Giro nahasian eginen dira laborantzako hauteskunde profesionalak, urtarrilaren 15ean hasi eta 30era arte. Batetik, Ipar Euskal Herrian ere eragin handia ukaiten ari diren kabala eritasunak hazle anitzen arrangura iturri dira, eta argi da ikusmolde desberdinak izan direla sindikatu batetik bestera eritasunen kudeaketa dela eta. Iazko mobilizazio azkarren ondotik eginen dira hauteskundeak, gainera; besteak beste, noiz-eta Mercosurreko herrialdeek eta Europako Batasunak sinatu merkataritza libreko akordioaren kontra agertu direlarik laborari sindikatuak oro. ELB, Coordination Rurale eta FDSEAk laborarien zerrendak aurkeztu dituzte.
Paueko Laborantza Ganbera (Okzitania) kudeatzeko 33 leku izanen dira jokoan; horietarik hemezortzi, aktibitatean diren laborariei dagozkienak —kolegio desberdinetarako zerrendak osatzen dituzte laborariek eta laborantza arloko langileek—. FDSEA eta JA haren gazte adarra dira nagusi Pauen. CR Coordination Ruralek aulki bakarra du orain arte, eta ELB sindikatuak Ipar Euskal Herriko emaitzak agertzeko eskatu dio prefeturari, frogatu nahi lukeelako departamenduan ez bezala euskal lurraldeetan nagusitasuna duela.
FDSEA eta CR sindikatuek 2024. urtearen hastapeneko mobilizazio azkarren segida antolatu zuten iragan azaroan, Pauen, bakoitzak bere aldetik eta intentsitate desberdinarekin. FDSEAk eta JAk elkarretaratze bat egin zuten azaroaren 18an, laborarien egoera arduradun politikoekin aipatu nahian, eta Frederique Espagnac Frantziako senataria eta Iñaki Etxaniz diputatua agertu ziren, besteak beste. Frantziako Parlamentuak laborantzaren orientaziorako lege bat bozkatu zuen, baina Asanblearen disoluzioa tarteko, Senatura ez da oraino heldu. Azaroaren 19an, berriz, CRren aldi zen: Paueko prefetura aitzinean egin zuten protesta, ardien eritasunaren kudeaketa eta «arau eta kontrol gehiegikeria» salatzeko, besteak beste.
ELBk, hauteskundeetara eramanen duen zerrendaren aurkezpenean, adierazi zuen mementokotz ez duela beste sindikatuek abiatu berri dituen mobilizazioetan parte hartzeko xederik. Laborariekin elkartasuna izatea «ELBren DNA» dela ziurtatuta eta geroan mobilizazioak izatea baztertu gabe ere, Julen Perez zerrendaburuak erran zuen lehenik «laborarien arrangurak entzunen» zituztela eta gero «agintariengana joanen» zirela. Sindikatuak kanpainan markatu lehentasunetan dira prezio duinak bermatzea, etxaldeen transmisioa, etxalde ttipiak zaintzea eta kalitatezko mozkinen defendatzea. Zehaztekoa da, bestalde, LAB sindikatuak zerrenda bat aurkeztuko duela laborantza eremuko langileen kolegioan —ez dira ELBren arlo berean lehiatzen, ELBko zerrenda ofizioz laborariak direnentzat osatua baita—.
Merkatu librea jomugan
Mercosurren eta Europaren artean trenkatzekotan den ituna kritikatu zuen BERRIAn Panpi Sainte-Marie ELBko bozeramaileak, abenduaren 15ean: «Sinpleki erranik, uste dugu akordio hau zera dela, hango haragia hemengo auto eta gerra hegazkinen truk. Hango eta hemengo nekazariak elkarren aurka jarriko gaituzte, eta biok guti dugu irabazteko. Multinazionalek dute benetako interesa». Sainte-Mariek gehitu zuen lehengaiak esportatzeko nazioarteko itunak ez direla ezinbestekoak, Frantziak ardoa AEBetara eta Txinara saltzeko merkatu libreko akordiorik ez duen bezala.
FDSEAri dagokionez, produktu fitosanitarioen erabilpena aipatu zuen Franck Laborde sindikatu horretako kideak Mercosurreko herrialdeetako laborarien praktikak hemengoekin konparatzeko, azaroaren 18an Pauen egin adierazpenetan: «Ez genuke nahi guri produktu fitosanitariorik eta materia aktiborik gabe ekoizteko eskatzea, eta Europako eta munduko gure lehiakideek mugarik gabe baliatu ahal izatea».