Kartzelan urteak pasatuta ateratzen diren euskal presoak laguntzeko xedez sortu zuten Askatasun Gosez saskia, 2016an. Euskal Herriko hainbat mozkin biltzen ditu saskiak, 50 euroren truke. Etekinak Harrera elkartearentzat dira: osasun gastuak, gastu judizialak eta erretreta osagarriak pagatzeko erabiltzen dituzte, sustut. Maiatzaren 28ra arte irekia izanen da manatzeko epea. Harrera elkarteak argi utzi du gero eta behar handiagoak dituztela: gastu juridikoak doi bat apaldu zaizkie, baina gero eta preso ohi gehiago laguntzen dituzte, kartzelatik ateratzen ari baitira anitz.
Askatasun Gosez saskiaren ideia ukan zutenean, kondena luzeak bete zituzten euskal presoak ateratzen hasiak ziren, eta «fenomeno berria» zen, Amaia Beirie egitasmoaren sortzaileetariko batek kontatu duenez. Presondegitik jalgitzean euskal preso ohiek hainbat behar zituztela aipatu du: behar ekonomikoak, osasun arloko laguntza, arta psikologikoa... Baita gauza «praktikoetarako» laguntza beharra ere: etxebizitza bat atzemateko, lana aurkitzeko eta egoera administratiboak kudeatzeko. Harrera elkarteak horren berri eman zuen garaian, eta «zerbait egin behar» zutela argi zuten Beiriek eta proiektuaren sustatzaileek. Arlo ekonomikoan laguntza bat ekartzea deliberatu zuten. «Beti gogoan genuen hainbeste urtez kartzelan egon ziren jende horiek iritsiko zirela erretretara eta ez zutela erretreta saririk izanen. Hasieran bildu ginenen, artean baziren preso ohiak eta presoen ahaideak, eta errealitate horrek biziki kezkatzen gintuen. Gainera, uste dugu presoen borroka kolektiboa izan dela, eta ondorioak ez dituztela bakarrik asumitu behar; herri bezala asumitu behar genituzke», erran du Beiriek.
Askatasun Gosez saskia «trukean» oinarritzea izan zen haien xedea hasieratik, «elkartasuna zentzu guztietara bideratzeko». Beiriek esplikatu du ez zietela «beti berdinei» dirua galdetu nahi, eta horregatik izan zutela esker saskiaren ideia. Hala, Euskal Herriko zazpi probintzietako ekoizleei erosten dizkiete mozkinak, eta saski bakoitzeko hamar euroko etekina ateratzen dute. «Etekin handiagoko egitasmoa izan daiteke, baina ez diegu laborariei edo ekoizleei berriz ere boluntarioki parte hartzea galdetu nahi. Ekonomia zirkular baten ideian egitea da xedea, opari koherente bat eskainiz». Urtero 2.300 saski inguru banatzen dituzte.

Lortutako etekinei esker, Ipar Euskal Herriko Harrera elkarteak 55 preso ohi lagundu zituen iaz. Urte bakarrean anitz emendatu da laguntzen dituztenen kopurua: izan ere, 2023an 45 ziren, baina atera diren presoen kopuruak gora egin du tarte horretan, eta hala segituko du datozen urteetan ere. Jokin Etxebarria Harrerako langileak, hala, erran du Askatasun Gosez saskia «diru sarrera biziki garrantzitsua» dela. Harrerak, urtero, 50.000 euro erabiltzen ditu preso eta iheslari ohien laguntza ekonomikorako; Askatasun Gosez egitasmotik 26.000 euro lortu zituzten iaz; urteko laguntzaren erdia baino doi bat gehiago. Gainerakoa kideek eta dohaintza emaileek emandako ekarpenetik lortzen dute, baita hainbat tokitan antolatutako egitasmoei esker ere —Futbol 7 txapelketa, Ezpeletako urteroko kontzertua, festa batzuetako bazkariak...— . Justuki, maiatzaren 31ra arte erakusketa bat antolatu du elkarteak Maulen, eta obrak salgai izanen dira. Zehaztekoa da, bestalde, 2023an dotazio funts bilakatu zela elkartea, eta horrek errazten diela dohaintzak jasotzeko prozesua.
