Recyclarte elkarteko langilea

Claire Dutrilleux: «Jendeei erakutsi nahi diegu gauzak beren baitarik egiten eta gutiago kontsumitzen»

Norberak bere baitarik objektuak konpontzen ikasteko lekua eskaintzen du Hendaiako Recyclarte elkarteak. Orain, hilabetekoen prekaritateari aurre egiteko proiektu bat badute, eta, Claire Dutrilleux langilearen arabera, diru publiko gehiago behar dute.

(ID_14656144) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-02-05, Hendaia. Claire Dutrillaux Recyclarten aurrean, bizikleta konponketa tailerra
Claire Dutrilleux, Hendaiako Recyclarte elkartearen lokalean, otsailaren 5ean. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Ingurumenaren aldeko elkarteetan egin du lan betidanik Claire Dutrilleuxek (Paris, 1979). Duela hamar urte, Hendaiako Recyclarte elkartean hasi zen. Ekonomia sozial eta solidarioan oinarritzen den egitura bat da, eta seiehun kide ditu. Bizikletak konpontzen dituzte, nagusiki, baina beste hainbat jarduera ere egiten dituzte. Berriki, hilabetekoen prekaritatearen kontra engaiatu dira, eta oihal eta kulot berrerabilgarriak ekoizten dituzte. Hego Lapurdiko eskolekin harremanetan dira, eta ingurumenari loturiko sentsibilizazioa egiten dute. Dutrilleuxek uste du Recyclarte «interes orokorrerako» ari dela.

Hamar urte bete ditu aurten Recyclarte elkarteak. Abiatu zelarik, xedea zen birziklaleku bat sortzea, baina oztopoak izan dituzue bidean. Nolakoak?

Abiapuntuan, zentzua ukanen zuten enpleguak sortu nahi genituen, eta ikusten genuen Lapurdiko kostaldean ez zela birziklalekurik. Hortaz, bost urtez proiektu bat eraman dugu birziklaleku baten ukaiteko, zeinetan hondakinak saihesten ahalko genituen enpleguak sortuz. Baina ez dugu lokalik atzeman: pentsatzen genuen zerbait alokatzeko laguntzak ukanen genituela Euskal Hirigune Elkargoarengandik, Hendaiako Herriko Etxeak segitzen gintuen, baina ez dugu elkargotik laguntzarik lortu, kostaldeko etxebizitzaren prezioak diren bezalakoak direlako. Gure logika zen erratea jendea bizi den lekuan behar dela birziklalekua. 200.000 biztanle bizi dira gure eremuan, araberako hondakinak ekoizten dituzte, eta hor da gehienik kontsumitzen eta botatzen. Horregatik uste genuen halako proiektu batentzat Hendaia leku egokia dela. Berrerabiltzea sustatzeko manera ikusten genuen, eta bazen horretarako potentziala. Baina ez dugunetz lokal aski handirik ukan, eta nonbaitetik hasi behar genuenetz, bizikleten inguruko berrerabiltze zentro bat egin dugu. Hainbat tailer ezarri ditugu plantan jendea sentsibilizatzeko. Orain bi langile gara, elkarte ttipia da, baina biziki dinamikoa. Herritarrei, enpresei eta kolektibitateei zerbitzuak eskaintzen dizkiegu.

Zer motatakoak?

Bizikletak konpontzeko tailer bat proposatzen dugu, eta konponketak egiteko birziklatutako materiala baliatzen dugu. Bestalde, badugu toki bat edozein objektu konpontzeko, eta badugu oihalak berrerabiltzeko toki bat ere, josketa tailerrak egiteko. Horiek dira gure lokalean egiten ditugun jarduera nagusiak. Baina badugu sentsibilizazioaren ardatza animazioen bidez: hondakinak arrunt murrizten ikasteko eta xahutzerik ez egiten ikasteko, adibidez. Jendeei erakutsi nahi diegu gauzak beren baitarik egiten eta gutiago kontsumitzen.

«Hilabetekoen prekaritateari aurre egiteko, oihal berrerabilgarriak edo kulot berrerabilgarriak ekoizten ikasten diegu emazteei. Iaz emazte prekarioekin egin genuen hori, eta aurten, kolegioetako, lizeoetako eta unibertsitateetako emazte gazteekin»

Kontsumo gizartearen garaian, jendeei kontzientzia harraraztea zaila dea?

