PANPI SAINTE MARIE

Laborariak eta eskuin muturra

2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Berriz ere erran behar dugu Iparralde honetan laborantza iraunkor, herrikoi eta elkartasunezko baten alde garen laborariok arrangura handiarekin begiratzen diogula eskuin muturraren gorakadari.

Luzaz ez bada beti, laborari munduak eskuinaren alde bozkatu du. Bigarren Mundu Gerraren ondotik dena berriz eraiki behar zen. Inbertsio eta ekoizpen garaia zen! 1960ko urteetan Edgard Pisani Laborantza ministroak garapen plangintza handi bat zutik eman zuen. Etxaldea enpresa bat bezala kudeatu beharra zen. Zeingehiagoka zen legea.

Ondoko Laborantza ministro guziek ber bidetik segitu dute, FNSEA sindikatu nagusiaren benedizionearekin.

Anartean, gobernu aldaketen arabera, Frantziako eskuineko eta Frantziako alderdi sozialistako ministroak ukan ditugu. Gaurko krisiaren erantzule dira denak. Eta jakina da eskuin muturra hazten dela politika neoliberal horiek eragin krisiez, beldurrez.

Urrunekoa eta lekukoa, beti denen hobendun.

Laborantza gaietan beti, han, urrun, Bruselan hartzen dira erabaki txarrak.

Ber denboran, langabezian dena, sozialki baztertua dena, kanpotarra, hemengo, hurbileko hobendun bezala hartua da.

Landibarren ez da horietarik anitz ikusten baina halere hemen ere sendi da eskuin muturrari buruz lerratze hori.

Coordination Ruraleko bonet horiak lerratze horren adierazleak dira. Le Pen familiaren adarra dira laborantzan! Eta zer egin?

Confederation Paysannen eta ELBn giza balioak gure DNAn ditugu. Zenbat gazte kanpotar ez ditugu ikusten hemen gaindi laborantzan plantatzen eta berdin entseatzen, katzakan ari zerbait lortu nahian... Gustuko ofizioaz, hemen bizi duin bat eraikitzea xede dutela.

Hori da guk aipatzen dugun laborantza mota: jendea onartu, lagundu eta borrokak partekatu. Beti entzun dugun hitza bada hemen, baserri munduan. Jendetasuna. Jendetasuna lantzea da eskuin muturraren antidotoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.