Lanean hiltzea ez dadin errepika

Duela bi urte Mohamed Kichouhi garabi gidaria hil zen Baionan. LAB, CGT, FSU eta SUD sindikatuek eta Baionako Bergeret kaiko auzotarrek omenaldia egin zioten Baionan, larunbatean. Auzien esperoan dira oraindik.

Mohamed Kichouhi langilearen laneko istripuaren oroitzeko omenaldia
Mohamed Kichouhi langilearen laneko istripuaren oroitzeko omenaldia, iragan larunbatean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Burdin sareek babesten dute obra egiteko lekua, eta noizbait gorri izana den arrosa zimeldu bat ageri da hesietan korapilaturik, plastiko batek babesturik. Baionako Bergeret kaiko 22. zenbakian duela bi urte zendu zen Mohamed Kichouhi garabi gidaria omentzeko ezarri zuen norbaitek lore hori, eta geroztik ez da mugitu, beti hor da. Kichouhi gidatzen ari zen garabia erori zen 2022ko martxoaren 9an, arratsaldez, eta langilea berehala hil zen. Erortzean, garabiak Alsace-Lorraine etorbideko eraikin bat xehatu zuen, eta 22 lagun ebakuatu behar izan zituzten: ez zen nehor zauritu. Laneko heriotzak ez ahanzturan erortzeko, eta Kichouhiren memoria biziarazteko, omenaldi bat egin zioten ebiakoitzean CGT, LAB, FSU eta SUD sindikatuek, baita Baionako Bergeret kaiko auzotarren kolektiboak ere.

11:00etan elkartu ziren auzotarrak eta sindikatuetako kideak obralekuaren aitzinean. Kichouhiren omenez, arrosa zuri eta gorriak ezarri zituzten obralekua babesteko hesian, eta gertatutakoa berriz ekarri zuten gogora. Hura oroitzeko plaka bat ezarri zuten loreen ondoan: «2022ko martxoaren 9an lanean hil zen Mohamed Kichouhi garabi gidariaren omenez», idatzia da. Garabi hautsi baten marrazkia ageri da, eta arrosa gorri bat ere bai. «Horrelako gertakari lazgarrien maiztasuna eta gutiestea salatzen ditugu, baita erantzuleen ezabaketa eta zigorgabetasuna ere», adierazi zuten.

Afera 2020an hasi zen: Santizpiritu auzoko Bergeret kaiaren eta Alsace-Lorraine etorbidearen artean, eraikuntza proiektu berri bat abiatu zuen Baionako Herriko Etxeak. Hangar batzuk eta etxe bat errautsi zituzten, horren partez eraikin berri bat ezartzeko. Herriko etxeak erosi zuen lursaila, EPFL Lurraren Tokiko Erakunde Publikoaren bidez, eta bi alokatzaileren esku utzi zituzten etxebizitza proiektuak: COLen esku 30 etxebizitza, eta Domofrancen esku beste hamabost, adinekoentzako etxebizitza partekatuak egiteko. Garaian jadanik, protestak izan ziren auzoan proiektu horren kontra, uste baitzuten ez ziela auzokoen beharrei erantzuten, eta bota zuten etxea berritzea posible zela ikusten baitzuten, deus berririk eraiki gabe.

Heriotza ahaztezina

Protesten gainetik, obrek segitu zuten, eta 2022ko martxoaren 9an, obrak egiten ari zirela, garabi gidaria hil zen. Instalatu berri zuten garabia uzkaili zen, eta gidaria harrapatu zuen. Ondoko eraikin baten gainera erori zen garabia, eta azken estaiko etxebizitza osoki suntsitu. Egun hori gogoan du Danielle Mesple auzoko herritar eta SUD sindikatuko kideak: gidaria garabian sartu aitzin obralekuan lanean ikusi zuen.

