Pantxix Bidart

Jo ta ke

2024ko ekainaren 7a
05:00
Entzun

Su madarikatu horren ez aipatzera deliberatu nintzen. Badakizue ni eta kirola… Gainera, Ainize Madariagak BERRIAko kronikan aipatu bezala, tradizio honen jatorria ez da laudatzekoa. Bestalde, denek dakigu gure herria (bederen Hazparne) Frantziaren peko dela oroitarazteko tresna ere badela.

Ez nuen aipatu nahi…

Alta, pentsaketetan egona nintzen. Zer ereserki eskaini beharko genioke su horri? Antolatzaileei proposatzear nintzaien Su ta Gar eibartarren Jo ta ke kanta. Ideia ona, ezta, sua Hazparne trabeskatzen laguntzeko, herriko soinutik Jo ta ke, irabazi arte entzutea?

Ez nuen aipatu nahi… maiatzaren 19ra arte. Egun handiaren bezpera horretan, herriko multifrontoien ondoan pasatzean, eszena arraroa ikusi nuen. Han, Olinpiada kari margotu Marie-Josée Perec erraldoiaren aurrean, jende multzo bat bildurik: auzapez, axuant eta herriko langile. Langilea margoari torraka, hautetsiak begira. Gaixo atletak papoan zuen Joko Olinpikoen ikurraren gainetik, Palestinako bandera margotu zioten! Egun handia aitzin, afrontua ezabatu behar! Irri egiteko egoera, Piarres Larzabal batek asmatua iduri.

Irrigarria? Bai,… ez balitz hain dramatikoa.

Zer zuen iraingarririk Palestinako bandera horrek margo horretan? Suaren ekitaldia ez dea anaitasunaren ideiarekin garatua? Olinpiadak ez direa munduan gertatzen diren ezin onartuzko desmasien plazaratzeko unea? Gure bake manifetan lehen banderola dakarten hautetsiek ez dutea bakea nahi azken urtean egunero hiltzen diren palestinarrentzat?
Hauek direa kirolak garatu nahi dituen balioak?

Nik, berriz, Churchill gogoan: «No sport!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.