Laborantzan plantatzeko, lehenik trebatu

Trebatu elkarteak deialdia ireki du 11 hilabeteko formakuntzan laborantzan plantatzeko xedea zehaztu nahi luketen hautagaientzat. Elkarteak hiru urteko trebakuntza ere proposatzen du, etxalde batean, baldintza errealetan.

366359677 618383810405587 1978317304706511705 n
Trebatu elkarteko parte hartzaileak, Irulegiko mahastietan, iaz. TREBATU
Joanes Etxebarria.
2024ko irailaren 13a
05:05
Entzun

Laborantzan plantatzea pario handia izan daiteke; bereziki, lurren aldetik presio azkarra den lurralde batean. Kartak eskuetan ukaitea da Trebatu elkartearen proposamena: epe ertain edo luzeago batean praktikak egitea, etxalde bat osoki kudeatuz, gero instalazioaren hautua hobeki egiteko. Horretarako, badira urteak elkarteak etxalde batzuetan trebakuntzak antolatzen dituela, xede eramaileak lagunduz. Azken urteetan, gainera, 11 hilabeteko formakuntza luzea proposatzen dute, etxaldeetan ikastaroak eginez bakoitzaren interesen arabera. Heldu den urtarrilean hasiko den formakuntzarako hautagai xerka hasiak dira; ireki dute deialdia.

11 hilabeteko formakuntzarekin, hiru helburu bete nahi ditu Trebatuk, Yves Kuchly elkarteko langilearen erranetan: «Lehenik, sare bat sortzea; bigarrenik, gaitasun teknikoak hobetzea ekoizpenean; eta, azkenik, kudeaketan eta enpresa kudeaketan gaitasunak hobetzea komertzializazioan edo lan denboraren kudeaketan». Laborantzan plantatu nahi duenak, helburu horiek betetzeko, denbora gehiena etxaldeetan iragaten du, eta Trebatu osatzen duten laborantzako beste aktoreez inguratua da puntu konkretuak barnatzeko: Afog kontabilitatean, Euskal Herriko Laborantza Ganbera estatus juridikoetan, ekoizpen elkarteak salmentan... Baina laborantzan trebatzeko oinarria etxaldeak dira. 

«Ikastaroa egiten duena ez da bereziki eredu baten xerka joaten, baina tresnak hartzen ditu bere gogoeta aitzinatzeko».YVES KUCHLYTrebatu elkarteko langilea

Formakuntzan, haien laborantza xedearen arabera ikastaroak zein etxaldetan egin hautatzen dute, ezagutza eta gaitasun konkretuen bila joateko, Kuchlyk zehaztu duenez: «Aurten, adibidez, ardi esnearekin izozkiak egin nahi dituen batek lau hilabeteko ikastaroa egin du izozkiak egiten hasi den etxalde batean». Ekoizpenaz, transformazioaz, salmentaz eta etxaldearen kudeaketa orokorraz «trukaketa» egiteko parada izaten da. «Ikastaroa egiten duena ez da bereziki eredu baten xerka joaten, baina tresnak hartzen ditu bere gogoeta aitzinatzeko», gehitu du elkarteko langileak. Laborariek, berriz, etxaldean egin hautuak «justifikatu beharrik gabe, hautuak esplizitatzen» dituztela erran du Kuchlyk.

Errealitatea ikusten

Azken bi urteetan formakuntza luze horretan parte hartu duten hamasei lagunetarik, gehienak lanbidea aldatzeko bidean dira. Batzuk, formakuntza hori egin ondotik instalatu dira; ez gehienak, lurrak atzemateko zailtasunak artean direla. Batzuek laborantzan aritzeko ideia bera baztertu dute geroztik, «eta hori ere kausitua da, ez baitira maileguetan ito», Kuchlyren ustez, ez baita berantegi gibel egiteko. Aitzina segitzen dutenentzat, Kuchlyri iduri zaio armatuak ateratzen direla: «Ideiak badituzte, ikastaro batzuk badituzte eginak, baina ez aski xedea zehazteko; bankuarentzat finantzaketa planak egitea ez da sinplea, teknikoki ez dira pikoan... 11 hilabete luze da, baina merezi du. Xedea konkretuki zehazten dute, terrenoaren errealitatea kontuan hartuz».

