Astean behin bortz haurretik batek ez du gosaltzen. Hala diote Pirinio Atlantikoetako departamenduko datuek. Gosariak kolegioan programaren berritzea aurkeztu zuten otsailaren 6an, Baionako Camus kolegioan. Horren bidez, departamenduak 25.000 euroko aitzinkontua bideratu du REP Lehentasunezko Hezkuntza Sarean diren ikastetxeetan ikasleei gosariak kitorik emateko. Ipar Euskal Herrian, REP sarean den ikastetxe bakarra da Albert Camus kolegio publikoa.
Lehentasunezko hezkuntza eremuak 1981ean sortu zituen Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Eremu geografiko jakin batzuetako zailtasun sozialei erantzuteko instituzio publikoen esku hartzea antolatu zuen. Zailtasun sozialek ikasleen hezkuntza mailan eragina dutenez, desberdintasun sozialen kontrako neurriak hartzen ditu ikastetxe bakoitzak. Kolegioei dagokienez, esku hartzea Pirinio Altlantikoetako departamenduak egiten du, Camusen bezala.
Ondorioz, desberdintasun sozialen kontrako borrokan koka daiteke Baionako kolegioan antolaturiko gosarien egitasmoa. Hain zuzen ere, Joseba Erremundegi Pirinio Altantikoetako departamenduko eta Euskal Hirigune Elkargoko kontseilariaren arabera, elikadura prekaritatearen kontrako neurria da gosariak kitorik eskaintzea. Haren erranetan, ikasleak gosaldurik joaten badira klasera, eskolan erreusitzeko baldintzak bermatuak lituzkete.
Ildo berean, Emmanuelle Jauretxe Camus kolegioko zuzendariak erran du klasean baldintza onetan izateko gosariak oinarrizko ekarpen energetikoa ematen diela ikasleei. Gehitu du ikasleek «bizi higiene ona» izan behar dutela egoki ikasteko. «Gure helburua da ikasleak sostengatzea, eta, bide horretan, bizi higieneak sekulako garrantzia du. Gosaria momentu pribilegiatua da: ekarpen energetikoak biziki garrantzitsuak dira eguerdiko bazkarira arte irauteko, eta behar-beharrezkoak dira haien ikasketa prozesua ongi bideratzeko».
«Gosariak proposatzea zerbitzu bat da, azkenean. Ikasle anitz goiz abiatzen dira etxetik, eta, ondorioz, helduoi bezala gosea berantago etortzen zaienez, aukera dute kolegioan gosaltzeko»
EMMANUELLE JAURETXEBaionako Camus kolegioko zuzendaria
Erremundegik adierazi du Camus kolegioko auzoko behar orokor bati erantzuten diola Gosariak kolegioan programak. Eskolara gosaldu gabe joaten diren haurren kasua aipatu du, baina egoera ekonomiko txarrean diren familien kasua azpimarratu du. «Behar orokor bati erantzuteko egina da programa: haur anitz abian dira eskolara gosaldu gabe. Batzuek kolegioan gosaltzen dute, ez dutelako etxean gosaldu nahi, baina beste batzuk hala doaz ezin dutelako etxean gosaldu baldintza ekonomiko txarrengatik».
Jauretxe zuzendariak erran du ikasleen %37 bizi direla QPV hirietako lehentasunezko auzoetan. Hain justu, auzo horietako adierazleek argiki erakusten dute biztanleria ez dagoela egoera ekonomiko onean. Behar sozialari erantzuteaz gain, ikastetxeetako gosarien alde praktikoa nabarmendu du zuzendariak. «Gosariak proposatzea zerbitzu bat da, azkenean. Ikasle anitz goiz abiatzen dira etxetik, eta, ondorioz, helduoi bezala gosea berantago etortzen zaienez, aukera dute kolegioan gosaltzeko. Gainera, langile batzuk goiz hasten direnez, ikastetxean hasi dira askaltzen ikasleekin».
Programaren emaitzak
Kalitatezko gosariak bermatzeko, Jauretxek jakinarazi du lekuko produktuak baliatzen dituztela. Kolegioan lekuko mozkinak ahal bezainbat baliatzeko egitasmoak martxan eman dituzte; adibidez, Ecocert sor-markaren barnean izateko lanketa egin dute. Baionako ikastetxeko zuzendariak zehaztu duenez, kolegioan jaten dituzten elikagaien %30 biologikoak dira, eta ahal bezainbat lekuko mozkin erabiltzen dituzte. Jauretxek gehitu du lanketa pedagogiko bat eramaten dutela ikasleak tokiko mozkinez eta garapen iraunkorraz ohar daitezen. Ikasleek birziklatzearen inguruko ikastaroetan eta sentsibilizazio saioetan parte hartzen dute, eta zuzendariari garrantzitsua dela iruditzen zaio gosarien prozesua ikastetxeetako beste otorduen hein berekoa izatea.
