Eñaut Aramendi: «LABen kontra eginez, FO sindikatua etsaiz tronpatzen da»

Enpresa ttipi ttipietako bozak iraganen dira udazken honetan, eta LABek salatu du FO sindikatuak bere kontrako prozedurak abiatu dituela.  Egoera deitoratu du Aramendik.

Eñaut Aramendi
Eñaut Aramendi, 2017ko urriko ekintza sindikal batean hitza hartzen, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Enpresa ttipi-ttipietako bozak iraganen dira larrazkenean, eta FO sindikatuak LABen hautagaitzaren kontrako salaketa ezarri du, argudiatuz estatutuak gaizki deklaratu dituela eta kontuen gardentasuna ez duela errespetatzen. LAB eta beste hamar bat sindikaturen kontrako salaketa ezarria du FOk; tartean, SLB Bretainiako sindikatuaren eta STC Korsikako sindikatuaren aurka. Eñaut Aramendi LABeko eledunak (Donibane Lohizune, 1970) salatu du sindikatu ttipiak «paisaiatik desagerrarazi» nahi dituela FOk. Salaketen ondorioz, auzia iragan zen maiatz hasieran, eta gaur emanen du erabakia Parisko auzitegiak.

Zer dira enpresa ttipi-ttipietako hauteskundeak?

2008tik garrantzi handia dute. 2008ra arte, langileek bazuten bozka zuzena lan auzitegietako epaileak hautatzeko. Baina 2008ko lege aldaketa baten ondorioz, sindikatu bakoitzaren ordezkaritzaren arabera egiten da lan auzitegiko epaileen banaketa, izan patronalarena, izan langileena. Sindikatu bakoitzaren pisua neurtzeko, enpresaz enpresako hauteskundeen emaitzak, enpresa ttipi-ttipietako bozen emaitzak eta laborantza sindikatuen arloko bozak kontuan hartzen dituzte. Emaitza guziak eta sindikatu bakoitzaren delegatu kopurua programa batean sartzen dituzte, eta sindikatuen indarra zein den erraten dute horren arabera.

Maiz salatu izan duzue bozen sistemak eragiten diela sindikatu ttipiei.

Gertatzen dena da 2008ra arte lan auzitegiko bozkak barrutika egiten zirela; Baionakoa, Pauekoa eta Oloroekoa bereiziak ziren. Baina, 2008tik, sindikatuen indarra estatu mailan, eskualde mailan eta departamendu mailan neurtzen dute, ez gehiago barrutika. Horren araberakoa da gero lan auzitegiko epaileen banaketa, eta egia da zailagoa dela tokiko sindikatuentzat.

Maiatz hasieran, salatu zenuten FO sindikatuak LABi oztopatu nahi diola boz horietara aurkeztea.

Jakin behar da 2016an CGTk auzitan ezarri gintuela balio errepublikanoen inguruan erranez euskaraz komunikatzen genuela eta gure lana ez zela sindikatu batena, baizik eta politikoa. Auzia irabazi genuen, kasazioan. Geroztik, CGTk ez gaitu auzitan ezarri, baina aldi honetan FO sindikatuak atakatu gaitu. 

Zer leporatzen dizuete?

Antzeko logika da. Gurekin batera beste hamar bat sindikatu atakatzen ditu; tartean, SLB [Bretainiako langileen sindikatua] eta STC [Korsikako langileen sindikatua]. Gure kontrako jarrera horren harira, estaturik gabeko sindikatuen plataforman elkarlanean ari gara, eta beste sindikatu batzuekin ere bai. Gehienak antzeko arrazoiengatik salatu dituzte; batzuk, adibidez, balio errepublikanoak ez dituztelakoan errespetatzen. Gu, haatik, ez gaituzte hor sartu; bai baitakite 2016an irabazi genuela. Auzitan ezartzen gaituzte erranez gure estatutuak gaizki deklaratu ditugula eta kontuen gardentasuna ez dugula errespetatzen. Gezur hutsak dira. 

«Frantses ikuspegi nazionalista da erabat, eta nahi dute Frantzia bat eta bakarra, eta, horretan, sindikalismo bat eta bakarra. Guk hori ez dugu onartzen, eta asmoa da aurrera segitzea, gure alternatibak egunerokoan mahai gainean jarriz»

Zer erantzuten diezue FOren akusazioei?

Gure estatutuak behar den bezala deklaratuak direla eta gure aurrekontuak gure webgunean publiko direla. Ez da informazioa ez dutelako ez dela existitzen. Dena gezurra da, eta saiatzen dira gu panorama sindikaletik ezabatzen. Hola eginez, Frantziako Estatuko sindikatu ttipiak kendu nahi dituzte, haiek eta haien interesak indartsuago ateratzeko. Ez dute nehor nahi parean, ez dute alternatibarik utzi nahi.

Erran duzu STC eta SLBren kontrako salaketa ere ezarri dutela. Nazio zapalduetako sindikatuen kontrako jarrera bat dea?

Bai, begi bistakoa da. Bestela, zergatik atakatzen gaituzte? Korsikarrei erraten diete ez dutela estatu mailan presentatzerik, SLBri erraten diote sobera ttipia dela aurkezteko... Frantses ikuspegi nazionalista da erabat, eta nahi dute Frantzia bat eta bakarra, eta, horretan, sindikalismo bat eta bakarra. Guk hori ez dugu onartzen, eta asmoa da aurrera segitzea, gure alternatibak egunerokoan mahai gainean jarriz. Oraintxe, patronala ari da borroka gehienak irabazten, Frantziako Senatuan greba eskubidea suntsitu nahi dute, eta sindikatu horrek benetan ez dauka besterik egiteko? LAB eta beste sindikatuen kontra eginez, etsaiz tronpatzen dira. Gu hor gaude langile guztien aldeko borrokentzat. Utz gaitzatela bakean.

Zertan da auzibidea?

Oraingoz, zalantzan da gu aurkeztu ahal izatea. Lanaren Zuzendaritza Nagusiak gure hautagaitza onartua du; beraz, epaiketa ez da soilik gure kontrakoa, baizik eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren erabakiaren kontrakoa ere bada. Emaitza gaur emanen digute; ea zer dioten.

Emaitzaren arabera, nola jokatuko duzue?

Irabazten badugu —eta horretan duda guti dut—, aurrera segituko dugu, eta FOk ikusiko du zer egiten duen. Sekula galduko bagenu —baina ez dut horretan sinesten—, gure hautagaitza bertan behera utzi beharko genuke, eta kasaziora joko genuke. Prest gaude horretarako, baina, bitartean, energia, dirua eta pazientzia galduko genituzke, eta langileen aldeko borroketan parte hartu ordez hori kudeatu beharko genuke. Horrelako erasoak, finean, langileen kontrakoak dira, kendu nahi baitzaie erabakitzeko eskubidea.

Prozedura honetaz harago, zein da kanpainarako duzuen lan ildoa?

Ez dugu oraindik definitua, bozak azaroan izanen baitira. Baina Iparraldeko langileen erdiak enpresa ttipi-ttipi batean ari da lanean, eta anitzetan ez da ordezkaritza sindikalik. Guk haiei begirako sistema bat plantan ezarri nahiko genuke, lurraldez lurraldeko eta lan sektorez lan sektoreko ordezkaritzak plantan ezartzeko. Aldarrikatzen duguna da tokiko negoziazio eremuak behar direla, langileen baldintzak hobetzeko. Horretan ari gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.