Aines Hariztoi

Kanpoan uso, etxean otso

2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Kondairak ez dira beti amets egiteko eginak. Txanogorritxori ere gustatuko zitzaion lo betean egotea lasai amesteko, amatxiren kontra kukubilko. Istorio horretatik, harrapari ezezagunen kontrako abisu bat atxiki dugu gogoan, arriskua hor kanpoan dabilelako ustearekin.

Lucie Novat idazleak ipuin honen irakurketa berria egin du, ukapen kolektibo batek itsuturik nehork sekula ikusi nahi izan ez duena salatuz. Zergatik dago amatxi bilobarekin xoratuta? Zergatik Txanogorritxok hain fite ematen dio bere helbidea otsoari? Zergatik neskatoa etxerako bidean oinak herrestan ibiltzen da?

Aztarnak hor genituen betidanik sudur azpian. Ez da haurrei kanpoko lanjeraz ohartarazteko ipuin bat, baizik eta seme-alabei erasotzen dieten burasoen gaitzespen bat. Basoa, kanpoa, plaza umeentzat arriskutsua dela barneratu dugu, sinetsarazi digute. Etxea eta familia, berriz, gotorleku segurua.

Frantziako Elkartasun Ministerioaren arabera, haur batek sexu eraso bat jasaten du hiru minutuan behin. Guti gorabehera, ikasgela bakoitzeko hiru haurrek jasaten dute ahaidekeria, CIIVISen ustez (Intzestuaren eta Haurren Sexu Indarkeriari buruzko Batzorde Independentea).

Arrueta-Sarrikota, Getxo, Gasteiz...; urte hastapenetik Euskal Herrian auzi kasuak biderkatu dira. Frantzian ere, ezin isildu Betharram ikastetxeko sarraskia.

Ehiztariaren pertsonaia ipuinaren bertsio berantiarrenetan bakarrik agertu da, amaiera urosagoa ekartzeko. Gaur egun ere ehiztariak behar ditugu.

De grandes dents: Enquête sur un petit malentendu, Lucile Novat. La Découverte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.