«Oro har, eta ez da bakarrik gosariei esker: azpimarratu behar da Camus kolegioan egiten den lana. Badira zailtasun handiak, eta lan handia egiten da ikasleen maila goititzeko»
JOSEBA ERREMUNDEGIPirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilaria
Erremundegi eta Jauretxe kontent dira Gosariak kolegioan programaren emaitzez. Kolegioko zuzendariaren hitzetan, ikasleak gutiago akituak dira eta, gainera, irakasle batzuen arabera, azken urteetan klasean arreta handiagoa dute. Erremundegik txalotu du Albert Camus kolegioak ikasleen ikasketa maila igotzeko egiten duen lana. «Oro har, eta ez da bakarrik gosariei esker, azpimarratu behar da Camus kolegioan egiten den lana. Badira zailtasun handiak, eta lan handia egiten da ikasleen maila goititzeko».
Baldintza hobeen eske
Ez da bortxaz iritzi berekoa Eneko Bellan Camus kolegioko Matematika irakaslea. Nahiz eta gosarien eskaintza «ona» dela iruditzen zaion, erran du ikasteko baldintza hobeak nahi dituztela. Begi onez ikusten du gosariak kitorik proposatzea, ikasleek kolegioarekiko duten harremana aldatzen baitu. «Ikasleak ez dira soilik klaseetara etortzen. Gainera, horri esker segur gara klaseetara sartu baino lehen zerbait jan dutela». Dena den, Bellanek deitoratu du geroz eta baliabide gutiago dituztela irakasteko.

Hain zuzen ere, heldu den eskola sartzea prestatzen hasi diren heinean, Matematika irakasleak aditzera eman du, nahiz eta ikastetxeak ikasle kopuru bera izan, Hezkuntza Ministerioak Camus kolegioari oren gutiago emanen dizkiola irakasgai bakoitza bermatzeko. Bellanek aitortu du horiek aurreikuspenak direla, baina hala gertatuko balitz 2025eko eskola sartzean klase bakoitzean 25 ikasle izan ordez 30 izan daitezkeela. Ohartarazi du klaseetan ikasle gehiago izateak irakasleen lana zailtzen duela. «Talde ttipiekin errazagoa da ikasle bakoitzaren galdeei erantzutea eta bakoitzaren beharrei egokitzea. Geletan gehiago balira, kudeaketa zailduko luke».
«Talde ttipiekin errazagoa da ikasle bakoitzaren galdeei erantzutea eta bakoitzaren beharrei egokitzea. Geletan gehiago balira, kudeaketa zailduko luke»
ENEKO BELLAN Baionako Camus kolegioko irakaslea
Gainera, berriki, Frantziako Estatuak kolegioetako kultura ateraldiak diruz laguntzeko Kultur Pasea deuseztatu du. Bellanek erran du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hauteskunde kanpainan hitzemaniko neurria kendu duela. Irakaslearen ustez, ondorio zuzenak ditu horrek. Alde batetik, ikasleei kulturarako sarbidea hesten diete: «Anitzek ez dute antzerkira edo zinemara joateko paradarik. Orain arte Kultur Pasearen diruztatzeari esker eraman ditugu film bat edo antzerki bat ikustera». Bestetik, bidaiak antolatzeko zailtasunak ikusten ditu Kultur Paserik gabe. «Horrek erran nahi du guk diru gutiago dugula eta bidaiak antolatzeko zailtasunak izanen ditugula. Adibidez, aurten, Andaluziara [Espainia] joan dira ikasle batzuk, eta hango museoak bisitatzeko baliatu genuen Kultur Pasea. Ikusirik familiak ekonomikoki egoera txarrean direla, ezin diegu galdegin haurraren bidaia 200 euro baino gehiago pagatzeko. Bestenaz, bazterketa soziala eginen dugu».
Horrez gain, bertze diru iturri batzuk agortuko diren beldur da Bellan. Haren aburuz, ikastetxeko administrazio kontseiluaren azken bileran jakin dute GIP DSU hiri garapen sozialerako diru laguntza ttipituko dietela datorren buruilean. Kitorikako gosarien programa aipatzeaz gain, Bellanek azpimarratu du ez direla ahantzi behar gibelean okertzen ari diren irakasteko baldintzak.