URTEKARIA: LABORANTZA

Laborarientzat, urtea dorpe

Traktoreak autobidean; irudi horrek markatu du urte hasiera, laborariak protestan hasi baitziren orduan. Bizi eta lan baldintza hobeak nahi dituzte, eta txartzat hartzen dute Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioa.

Laborariak
Laborarien protesta bat, urtarrilean, A63 autobidean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Laborarien protestek markatu dute urtearen hastapena. Urtarrilean, Baionako inguruetan, A63 autobidea hainbat aldiz blokeatu zuten traktoreekin, baita beste bideetan barraskilo operazioak egin ere, beren lan eta bizi baldintzak salatzeko. Batik bat, FDSEA sindikatuko laborariak ibili dira halako ekintzetan. Laborarien «kexu gorria» eta «arrangura» azpimarratu zituzten, eta gisa horretako ekintzak egitera «behartuak» zirela erran. Salatu zuten laborarien eta elikadura sektorearen arteko merkataritza harremanen oreka hobetzea helburu zuen Egalim legea ez dela errespetatua, gasolio profesionalaren prezioen emendatu dela, hainbat gai garestitu direla eta Europako arauak harmonizatu behar direla.

ELB sindikatuak ere protesta mugimenduan parte hartu zuen, baina salatu FDSEAk «diskurtso bikoitza» duela, bat Parisen eta beste bat Euskal Herrian. Urtarrilean, Baionako portua blokeatu zuten ELBko laborariek. «Atera gara laborarien kexuaren mugimendu horretan parte hartzeko, gure soldaten arazoak argitan emateko. Horretan gara: gure ekoizpen prezio apalen eta goratzen diren erosgaien prezioen artean», esplikatu zuen orduan ELBk. Sindikatuaren erranetan, klima aldaketak eraginiko kalteei aurre egiteko baliabide gehiago behar dira, eta egiteko manera diferenteak. Azken urteetan hedatzen ari diren eritasun berriak klima aldaketarekin lotu daitezke, ELBren ustez: «Orain arte, herrialde beroagoetako eritasunak ziren. Gure kabalak ez dira usatuak, eta kalte handiak eragiten dituzte».

Protesten ondotik Frantziako laborantza sindikatuek Frantziako Gobernuarekin eraman negoziazioen ondorioz, gobernuak hitzeman zuen neurri zenbait hartuko zituela. Abenduan gertatu den krisi politikoaren ondorioz, haatik, protestak berriz hasteko xedea erakutsi dute FDSEA eta Coordination Rurale sindikatuek: salatu dute gobernuaren kontrako zentsura mozioak zalantzan ezarri dituela protesten ondotik egindako negoziazioetan lortutakoak.

Akordioa Mercosurrekin

Udazken honetan, laborariak protestan hasi dira berriz ere, Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza akordioa oztopatzeko. Akordioaren muina zera da: EBk atea irekiko die Mercosurreko haragiari, sojari eta beste produktu batzuei, eta, trukean, EBko industriak eta zerbitzuek ez dute trabarik izanen Mercosurreko herrialdeetan aritzeko. Ezaugarri horiek kontuan harturik, itunak baditu irabazleak (EBko industria eta zerbitzu hornitzaileak, Brasilgo eta Argentinako laborari handiak...), baina baita irabazteko baino galtzeko gehiago dutenak ere (EBko laborariak, Mercosurreko industria...).

Eritasunak jomugan

Kabalen eritasunak izan dira aurtengo beste gertakari lazgarri bat laborarientzat. Erraterako, urte hastapenean bereziki, hegazti gripearen ondorioak jasan behar izan zituzten, eta ELBk adierazi zuen kanpoko hazkuntzari aplikatzen zaizkion protokoloak ez direla egokiak. Beste eritasun bat ere hedatu da azken hilabeteetan: ardien sukar urdina. Haren eraginez, ardiak hiltzen dira. Kabalen hiltzearekin beste hainbat ondorio heldu zaizkie laborariei, eta ELBk iritzi dio nahiko baliabiderik ez dutela horien estaltzeko. Gainera, salatu dute txertoak ez direla eraginkorrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.