PANPI SAINTE MARIE

Jokoan dena

2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Departamenduko Laborantza Ganberako hauteskundeak hor ditugu! ELBk ere azken asteak ditu bere ideien zabaltzeko Iparraldeko etxalde guzietan. Urtarril hondarrean ikusiko dugu zer kolore hartuko duen mahai inguru sindikalak. Orain arte lehia gogorra izan da ELB eta FDSEAren artean. Abstentzio larria dugu aspaldi honetan. Ondorioz, hauteskunde horietan erran daiteke laborarien erdiek bozkatzen dituztela erdizka ELB eta FDSEA. Aldi honetako panoraman, hemen eragile berri bat badugu: CR, Coordination Rurale delakoa; Frantziako Estatuko beste eskualdeetan finkatua zen jadanik; haatik, ez anitz edo batere ez hemen. 

CRkoak 2024ko traktorekada horien karietara ikusi ditugu azkarki mugitzen eta ekintza mediatikoak egiten beren estiloan: etxaldeko errota zahar eta gisa guzietako hondakin erremorka handi batzuen husten denda handietan edo administrazioen egoitzetan. 

FNSEA Errepublikanoen alderdiari lotzen zaio, eta, CR, historikoki, nagusiki RN edo Fronte Nazional ohiari uztartua zaio.

Mezu sinplista dute CRkoek: «Utz gaitzazue bakean! Utz gaitzazue lan egiten!». Aldarrikapen honekin laburbiltzen da CR-ren filosofia. 

FNSEA eta CR, biak eskuineko ideologia neoliberalak lotzen ditu orduan. Bat klasikoa, bestea ultraagoa, baina txanpon bereko bi aldeak. Oinarrian, laborariaren nekeziei ez diete aterabide duinik eskaintzen. Biek paretaren kontra doan sistema ez dute dudan ezartzen. Alta, laborariek erakutsi duten bezala kezka larriak baldin badituzte, sistema bera da salatu eta borrokatu behar; hau da, laborantzaren industrializazioa.

ELB, EHLG, BLE eta ARRAPITZ sarean aspaldian ari dira kolektiboki bakoitza bere alorrean alternatiba bizigarrien pentsatzen, eraikitzen, biziarazten. Hemen, planeta honetako txoko honetan, Euskal Herrian, globalki pentsatzen eta lokalki eragiten. 

Hemen bizi nahi dugu, laborantzatik bizi behar dugu, eta horretarako hemen erabaki behar dugu. 

Hori da jokoan hauteskunde hauetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.