Departamenduko laborantza ganbarako bozetan, hilabete hondarra arte laborantzako langileek gogoko duten sindikatuaren alde bozkatzen ahal dute. Hauteskunde hauek oihartzun handia dute hedabideetan. Zernahi eztabaida, elkarrizketa eta mintzaldi segi ditzakegu garai honetan, baina denak joare soinu berekoak ororen buru. Nekazariena, nagusia.
Eia, eia, eia, eia, norbait kanpoan ote da? Langileak, enplegatuak. Eztabaidetatik, elkarrizketetatik eta mintzaldietatik kanpo dira.
Departamenduko ganbarako ordezkariek laborantzako asegurantza sozialari (MSA) afiliatuak diren langileak ordezkatzen dituzte. 34 ordezkari biltzen dira orotara, eta haietarik seik langile enplegatuak ordezkatzen dituzte. Konparazione, nagusiek hemezortzi ordezkari dituzte.
Laborariek beren lanaz duinki bizitzeko eskubidea eta laborantza herrikoiaren defentsa erronka nagusiak dira. Baina aldarrikapen horiek eskutik joan behar dute Euskal Herriko 3.500 enplegatuen lan baldintza onen bermearekin. Nekazaritza ekoizpenean zein zerbitzuetan lanean ari direnei baldintza duinak segurtatu behar dizkiegu: lan ordu guzien aitortza, herrian bizitzea ahalbidetzen duen lansaria, arrisku profesionalen prebentzioa, formakuntza eskubidea. Sasoilarien harrera ona.
Laborantza herrikoiaren etorkizuna hemen erabaki behar dela denentzat bistakoa dirudien arren, langileen aldeko negoziazio kolektiboaren auzia hor txertatzeko garaia da. Erabateko burujabetzaranzko beste urrats bat bezala.
Eia, eia, eia, eia, norbait kanpoan ote da? Langileak baldin badira, barnera sar daitezela.