Lanbidea euskaraz ikasteko bidea zabalik

Seaskak lanbide heziketarako bi sail irekiak ditu 2017tik: merkataritza eta animazioa. Gero eta ikasle gehiagok egiten dute hautu hori. Arlo hori garatzen segitu nahi dute, eta helburua da gizarte arloko sail bat irekitzea heldu den urterako.

Etxepare Lizeoa. Lanbide heziketa.
Baionako Etxepare lizeoko animazio saileko klase bat, irailaren 20an. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

Euskarazko murgiltze sistemaren ahulguneetariko bat izan da luzaz kolegiotik lizeorako bidean ikasle anitzek beste eredu baten hautua egiten zutela; maiz, Seaskak proposatzen ez zuen orientazio bide bat hautatzeko. Erraterako, Seaskak lizeo bakarra du, Baionako Etxepare, eta ez zuen duela gutxi arte baxo orokorraz gain beste biderik eskaintzen. 2017an, lizeoaren eraikin berria estreinatzearekin batean ireki zuten lanbide heziketako saila lehen aldiz. Egun, bi sail proposatzen dizkiete lizeotarrei: Adinekoen eta Haurren Animazioa (AHA) eta Merkataritza.

Orotara, 85 ikasle sartuak dira ibilbide horietan, eta Seaskaren parioa da lanbide heziketa garatzen segitzea, langile euskaldunak trebatzeko helburuz. Gizarte laguntzaren arloko lanbide heziketako sail bat ireki nahiko lukete hurrengo urterako, eta galdea egina dute horretarako.

85

Zenbat ikasle diren lanbide heziketan. Baionako Etxepare lizeoan, denetara, 85 ikasle dira lanbide heziketako sailean. Bigarrenetik terminalera banatuak dira bi arlotan: animazioan eta merkataritzan.

Lanbide heziketa zabaldu izanak «Seaskaren izateko arrazoiari erantzuten» diola uste du Egoitz Urrutikoetxea Seaskako Pedagogia arduradunak. «Seaskaren funtsa da ikasketak burutik buru euskaraz egiteko aukera eskaintzea. Kasu honetan, aspaldian ikusten zen beharrezkoa zela euskaraz lanbideratzeko aukera, eta hargatik egin zen urrats hori», esplikatu du. Hasiera «ttur-ttur» joan bada ere, egun 85 ikasleren heina gainditu izanak arlo hori garatzea «ezinbestekoa» zela frogatzen du, Urrutikoetxearen hitzetan. Eskaintza hori «errotuz» joan dela uste du, halaber.

Beharren arabera

Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari errotik lotua zaio hezkuntza sistema, eta euskararen normalizazioan beste ale bat da lanbide heziketa euskaraz proposatzea. Urrutikoetxeak oroitarazi du lan arlo anitzetan langile euskaldun trebatuen beharra badela, eta Seaskan horren azterketa xehe bat egin dutela lanbide heziketako sailak bideratzeko. Merkataritza eta animazioa ireki ondotik, uste du arlo sozialeko langile euskaldunak trebatzea izanen dela ondoko erronka. Galdea egina dute gisa horretako formakuntza bat irekitzeko, eta espero dute datorren ikasturtean plantan ezarri ahal izatea. «Azken bi urteetan egiten ari garen gogoeta da Iparraldeko behar horiek ontsa identifikatzea, eta horren araberan egitea lanbide heziketako sail berriak irekitzeko urratsak».

«Seaskaren funtsa da ikasketak burutik buru euskaraz egiteko aukera eskaintzea. Kasu honetan, aspaldian ikusten zen beharrezkoa zela euskaraz lanbideratzeko aukera, eta hargatik egin zen urrats hori» EGOITZ URRUTIKOETXEASeaskako Pedagogia arduraduna

Iker Edme Baionako lizeoko lanbide heziketako sailaren arduradunak argi du sail horiek ireki izanak ikasle gehiago atxikitzea ahalbidetu duela. «Ordura arte, kolegioan Seaskan zirenek lanbide heziketara joan nahi bazuten, Seaska utzi behar zuten», erran du Edmek. Animazioa eta merkataritza sailak irekitzeko hautua diagnostiko baten emaitza izan dela erran du. Izan ere, kolegiotik ateratzen diren ikasleen xedeak askotarikoak dira, eta ez da horretan soilik oinarritzen ahal sail bat irekitzeko. Horregatik, «ikuspegi orokorrago» bat behar zuten, eta aztertu dute Ipar Euskal Herrian zer arlotan ziren behar nagusiak.

