimalistak egitea, mezu zehatz bat behar baituzu transmititu. Mezuak zehatza izan behar du irakurlea ez enoatzeko, eta, aldi berean, ez du hutsegia izan behar. Lortu behar da eraginkorra eta zuzena izatea. Marrazki fantastikoan, berriz, ez naiz bortxaz idazkeran kontzentratuko, baizik eta mundu bat sortzean gauza harrigarriak baliatuz. Desberdina da, zinez.
Estilo fantastikoan zer sortu duzu orain arte?
Mementokotz, ez dut deus argitaratu baina etxean sortu ditut gauza batzuk. Euskal mitologiari buruzko lan bat egin nahiko nuke. Baionako Biltxokon maiatzean izanen den erakusketa baterako lanean ari naiz, Amaia Oillarbururekin batera. Hortik landa, nahi nieke estilo fantastikoan zerbait proposatu argitaletxeei.
«'Ilunabar' lehenik frantsesez sortu nuen, komiki festibal batetik deitu baininduten. Hortik landa, euskarazko bertsioa sortu nahi nuen, euskarazko umorea txertatu nahi bainuen kontakizunean»
Jendeak zer nahiago du?
Bi publiko dira. Marrazki minimalistak erakargarri dira helduentzat. Haurrek eta gazteek, oro har, mundu fantastikoa nahiago dute, maite dute bertan murgiltzea. Lehen begiradan, mundu minimalista deigarriagoa da fantastikoa baino.
Komikiez gain, logoak ere egiten dituzu.
Ez naiz batere ona logoak egiten. Logoak egitea biziki enoagarria da. Zaila da, egia erran, ideia on eta egoki bat behar baituzu atzeman. Dentista bati egin nion logo bat, eta horrelako lan bat ezin da fantasiazkoa izan. Profesionala eta zuzena izan behar duzu. Deprimitzen nau logoak egiteak.
Taldekako Xilabako logoak askatasun handiagoa utzi zizun?
Bai, baina, normala denez, irizpideak bazituzten. Ni proposamen batzuekin joan nintzen, egokiena zitzaiena hautatu zuten, eta prozesua martxan ezarri nuen. Enetzaz ez zen biziki erraza izan, baina prozesu zinez polita izan zen.
Bestalde, marrazki batzuk sortzen dituzu ikastetxeentzat.
Sexu heziketan erabiliko dituzten marrazki batzuk sortzen ari naiz Hendaiako kolegio batentzat. Biziki maite dut, pertsonaiak sortu eta umorearekin uztartzen baititut. Iruditzen zait transmisio lan hori bikaina dela.
Zer garrantzi du zuretzat euskaraz sortzeak?
Pertsonaiak euskaraz mintzatzen ikusi nahi nituen. Ilunabar lehenik frantsesez sortu nuen, komiki festibal batetik deitu baininduten, eta frantsesez izan behar zuen kontakizunak. Hortik landa, euskarazko bertsioa sortu nahi nuen, euskarazko umorea txertatu nahi bainuen kontakizunean. Satira moduko bat sortu nahi nuen euskaraz.
Azken finean, zure obrei euskarazko umorea txertatu diezu?
Bai. Oro har, pentsatzen dut badela umore frantses bat eta euskal umore bat. Belgikan nintzelarik eta marrazkiak sortzen nituelarik, ezin nuen gure umorea txertatu, eta hori falta zitzaidan.
MOTZEAN
Logoak egin, ala komikiak sortu?
Ez diezadatela gehiago sekula logorik galdegin!Euskaraz edo frantsesez sortu?
Nire sortzeko gogoaren arabera. Ez da batere umore bera batean ala bestean.Mundu minimalista ala fantastikoa?
Biak.Euskal umorea edo umore frantsesa?
Ufa! Euskalduna naiz, eta euskal umorea biziki maite dut, baina umore frantsesa ere kontsumitzen dut. Ezin ditut bereizi.