Mesplek hunkiturik ekarri du gogora egun hartan bizi izandakoa. «Sukaldeko leihotik obralekua ikusten dut, eta garabi gidaria ikusi nuen garabiaren zangoen itzulia egiten, ikertzeko bezala. Justu momentu horretan, sukaldetik atera nintzen, eta lau minuturen buruan, sekulako harrabots bat entzun nuen. Ez nuen ikusi garabia erortzen, baina langilea lurrean, bai». Gerora jakin zuen Mohamed Kichouhi zuela izena, eta bitartekako langilea zela. Izan ere, obra egiten ari zen Lapix enpresak garabi gidari bat lortzeko beste enpresa bat azpikontratatu zuen. Goiz hartan, Kichouhi Miarritzeko aireportuan zen obrak egiten, eta azken orduan deitu zuten Baionara, Bergeret kaiko obralekura.

Haren heriotzatik hamar bat egunera, auzotar batzuk Bergeret kaiko parkean elkartu ziren, eta eleketa hasi. Osoki xehatua izan zen etxebizitzaren jabea hor zen, eta traumatizaturik mintzatu zen. Beste auzotar batzuk ere haserre ziren gertatutakoarekin, tartean Mesple. Orduan, kolektibo bat muntatzeko ideia jin zitzaien. «Biziki hunkituak izan ginen, batzuk traumatizatuak kasik hil zirelako, eta bagenekien hil zen langileak familia bat utzi zuela gibelean», erran du Mesplek. «Gure helburua zen gauzak ez dilindan egotea: esplikazioak lortu nahi genituen. Gertatutakoari buruz, baina baita obren segidari buruz ere. Egoera horretara nola heldu ginen ulertu nahi genuen». 22 Bergeret Kaia kolektiboa osatu zuten orduan.

«Biziki hunkituak izan ginen, batzuk traumatizatuak kasik hil zirelako, eta bagenekien hil zen langileak familia bat utzi zuela gibelean. Gure helburua zen gauzak ez dilindan egotea: esplikazioak lortu nahi genituen».DANIELLE MESPLE Baionako Bergeret kaiko auzotarra

Handik urte batera, lehen omenaldia egin zioten Kichouhiri, eta aurten berriz ere egin nahi izan diote. «Familiarekiko elkartasunez egiten dugu omenaldia. Argi utzi nahi dugu heriotza bat ez dela ezabatzen ahal, eta Mohamed Kichouhiren memoria biziarazi nahi dugu. Obra guziak berriz hasten ahal dituzte; ez du kentzen guk ez dugula gertatutakoa ahazten».

Mesplek deitoratu du laneko istripuak gutiesteko joera badela gizartean, nahiz eta «askotan gertatu». Erraterako, iaz, bost langile hil ziren Ipar Euskal Herrian, LAB sindikatuaren arabera. «Istripu bat zela erraten du jendeak, eta hori erranez iduri du ezin dela horren kontra ezer egin. Jendeak erraten du beste zerbaitetara pasatu behar dela; ez naiz segur hildakoaren familiarentzat posible denik». Istripua «zergatik» gertatu zen ikertu behar dela iritzi dio, eta, erantzunik izan gabe, ez du uste obrak berriz hasi beharko zirenik.

Alta, obrak berriz hasi zituzten iazko azaroan. Auzibideak oraino irekiak dira, eta auzotarrek gaitzetsi dute obrak berriz hasteko galdetu zituzten baldintzak ez direla errespetatuak izan. Besteak beste, obren inguruan oinezkoen segurtasuna bermatzeko pasabide bat ezartzea galdetu zuten, baina ez da egina izan. Beste garabi bat muntatu dute geroztik, otsailean.

Laneko istripuak gogoan

Robert Dannus eraikuntza arloko CGT sindikatuko ordezkariarentzat egindako omenaldiak «jendeen izpirituan lan istripuak onartezinak bilakatzeko» balio du. Iruditzen zaio gehienetan lan istripuak ez direla aipatuak ere. «Gehienez ere, labur bat eskaintzen zaie prentsan. Ez dute sekula langilearen izenik ematen, ezta enpresaren izenik ere. Gehienez ere, gertatu den herria. Jendeak uste du dena ongi doala, baina ez da hala. Eraikuntza sektoreko langile batek, goizean lanera doalarik, militar batek edo polizia batek baino ehun aldiz aukera gehiago ditu hiltzeko». Dannusen ustez, «kontzientzia» piztea inportantea da.