Nik beti lan egin dut ingurumen elkarteetan. Ikasketetatik atera bezain laster hasi nintzen; beraz, badu hogei urte baino gehiago arlo horretan ari naizela. Ikusi ditut mentalitateak garatzen. Lehen, erraten zelarik zerbait egin behar zela planetaren alde, jendeek ez zuten ongi ulertzen zergatik. Orain, badakite, eta guk proposatzen dizkiegu aterabide biziki konkretuak, berehala hasteko zerbait egiten. Recyclarte proiektuaren hasieran xede hori zen: sentitzen genuen herritar anitzek bazutela gogoa zerbait egiteko ingurumenaren alde, baina ez zekitela nola egin. Erregularki sortzen ditugun esparruetan jendeek ikasten ahal dute zer egin. Behar bezalako tresnak ezartzen ditugu eskuragarri, irakasten diegu horiek nola baliatu, eta birziklatu duguna berrerabiltzen ahal dute urririk. Adibidez, tokiko enpresa batzuek baliatzen ez dituzten oihalak ematen dizkigute, eta horiekin objektuak fabrikatzen ditugu; besteak beste, marmita norvegiarrak. Marmita horrekin egoste geldoa egiten da, eta energia gastuak murrizten dira.

Berriki, hilabetekoen prekaritateari aurre egiteko proiektu bat muntatu duzue.

Bai. Badu urte bat eta erdi martxan dugula. Hilabetekoen prekaritateari aurre egiteko, oihal berrerabilgarriak edo kulot berrerabilgarriak ekoizten ikasten diegu emazteei. Iaz emazte prekarioekin egin genuen hori, eta aurten, kolegioetako, lizeoetako eta unibertsitateetako emazte gazteekin.

Nola jin zitzaizuen proiektu horren xedea?

Duela zenbait urte prentsan artikulu bat irakurri nuen horri buruz, eta biziki hunkitu ninduen. Aipatzen zuten emazte anitzek ez zutela sosik hilabetekoendako zapi higienikoak erosteko, eta horrek eragiten zuela batzuentzat eskolara ez joatea. Hor erabaki nuen zerbait egitea horren inguruan. Badakigu emazte horiek hor direla gure eskualdean baina gordetzen direla, zeren eta lotsagarria baita haiendako; horiengana heldu nahi dugu. Kalkuluak egin ditugu eta bizi oso batean 4.300 euro aurrezten ahal dira berrerabilgarriak diren higiene produktuak erabiliz. Gainera, higiene produktu klasikoek osasunarendako txarrak diren produktu kimikoak badituzte. Hortaz, iruditzen zait badela ingurumen eta osasun erronka bat, denek izan dezaten sanoa den zerbait baliatzeko eskubidea. Horiek egiteko enpresa baten oihalak errekuperatzen ditugu; beraz, hondakinak murrizten ditugu bi aldiz: oihalak birziklatzen ditugulako eta botatzen diren zapi higienikoen kopurua murrizten dugulako.

Konpontzeko edo fabrikatzeko, jakintzen partekatzea duzue oinarri.

Hala da. Guk jendeari irakatsi nahi diogu egiten, eta hori oinarritzen da jakintzen transmisioan. Tailerretan denek badute zerbait erakusteko, bakoitzak badaki zerbait egiten eta denen artean ikasten dugu. Badut konponketa tailer baten oroitzapen biziki on bat: labe bat konpondu behar genuen, hiru ginen eta bakoitzak bere ezagutzak partekatuz lortu genuen. Bakarrik ez nuen lortuko, baina elkarrekin lortu dugu.

Elkartea diruztatzeko nola egiten duzue?

Animazioak eta sentsibilizazio saioak saltzen ditugu. Eskolekin anitz gauza egiten ditugu bizikletaren inguruan. Gehienetan, animazioak egiten ditugu konpontzen ikasteko. Eskola batekin garraioen inguruko gogoeta orokor bat eraman dugu plan bat diseinatzeko: helburua zen eskolari lotutako bidaietan autoaren lekua murriztea eta bizikleta eta garraio publikoa sustatzea. Bestalde, baditugu enpresa batzuekin partaidetzak: erraterako, Sokoa enpresako langile guziak gure kide dira. Seiehun kidetza ditugu, guti gorabehera.

Hasierako birziklalekuaren proiektua bazterrera utzi duzue?

Bai. Luzaz saiatu gara, baina, oztopoak handiegiak direnean, ez du balio tematzea. Politikarien borondaterik ez zen gure laguntzeko, eta laguntza publikorik gabe ezin genuen proiektu hori gauzatu. Ekonomia soziala biziki baliagarria da gizartearentzat, baina ez da batere balioztatua egungo sistema ekonomikoarekin. Egun, kutsatzaileek dute diru anitz irabazten; ez sozialki zerbait ekartzen dutenek edo kutsadura murrizten dutenek. Gaur egungo sistema ekonomikoaren barruan, gurea bezalako ereduak hauskorrak dira. Alta, interes orokorreko gauzak egiten ditugu. Duela lau urte, Departamendu Kontseilua gurekin harremanetan sartu zen osasun prebentziorako proiektu bat gauzatzeko: adinekoak bizikletan ibiltzera akuilatu nahi zituzten, sasoiko egoteko lagungarria baita. Prebentzioa eginez, dirua aurrezten du gizarteak. Gurea bezalako egiturek beharko lukete diru publiko gehiago ukan funtzionatu ahal izateko, interes orokorrerako gauzak egiten ditugulako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.