Trebatuk proposatzen duen beste formulan, trebagune etxaldeetan, xedea errealitatera eramateko lehen urratsa egin daiteke. Hiru urtez, baldintza errealetan ari dira laborari gaiak, baina etxea, lurrak eta tresneria erosteko beharrik gabe. Batzuetan, etxalde horretan berean aktibitatea abiatzeko parada ukaiten dute trebakuntza fasea bururatu eta gero. Sail horretako koordinatzaile Kattalin Sainte-Marierentzat, «teoriatik praktikara pasatzea» da ideia. Asmoa praktikara eramanez, besteak beste «proiektua bizigarri denetz, fisikoki edo humanoki atxikitzen dutenetz» ikusteko parada ukaiten dutela gehitu du. Hamalau pertsonek egin dute hiru urteko entsegua, eta horietarik hamarrek laborantzan aritzeko jauzia egin dute geroztik.

Transmisioa ardatz

Egoera eta helburu desberdinetara egokitzen da elkartea, eta trebatze etxaldeetan aniztasuna da nagusi: Sarrikotapean eta Bidarten Euskal Elkargoarenak dira, eta baratzezaintzara dedikatuak dira; Irulegin, hazkuntzan aritzeko etxaldea du Trebatuk; Armendaritzen, landare ekoizpenean aritzeko; Ziburun, jabe pribatu baten lurretan ari dira; eta Arbonan, fruitu zuhaitzetan trebatzen dena bere lurretan ari da lanean. Bi pertsonarentzat, transmisio zuzen baten entsegu gisakoa izan zen trebatzea duela zenbait urte, eta Mendikotan laboraritik laborari gaira transmisioa gauzatu zen. Momentu honetan, zazpi pertsona —horietan, bikote bat— ari dira sei etxaldetan trebatzen.

«Atzeman behar da norbait transmititu nahi duena, eta etxalde horretan plantan ezartzeko egokia den proiektu bat duena». KATTALIN SAINTE-MARIETrebatu elkarteko langilea

Trebatu elkartea etxaldeen transmisioan gertatu aldaketa batetik sortu zen: duela hamar urte familian laboraririk ez zutenak etxaldeetan plantatzen zirenen %7 ziren; 2019an, berriz, %20. Publiko hori bera da gaur egun elkartean ari denaren gehiengoa. Laborantza utziko duten laborarien eta plantatu nahi luketenen arteko zubiak sortzen dituztenetz galdeturik, ñabardurekin ihardetsi du elkarteko koordinatzaileak: «Atzeman behar da norbait transmititu nahi duena, eta etxalde horretan plantan ezartzeko egokia den proiektu bat duena. Usu, zailtasuna biak lotzea da, halere». Gehitu du ez dela beren rola lan hori egitea, «baina segidarik ez duten etxaldeengandik galdera geroz eta gehiago» dituztela.

 DSC0897
Sarrikotapeko trebatze etxaldea, joan den astean. J.E.

Trebaturekin ari diren guztiek momentu kolektiboak izaten dituzte hilabetean behin. «Ohartzen gara behin aktibitatea hasia dutelarik buru-belarri direla, eta parada ematen diegu hilabetean behin pausatzeko, ikusteko nola pasatzen den eta zein diren zailtasunak. Bada elkar laguntza, eta anitz behatzen du batak bestea», azaldu du Sainte-Mariek. 

Diru iturri aldetik, 11 hilabeteko formakuntzan direnentzat estatusa argitu da berriki, Akitania Berriko eskualdetik eta Europatik lagunduak direlako orain. Langabeziaren zuzena duenak, formakuntza segituz, langabezia laguntza ukaiten segi lezake. Besteentzat, eskualdeak kalte ordainak segurtatzen ditu. Parte hartzeko bete behar diren baldintzetan da, Kuchlyk zehaztu duenez, «xedearen ideia zehatz bat ukaitea, jakiteko ikastaroak zein motatako etxaldeetan eginen dituzten». Azken bi urteetan, zortzi ikasleko promozioak izan dira formakuntza luze horretan parte hartu dutenak. Orain xerkatzen hasi diren hautagaiak heldu den urtarrilean hasiko dira ziklo berriarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.