Bergeret kaiko lan istripuan, garabia instalazio arazo batzuengatik erori zen. Auzitara jo dute hildako langilearen familiak eta suntsitutako eraikineko biztanleek ere. Dannusek esplikatu du bi prozedura badirela: bata auzitegi penalean, eta bestea, zibilean. Istripuaren arduradunik ba ote den epaileak erabaki beharko du.

5

lanean hildakoak. Iaz bost langile hil ziren lanean Ipar Euskal Herrian, LAB sindikatuaren arabera. Oroitarazi dute «askoz gehiago» direla egunero zauritzen direnak.

Nolanahi ere, CGTko kideak deitoratu du obrak baldintza beretan berriz hasi izana, prozedurek ez baitute agintzen obrak behin-behinean gelditzea. «Enpresa berak segitzen ditu obrak, eta eraikuntza baimena ez dute batere zalantzan ezarri. Bitxia da. Autoarekin istripu bat baldin badut, berriz ibili aitzin, garajera eramanen dut. Nik ez dut enpresaren kontra egiten, baina erran nahi dudana da obrak berriz hasi aitzin beharko genukeela ulertu zergatik gertatu den gertatutakoa». Mesplek uste du eraikitzen ari diren etxebizitza horiek hasieratik «fite» egin nahi izan dituztela, eta hartu duten berantagatik, «are fiteago» egiteko «presioa» dutela.

Enpresen joera

Egoera orokorrari so egin dio Dannusek, eta «bi munduren arteko talkaz» mintzatu da: alde batetik, «bulegoetako erabakitzaileak», eta, beste aldetik, «langileak». Uste du bulegoetan «antzerki bat» jokatzen dela, eta obralekuan, berriz, «errealitate bat». Haserre mintzatu da: «Baionako Herriko Etxeak dena egin du obrak berriz fite hasteko, baina ez dute neurtzen zer biziarazten dieten langileei». Uste du eraikuntza munduan «segurtasuna zinezko erronka» dela.

Halaber, eraikuntzaren arloko enpresa munduko arazoak ekarri ditu gogora Dannusek. Usu, obrak «ahal bezain fite» egin behar dituzte, eta «ahal bezain merke». Horrek eragiten du enpresa batzuek segurtasun neurri batzuk ez dituztela errespetatzen, eta, beraz, konkurrentzia egiten diete segurtasuna errespetatzen dutenei.

«Kanporatu behar dira segurtasun neurriak errespetatzen ez dituzten enpresak. Neurriak errespetatu gabe ezer ez bada gertatzen, irabazle ateratzen dira, baina langileen biziaren bizkar egiten dute hautu hori».ROBERT DANNUS CGT sindikatuko kidea

 «Zinez kanporatu behar dira segurtasun neurriak errespetatzen ez dituzten enpresak. Neurriak errespetatu gabe ezer ez bada gertatzen, irabazle ateratzen dira, baina langileen biziaren bizkar egiten dute hautu hori», salatu du Dannusek. Haren ustez, egoera iraultzeko, enpresa horiek kontratatzen dituzten eragileek «eskaintza deialdi zorrotzagoak» egin behar dituzte. Autoen merkatuarekin konparatu du egoera: «Auto batek ez baditu Frantziak finkatu segurtasun neurriak betetzen, ez da salgai ezarria izanen. Gauza bera behar luke segurtasun neurriak errespetatzen ez dituzten enpresekin».

Geroari so

Orain, 22 Bergeret Kaia kolektiboa eta sindikatuak auzien emaitzaren beha dira. Argi dute, ordea, batzuetan mota horretako auziak ez direla bururaino joaten. Anartean, horien eskaera argia da: Kichouhiren omenez etxebizitza berri horretan «espazio» bat izateko galdetzen dute. Ez dakite zehazki zer forma hartu beharko duen, baina COL, Domofrance eta herriko etxearekin batailan ari dira hori lortzeko.

Mesplek kontatu du hori lortzeko bidea ez dela «erraza» izaten ari. «Batzuek erraten digute hor biziko direnentzat ez dela goxo izanen hil den langilearen omenezko leku bat egunero ikustea». Jarrera horri higuinduraz so egin dio Mesplek. «Jasanezina da argumentu hori baliatzea. Langile bat hil da, eta ikusezina balitz bezala jokatu beharko genuke etxebizitza horietan biziko direnei kalterik ez egiteko. Onartezina da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.