Merkataritzaren eta animazioaren sailez gain, Seaskan egin duten gogoetak argiki erakusten du langile euskaldunen behar handia badela zahar etxeetan eta ospitaleetan adinekoekin aritzeko. «Eta zer erranik ez haur zaintzaren arloan», gehitu du Urrutikoetxeak. Oroitarazi du lehen haurtzaroan 0 eta 3 urte arteko haurrentzat eginak diren egituren %5 ere ez direla euskarazko murgiltzean. «Ondoko urratsa arlo sozialeko saila irekitzea izanen da, eta gogoeta segituko dugu ikusteko zein izanen diren ondoko eskaerak, betiere Iparraldeko beharrei egokitzeko».

Praktika oinarri

Kolegioko zikloa bukatu zuenean, Naia Arburua amikuztarrak argi zuen sail orokorra ez zela beretako egina. Animazioak erakarririk, AHA sailean sartu zen, eta, bereziki, prozesu guzian izandako ikastaro-aste kopurua preziatu du: «Ikasten genuena praktikara bideratua zen; sei edo zazpi ikastaro desberdin egin ahal izan ditugu, eta hori biziki egokia zen». Orain, sail berean segitzen du ikasten: alternantzian ari da animazio arloko diploma pasatzen, eta Uda Leku euskarazko aisialdi elkartean ari da lanean, aldi berean.

«Ikasten genuena praktikara bideratua zen; sei edo zazpi ikastaro desberdin egin ahal izan ditugu, eta hori biziki egokia zen» NAIA ARBURUABaionako lizeoko animazio saileko ikasle ohia

Hain zuzen ere, formakuntza prozesuaren «interesa» ikastaro asteen kopurua dela uste du Elorri Algalarrondo Etxepare lizeoko animazio saileko irakasleak. «Hiru urtean hogei bat aste ikastaro dituzte; anitz da, eta formakuntzarako biziki garrantzitsua da», erran du. Zehaztu du Ipar Euskal Herriko eragileekin elkarlanean bideratzen dituztela ikastaroak, eta ikasleei proiektuak eginarazten dizkietela, ahal bezainbat praktikara eramateko. Formakuntzaren helburua ikasleak «autonomiara» bideratzea dela uste du Algalarrondok, eta, horretarako, ikasleen —eta gurasoen— gain da hasieratik ikastaroak atzematea. «Helburua da hiru urtez trebatzea langile bat, hautatu duen arlo horretan berezitua izanen dena». 

Horretarako, tokiko partaideekin anitz lan egiten dute, egiturekin proiektuak eginez, ikasleek klasean ikasitako teknikak praktikan ezar ditzaten. Animazio sailean, erraterako, Uda Lekurekin, Etxepare ondoan den Malegarie eskola publikoarekin eta zentro sozialarekin ari dira elkarlanean, besteak beste. Merkataritza saileko Mikel Frantsesena irakasleak esplikatu du tokiko enpresa eta eragileekin proiektuak garatzen saiatzen direla ikasleak tokiko sareetan integratzen laguntzeko, gerora begira. «Adibidez, merkatu batean erakusmahai bat ezartzeko proiektua badugu, edo Herri Urratseko materialaren salmenta egitekoa. Gero, enpresekin harremanetan gara ikusteko ikasleek beharrezko gaitasunak garatzen dituzten, diplomarentzat ikastaroen bidez ebaluatzen baitira», zehaztu du Frantsesenak.

«Enpresekin harremanetan gara ikusteko ikasleek beharrezko gaitasunak garatzen dituzten, diplomarentzat ikastaroen bidez ebaluatzen baitira» MIKEL FRANTSESENAMerkataritza irakaslea

Haatik, kasu gehienetan, ikastaroa frantsesez egitera behartuak dira ikasleak; sustut, merkataritza arloan. «Merkataritzan zaila da osoki euskaraz egitea. Enpresa batzuek euren funtzionamenduan euskaraz egiten dute, eta saiatzen gara horiengana bideratzen, baina bezeroarekiko harremana osoki euskaraz izatea kasik ezinezkoa da, leku batzuetan besteetan baino gehiago izanik ere», dio Frantsesenak. «Haatik, biziki inportantea da enpresek euskaraz dakiten langileak nahi dituztela, eta gure ikasleak horretarako gai dira».

Nahiz eta lan egiteko prestatuak izan, Baionako Etxepare lizeoan lanbide heziketa egin duten ikasle anitzek ikasketak segitzen dituzte baxotik landa, Naia Arburua ikasle ohiaren gisara. Izan ere, 17 eta 18 urte artean dituzte lizeotik ateratzen diren ikasle gehienek, eta batzuentzat «goizegi» da lan munduan sartzeko. Nolanahi ere, Algalarrondok eta Frantsesenak segurtatu dute lizeoko formakuntzaren helburua ikasleak horretarako «prestatzea» dela, eta «autonomo izateko gaitasunak garatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.