Errealitate «gordina»
Askatasun Gosez kanpainak presoek eta preso eta iheslari ohiek bizi duten «errealitate gordina» aipatzeko aukera ere ematen du, Beirieren ustez. «Kartzelatik ateratzean errealitate bortitz bat bizi dute, prekaritate handian bizi direlako zenbaitzuk. Egoera biziki gogorrak badira barnean, baita kanpoan ere, eta ez lukete anonimo bilakatu behar», erran du. Hala, saskia «aukera ona» dela iruditzen zaio errealitate hori «hainbat etxetara» helarazteko. «Egoera hori hor da, eta gure ardura da zabaltzea. Ez kulpabilizaziotik, duintasunaren ikuspegitik baizik; horrek erraten baitu zer herri garen eta zer herri nahi dugun». Saskiaren bidez «transmisio» lana egitea espero dute, gazte belaunaldiek euskal presoen eta preso ohien egoeraren berri izan dezaten. «Normala denez, 20 eta 30 urte arteko gazteek ez dituzte ezagutu 20 eta 30 urte preso pasatu dituztenen egoerak. Beharrezkoa da esplikatzea ez direla engaiamendu indibidual bateko presoak, militanteak baizik, eta kanpainak aukera ematen digu horretaz mintzatzeko».
«Beharrezkoa da esplikatzea ez direla engaiamendu indibidual bateko presoak, militanteak baizik, eta kanpainak aukera ematen digu horretaz mintzatzeko»
AMAIA BEIRIE Askatasun Gosez proiektuko kidea
Etxebarriak argi du kartzela zigorra beterik ere presoak ateratzean ez direla «osoki aske»; erraterako, batzuk Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartuak dituzte, beste batzuek lurralde debekuak dituzte, eta kontrol judizialak ere bai. Halere, garai batean baino «gastu judizial» gutxiago ditu Harrera elkarteak, Etxebarriak dioenez. Haatik, presondegitik jalgi direnendako laguntzak emendatu behar izan dituzte. Erretreta osagarria da gehienek behar dutena: kartzelan eta ihesean egon direnean ez dute kotizatu, eta, ondorioz, erretreta sari biziki apalak dituzte. «Aurreikuspen handia egiten dugu, gastuak zein izanen ditugun jakin behar baitugu araberan antolatzeko. Badakigu etorkizunean zer laguntza beharko duen bakoitzak, noiztik aitzina beharko duen... Laguntza asko ematen diegu erretretaren arloan; kartzelatik aterata soldata bat duten bitartean bizitza duin bat eramaten ahal dute, baina erretretan sartzea prekaritatean sartzea da», deitoratu du.
Erretreta sari duin bat ukaiten laguntzeaz gain, osasun arloan ere laguntzen dituzte preso ohiak, Etxebarriaren erranetan. Kasurako, sei pertsonari pagatzen diete mutuala; azkarki emendatu dira helduentzako mutualen prezioak, eta adinean aitzinatu ahala gero eta karioago izaten dira. Preso ohi batzuen arta psikologikoa bere gain hartzen du Harrerak, bestalde. «Agian, garai batean baino naturalkiago onartzen dute laguntza mota hori. Baina urte pila bat pasatu dituzunean preso edo erbestean, eta hasten zarenean berriz ere familian bizitzen, kanpora ateratzen, zure tokia egin behar duzu, eta ez da erraza», zehaztu du Etxebarriak.
Ondoko urteetan osasun arloko laguntza emendatuko dutela aurreikusten du Harrerak. Izan ere, laguntzen dituzten preso ohien batez besteko adina 60 urtekoa zen 2019an egin zuten diagnostikoan. «Adinean aitzina joan ahala, osasun gastuak gero eta handiagoak izaten dira. Gainera, bizi bukaerako prozesuan ere laguntzen ditugu familiak. Gehienetan, familiak Hego Euskal Herrikoak dira, eta momentu horietan ere laguntza administratiboa behar dute, Frantziako eredu administratiboa ez baitute ezagutzen».
«Laguntza asko ematen diegu erretretaren arloan; kartzelatik aterata soldata bat duten bitartean, bizitza duin bat eramaten ahal dute, baina erretretan sartzea prekaritatean sartzea da»
JOKIN ETXEBARRIAHarrera elkarteko langilea
Familien gastuak arintzeko ere balio du Harreraren laguntzak. Beiriek zehaztu du Askatasun Gosez egitasmoari esker preso ohien familiei hainbat gastu ekonomiko kentzen zaizkiela. «Familiak kartzelaldi denboran jadanik hainbat gauza pagatzen ditu: bidaiak, presoak behar dituen jantziak, abokatuak... Nahiko egoera ekonomiko larriak izaten ahal dira familietan ere. Eta horiek areagotzen dira presoa ateratzean: ez du kotizatu, ez du dirurik baztertu, eta dena hutsetik hasi behar du berriz».
