Jean Haritxelar zena omendu eta oroituko dute gaur, Baigorrin

Orain hamar urte zendu zen euskaltzain, ikerlari eta kronikaria, eta hura gogoratuko dute Kurutxarrik, Urrutiak eta Otaegik, besteak beste.

JEAN HARITXELAR
Jean Haritxelar, Sarako idazleen biltzarrean 2013an egin zioten omenaldian. GAIZKA IROZ
Iñaki Etxeleku.
2023ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Duela hamar urte zendu zen Jean Haritxelar unibertsitario eta euskaltzainburu ohia, eta, urtemuga kari, omenaldia eginen diote gaur, haren sorterri Baigorrin, Jean Haritxelar (1923-2013) Baigorriko seme - Euskararen begirale izenburupean, Plaza Xokon, 19:00etan.

Antton Kurutxarri Baigorriko hautetsi eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako arduradunak mintzaldia eginen du: Jean Haritxelar, plaza gizona. Haritxelar Baigorriko auzapez egon zen 1971tik 1980ra, eta haren «ekarpena eta ibilbide oparo eta anitza» aipatuko ditu Kurutxarrik.

Andres Urrutiak, Euskaltzaindiko gaur egungo buruak, Haritxelar euskaltzainburua oroituko du; nola «aldi latzetatik garai normalizatuagoetara, katakonbetatik aitortza ofizialera» aritu zen. Baita euskararen ikuspegi zabalean, «modu tradizionaletik molde berriagoetara, euskalkitik batura» ere. Urrutiak Haritxelarrek zuen «ikuspegi nazionala» aztertuko du: «Euskal Herri osoarentzat lanean» ari zela Euskaltzaindian, eta, «txokokeriatik gaindi, euskara eta euskal kultura partekatua euskaldun guztien artean» bilatu zuela.

Peio Jorajuriak, Herria astekariko zuzendari ohiak, berriz, Haritxelarrek euskarazko astekari horretan utzitako uzta azpimarratuko du Baigorriko gaurko omenaldian. Gehexan Pontto izengoitiarekin izenpetzen zituen Haritxelarrek Herria-ko bere kronikak. Astekarikoek berek diotenez, «luma fina izateaz gain, administratzaile gisara ekonomikoki garrantzi handia ukan zuen astekariaren ibilbidean» Haritxelarrek.

Etxahunen aztertzailea

Lourdes Otaegi literaturan doktore eta Gasteizko EHUko irakasle agregatuak, Haritxelarrek literatura arloan ekarri zuena azpimarratuko du, «ahozko eta idatzizko literaturaren arloko bere ikerketen ekarpenak» zein izan ziren aipatuz. Otaegik hura «unibertsitate giroan» ezagutu zuen. «Tesia egiten ari nintzela ezagutu nituen haren idatziak, eta nire poesia gaia aztertzeko baliatu nituen», gogoratu du. Otaegik doktoretza tesiko epaimahaiburu izan zuen, 1993. urtean. Ondotik, Otaegi Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordean sartu zenean, hurbilagotik ezagutu zuen, batzordea Haritxelarrek zuzentzen baitzuen.

Lourdes Otaegik Jean Haritxelarrek 1969an Pierra Topet Etxahun Barkoxe koblakariari buruz egin ikerketak eta tesia goraipatu ditu. «Lan eredugarriak dira, eta bide irekitzaileak, zeren lehen aldia zen metodologia kritiko zientifikoez aztertzen zirena bertsolari baten testuak, sakontasunez». Eta, horrez gain, «euskal metrikaren esparruko oinarriak sendotu» zituela dio.

Oxobi, Elizanburu, Arxüren lanak «oinarri metodologiko berak» baliatuz landu zituen Haritxelarrek, gero «hain lan zabala abiatu gabe» izan bazen ere. Otaegiren ustez, lan horietan «interesgarriak dira maite kantuetan islatu diren emazte maitearen irudikapenak (usoa, lorea, izarra...), edota literatura idatziko Oihenarten atsotitzetan aurkitu daitezkeen emazteen pertzepzioa, edota Etxepareren maitasun poesiako emakumearekiko begiradari buruzkoak».

«Egiazko euskaltzalea»

Haritxelar «egiazko euskaltzale bat» zela aipatu du Otaegik. «Literatura maite zuen bihotzetik; atsegin eta pentsakizun eragiten zizkion gisa berean arte literarioak eta, bereziki, kantuak». Kantuak leku berezia zuen Baigorriko «semearen» bizian,  EHUko irakasle agregatuaren iritziz. «Kantua gure artean lagunarteko giroan egiten da, eta Jean lagun artean bere giroan zegoen, dudarik gabe».

Pantxoa Etxegoinek Frantziako telebistako INAko artxiboetan Haritxelar agertzen den zatiak erakutsiko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.