Klima aldaketaren ondorioz munduko tenperaturak nehoiz baino gorago diren honetan, eta, Ipar Euskal Herrian eta Frantzian eskuin muturrak gora egin duelarik, ekintzara pasatzeko «premia» ikusten du Bizi mugimendu ekologistak. Ikasturteari hasiera emateko, beraz, Klima Egonaldia antolatu du Mugerren, gaur, bihar eta etzi. Parada izanen da mugimenduko kideentzat «saretze eta formatze» lan bat egiteko, eta, horretarako, hiru egunez hainbat hitzaldi eta tailer izanen dira parte hartzaileentzat.
Frantziako eta Ipar Euskal Herriko testuinguru politikoa kontuan harturik osatu dute egitaraua, eta leku berezia izanen du eskuin muturraren kontrako borrokak, bi mintzaldi izanen baitira gai horren inguruan: Eskuin muturra atzera botatzeko burujabetza konkretuak eraiki izenburua duen mintzaldia gaur eginen dute, 18:00etan, eta, RN Batasun Nazionala boterera heltzeko bidean, zer ondorio gure estrategietan? eztabaida eginen dute bihar, 14:30ean.
Elouan Trichard Bizi mugimenduko koordinatzaileak espero du Klima Egonaldia ikasturte hasieran egiteak «mobilizazioa arra abiarazteko» balioko duela. «Jendea biziki haserre da gertatzen ari denarekin, eta haserre hori mobilizaziorako erregai gisa baliatu behar da», erran du. Trebakuntza «eskuin muturrari aurre egiteko» beharrezkoa delakoan da Trichard, eta uste du gorakada horrek gogoeta bat ekarri behar duela, ikusteko «zertan huts egiten duten» ezkerrak eta ezkerreko mugimenduek. «Eskuin muturrak dio ekologia eta jendearen bizi baldintza materialak kontrajarriak direla, baina guk erakutsi behar dugu ezetz, eta horren inguruan sakonkiago gogoetatzea izanen da egonaldiko helburuetariko bat».
Mugerreko egonaldian parte hartzeko, aitzinetik izena eman behar da —urririk—, antolaketa errazte aldera. Gaur, bihar eta etzi hainbat eztabaida eta tailer izanen dira Elizaberri auzoko Ibar trinketean.
Bizik, hamabost urte
Gainera, aurtengo klima egonaldia Bizi mugimenduaren hamabost urteak ospatzeko baliatuko dute. Izan ere, 2009an sortu zen mugimendu ekologista, Manu Robles Arangiz fundazioaren laguntzarekin. Hitzaldi berezi bat izanen da Biziren ibilbidearen berri emateko, bihar, 17:00etan. «Guretzat garrantzitsua da Bizi mugimenduaren barnean diren kideek beren esperientziaren berri eman dezaten, baina inportantea zaigu kanpoko begirada ere». Horretarako, Lucie Pinson Reclaim Finance GKEko zuzendaria, Remi Barroux kazetaria, Barth Camedescasse Biziko koordinatzaile ohia eta Elise Dilet egungo koordinatzailea juntatuko dira mintzaldi batean, mugimendu ekologistaren hamabost urteko ibilbideari so egiteko, baina baita etorkizunari begirako estrategiak pentsatzeko ere.
«Eskuin muturrak dio ekologia eta jendearen bizi baldintza materialak kontrajarriak direla, baina guk erakutsi behar dugu ezetz, eta horren inguruan sakonkiago gogoetatzea izanen da egonaldiko helburuetariko bat» ELOUAN TRICHARDBiziko koordinatzailea
Erraterako, etorkizunari begiratu baino lehen, azken lau urteetako bilanari so egin behar zaiola erran du Trichardek. «2020an abiatu genuen bide orria bukatu berri dugu; ondorioak atera behar ditugu, eta ikusi behar dugu nola bideratzen dugun ondoko urteetako lana». Hain zuzen ere, eskuin muturraren gorakada «parametro berria» izanen da hemendik aitzina, eta horren aitzinean zer-nolako estrategiak garatu behar diren gogoetatuko dute, betiere ekologia izanez mugimenduaren «erroa». Egindako bideari begira, Bizi mugimenduak desobedientzia zibilaren arloan egindako ekarpena goraipatu du Trichardek, eta erran du pentsatzekoa dutela etorkizunean hori «nola egokituko» duten.
Hitzaldi bereziaz gain, hamabost urteen ospatzeko besta eginen dute larunbatean, eta kontzertuak antolatu dituzte horretarako: Foisis, Elektruka eta Fraggle taldeak ariko dira. Gaualdia denentzat izanen da, egonaldian parte hartzen ez dutenentzat ere bai.