«Kondena bete arren, hainbat ondorio pairatu behar ditugu»

Lau urte beteko dira ekainean Didier Agerre euskal preso ohia (Pagola, 1976) hogei urteko kondena beterik presondegitik atera zenetik. Harrera elkartearen laguntza «beharrezkoa» dela iruditzen zaio, eta elkarteak «isilpean» egiten duen lana goretsi du. Kontatu du kartzelatik jalgitzea «gorabeheratsua» izan zaiola.
2021ean atera zinen kartzelatik. Zer-nolako prozesua izan da?
Franko gorabeheratsua, presondegitik jalgita aski fite hasi bainintzen lanean, nolabaiteko autonomia ekonomikoa lortu nahi nuelako. Preso guzien gisan, kanpoko errealitateari egokitu behar izan dut; sistemak berak inposatzen dituen administrazio eta gainerateko buruhausteekin jakin behar da moldatzen, eta, gehiago dena, horiei egokitzen. Presondegitik jalgitzean —batez ere, kondena luze baten ondotik—, sortzen ahal dira nolabaiteko zailtasunak kanpoko egoera berriari egokitzeko. Lanean aski fite hasirik ere, ez du kentzen Harrerarengandik laguntza ukan dudala, oraindik badudala, eta hori eskertzekoa da. Frankotan uste ez den bezala, presondegitik jalgitzean oraindik ere kondenaren ondorioak pairatzen ditugu. Nik parte zibilak ordaindu behar ditut, eta Fijaiten arauen menpe bizi behar dut oraindik hainbat urtez.
Erran duzu kartzelatik ateratzea gorabeheratsua izan zela. Zer behar sentitu duzu?
Beharrik handiena izan da egokitzeko tresnak ukaitea. Sistemak ez du errazten hainbat urtez presondegian egon den norbaiten laguntza: tresnak falta ditugu. Informatikaren aldetik, Interneten bidez egiten diren desmartxak egiteko... Edonork biziki normalki egin lezakeena guretzat zailtasun erantsi bat da, eta horrek zailtzen du ateratzeko fase hori, baita ondoko urteetakoa ere.
«Argi utzi behar da garaileen eta gailenduen eskema batean gaudela, eta horrek esan nahi duela Frantziako Estatuko justiziak martxan dituen prozedurak jasan behar ditugula eta horien menpe bizi garela»
Ondorioak oraino badituzula erran duzu. Prekaritatea kondenaren luzapen bat da?
Argi utzi behar da garaile eta gailendu eskema batean gaudela, eta horrek erran nahi duela Frantziako Estatuko justiziak martxan dituen prozedurak jasan behar ditugula eta horien menpe bizi garela. Guti kotizatu duten presoek erretreta minimoa hunkitzen dute, eta zailtasunak badituzte minimo horren lortzeko ere, baita eguneroko bizitzak sortzen dituen xahuketa eta gastuei aurre egiteko ere. Non bizi den, norekin, familiarik baden inguruan... Horrek anitz baldintzatzen du presondegitik jalgitzeko fase hori.
Askatasun Gosez saskiaren helburua ekonomikoa da, baina ez hori bakarrik.
Ikusgaitasun bat ematen du. Jendeari erran behar zaio oraindik beharrak badirela presondegitik jalgirik ere, eta pairatzen diren ondorio horiek ez direla ttipiak. Jendeak kontziente izan behar du; usu uste dute jalgita horretan gelditzen dela. Ez da hala. Urteetan, hamarkadetan, kanpoa zapaltzen den momentutik hainbat urtez, ondorioak jasaten baitira. Hori ikusarazteko balio du Askatasun Gosez saskiak, eta Harreraren beste egitasmoek ere bai. Barnean direnek ere badakite horrelako egoera bat ezagutuko dutela egun batez, eta beti plazer egiten du ikusteak kanpora atera diren preso kide ohiak ez direla arrunt ahantziak eta bakarrik utziak.
Ekintza kolektiboa da Askatasun Gosez; garrantzia du aipatu dituzun ondorioei kolektiboki aitzin egiteak?
Nehork ez du ukatzen ahal engaiamendu kolektibo bat izan dela ororen buru, eta, azken batean, elkartasunaren zentzu osoa hartzen du horrelako egitasmo bat plantan jartzeak; nehor ez da bazterrean uzten. Batzuek ez dute urratsa egiten, edo egin nahi, baina Harrera hor da denen laguntzeko, preso politiko ohi guziak laguntzen ditu, eta horretarako elkartasuna hor da, eta eskertzekoa da.