Erosi, erabili eta bota. Usu halakoa izaten da erosten diren objektuen ibilbidea. Konponduz gero, alta, oraino erabilgarri izanen lirateke anitz. Errobi poloko eremuan, preseski, botatzekotan diren altzari eta gisa guzietako objektuei beste bizialdi bat emateko helburua izanen duen birziklategi bat muntatu dute. Errobi eskualdeko Aiba elkartea aritu da proiektua gauzatzen, Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzarekin. Apirilean irekiko dute. Itsasuko Errobiko erietxea zen horretan egonen da lehen bi urteetan, eta, gero, Alki enpresaren Itsasuko lokal izandakora mugituko dira. «Elkargoak erosi du Alkiren lokala zena, baina obra handiak egin behar dira. Han leku bat izanen dugu guretzat, baina gu hasteko prest ginenez, lehengo erietxe honetako jabearekin, Ugecamekin, akordio bat lortu dugu bi urtez hemen muntatu ahal izateko gure birziklategia», esplikatu du Elisabeth Charriau Aibako laguntzaileak.
Proiektuak bi ardatz izanen ditu: kezka ekologikoa eta soziala. Eskualdean hondakin gutiago sor daitezen nahi dute birziklapenaren bidez; kezka ekologiko bati ihardesten diote horrela, berrerabilgarriak diren objektuak konponduko baitituzte bota ordez. Pantxo Paparanborda Belin Aibako lehendakariak erran du Errobi poloan 8.000 tona hondakin botatzen dituztela urtero, eta horietarik 2.300 tona etxeko puskak direla. Botatzen diren 2.300 tona horietarik, alta, 135 tona dira berrerabilgarriak. «Urtero emendatzen da berrerabilgarriak diren baina botatzen diren objektuen kopurua. Iduri luke 2050erako laurehun tonara arribatuko dela», zehaztu du Paparanbordak. Zenbaki horiek ikusirik, argi zuten Errobi eskualdean zerbait egin nahi zutela xahutze horren kontra.
Errekuperatutako materiala, gero, prezio arras merkean salduko dute, eta horrek elkarteak duen kezka sozialari erantzunen dio. «Pobrezia handia bada gure eskualdean, eta desoreka geroz eta handiagoak. Gaur egun, 3.500 biztanle bizi dira pobrezia mailaren azpitik. Gainera, prospekzioen arabera, 2050erako kopuru hori azkarki emendatuko da. «Horri erantzunen zion tresna bat nahi genuen», adierazi du Aibako lehendakariak. Charriauk zehaztu du salduko dutena «denentzat eskuragarri izanen» dela; oro har, balio duen prezioaren herenean.
Jadanik hasiak dira materiala biltzen, eta horretan segitzeko bi manera izanen dituzte. Edonork izanen du zuzenean materiala harat eramateko aukera, baita enpresek ere. Erraterako, enpresa batzuen materiala eskuratua dute dagoeneko. Enpresek bulegoko materiala aldatzen dute erregularki, eta «biziki egoera onean» dira hortik ukaiten dituzten altzariak. Bestalde, Aiba elkarteko kideek bigarren eskuko objektuak saltzen —edo botatzen— diren lekuetan erosiko —edo berreskuratuko— dute materiala, konpondu eta berriz saltzeko.
«Nahiz eta egun elkarte moduan funtzionatzen dugun, kooperatiba bat muntatu nahiko genuke berantago. Kooperatiba muntatu ondotik, postu egokituak sortu nahiko genituzke buruko eritasunak dituztenentzat» ELISABETH CHARRIAUAiba elkarteko kidea
«Gure oraingo lana jadanik bildua dugun materiala antolatzea, sailkatzea eta konpontzea izanen da, birziklategia apirilean irekitzea baita helburua. Oraingoz, edozein gauza hartuko dugu, baina pentsatzen dut emeki-emeki murriztuz joanen garela, jasotzen dugunaren eta gehien eskatzen zaigunaren arabera», esplikatu du Charriauk. Oraingoz, lau kide arituko dira konponketa lanak egiten, eta lekuan bertan tailer bat muntatua dute dena hor konpondu ahal izateko. Parte hartzaile guziak laguntzaileak izanen dira hastapenean, baina urte hondarra baino lehen lanpostu bat sortu nahiko lukete, kudeaketarako.
Gizarteratzerako tresna
Aiba elkartean, proiektuaren abiapuntuan, lanbidez osasun arloan aritutako herritarrak engaiatu dira, eta gogoan zuten birziklategia gizarteratzerako tresna gisa erabili ahal izatea, luzera begira. Hala, elbarritasunen bat dutenentzako postu egokituak sortu nahiko lituzkete. «Nahiz eta egun elkarte moduan funtzionatzen dugun, kooperatiba bat muntatu nahiko genuke berantago. Kooperatiba muntatu ondotik, buruko eritasunak dituztenentzat postu egokituak sortu nahiko genituzke, birziklategiaren funtzionamendua segurtatzeko eta elbarritasunen bat duten herritar batzuei gizarteratze prozesuan laguntzeko», erran du Charriauk. «Baina ikusiz momentuan zertan garen, uste dugu hori hemendik lauzpabost urtera gauzatzen ahalko dugula, ez lehenago».
Buxet biziki apala dute oraingoz, eta instituzioei laguntzak galdegin dizkiete. Urte bukaeran sortu nahi duten postuarentzako aurrekontua, zehazki, Akitania Berriko eskualdeari galdetua diote. Nolanahi ere, birziklategi guziek bezala, Frantziako Estatuaren laguntza bat ukanen dute gero, urtero, birziklatzea lortu duten tona kopuruaren araberakoa. «Horrek erran nahi du biziki zorrozki pisatu eta antolatu behar dugula errezibitzen dugun guzia. Lan handia izanen da, eta laguntzaileak biltzea izanen da lehen erronka», jakinarazi du Aibako kideak.