Aines Hariztoi

Kantatu, maitatu eta dantza

2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Udako herriko besten aldia ireki da. Hango eta hemengo bestazaleek plazak oldarrean hartu dituzte.

Besta —irria, musika, dantza bezala— jende egiten gaituenaren ezaugarri bat da: funtsezkotzat bezala ikus dezakegu, beste animalia espezieengandik bereizten gaituelako. Bestak taldeko bizitzako une garrantzitsuak dira, denboraren joana sinbolikoki markatzen baitute. Jendarte bizitzan sartzeko bitartekoak ere dira, taldeko ospakizunaren eta norberaren libertimenduaren arteko nahasketari esker. Eta horretan datza oreka hauskorra. Nahi dena berehala erosi, eskuratu, kontsumitu ahal den mundu batean, gozamen pertsonalaren mugak gero eta zabalagoak dira.

Hazparnen, Lesakan, Baionan, Iruñean... Emazte batzuk bestetako ilusioa galdu dute bortizki, gizonek beren napurkeria zikina jasanarazi diete.
Ehun emaztetatik hirurogeik besta eremuetan jazarpenak edo erasoak jasan dituzte jadanik. Zenbat protokolo, itun, brigada, babesgune, drogen antzemateko eskumuturreko...? Mila estrategia eta trikimailu asmatu dira emazteek plazetan, tabernetan, kontzertuetan doakien tokia hartzeko, eremu seguruagoak arakatzeko. Baina irtenbideen bilaketa oraindik gehiegi emazteen esku gelditzen da. Gehiengoa ez da prest (edo ez du nahi?) kontsumerismo jendartearen isla besterik ez den besta eredu hori errotik gogoetatzeko, zapaltzaileen onura bakarragatik antolatutako bestak uzkailtzeko. Guti batzuei gozamen osoaren pribilegioa kendu, denok zertxo bat plazer har dezagun.

Anarik hain zuzen abesten duen bezala: «Kantatu, maitatu eta dantza ezin bada ez da gure iraultza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.