Sekula itsasoa ikusi ez zuela sartu zen Ziburuko arrantza eskolan Nathalie Cabral (Grenoble, Frantzia, 1976). Haren gurasoek Portugaldik Frantziara immigratu zuten lan egitera, eta, zenbait urtez Grenoblen egon ondoan, aita Landesetara (Okzitania) joan zen egurra mozteko lanetan aritzera. 16 urte zituen Cabralek, eta ez zuen aitarengandik urrun bizi nahi. Orduan sartu zen Ziburuko arrantza eskolan, jakin gabe xuxen zertara zihoan. Geroztik, itsasoan ibili da hainbat urtez, arrantzarako ontzi ttipietan gehienbat, eta duela guti arte Baionako portuan egin du lan, zundaketa ontzi batean. Marinel ofizioa aldatzen ikusi du, eta uste du gero eta erabaki «zentzugabe» gehiago bete behar dituztela. Izan ere, urtarrilaren 22tik, Bizkaiko golkoko uretara ilkitzea debekatu zaie arrantzaleei, izurdeen babesteko. Cabralek uste du neurriak kalte egiten diela arrantzale ttipiei. Debeku hori indarrean izanen da otsailaren 20ra arte.
Arrantzale izatea ez zen zure bokazioa...
Gurasoak immigranteak ziren, eta, ondorioz, ni immigrante alaba. Gurasoak biziki langileak izan dira beti, eta aita Landesetara joan zen egurra pikatzera. Biziki hurbileko harremana dugu, eta deliberatu nuen haren segitzea, baina tratua zen ikasketak egin behar nituela denbora berean. Horregatik hasi nintzen begiratzen inguruan zer eskola bazen. Itsasoa ez nuen sekula ikusia, ez nuen harremanik ez arrantzarekin, ez arrainekin... Baina bilatzen nuen eskola bat zeinetan ez nintzen beti klasean jarririk egonen, ez bainintzen eskolari biziki lotua. Ziburuko Mariñela auzoko itsas eskola bazela ikusi nuen, eta, nahiz eta ez nekien zer zen, izena eman nuen, eta onartu ninduten. Niretzat berri ona izan zen: ez arrantza eskola bat zelako, baizik eta aitaren ondoan egoten ahalko nintzelako.
Gogoan duzu lehen eguna?
Galdetu zidaten izena eman nezan urpekaritza egiteko. Hor ulertu nuen arazo bat izanen nuela: ez nekien igeri egiten, ez nintzen sekula itsasoan sartua. Ene buruari erran nion segurki eskolaz tronpatu nintzela, aldatu beharko nuela arazo handi bat izanen nuelako, eta, gainera, neska bakarra nintzen. Baina denbora joan ahala, eta, hori zenez hemen egoteko baldintza, gelditzea deliberatu nuen. Fite ulertu nuen arrantza eskola bat zela, itsasontzietara igoko nintzela, itsasora aterako nintzela... Ziburura arribatu nintzenean, arrantzaleek beso zabalik hartu ninduten. Itsasoaren mundu horretan integratu naiz, eta gustatu zait.
Noiz atera zinen lehen aldiz itsasora?
1992an eskolara sartu, eta berehala ikastaroak egiten hasi nintzen, eta asteburutan ere ontzietara igotzen nintzen. Barnetegia ez nuen anitz maite, ene apartamentua hartu nahi nuen, eta sosa biltzeko lan egiten nuen, itsasora joanez. Arrantzaleek utzi ninduten ene tokia egiten. 1994an, diplomaturik atera nintzen, jadanik nabigatua nuen, sasoiak egiten bainituen ontzi pelagikoetan atun arrantzan.
Zein izaten da ontzi gaineko lana?
Palanka ontzietan ibili naiz franko. Horrekin, Donibane Lohizunetik ateratzen ginen, sardinak apastatzen genizkion amuari —1.500 eta 2.000 sardina artean—. Arrantza eremura arribatzean, amu hariak botatzen genituen, ordu batzuez uzten, eta gero berriz igotzen. Igotzea anitzez ere luzeagoa eta zailagoa da urera botatzea baino. Bistan da, arrantzarako eremuak ditugu. Hemen, Capbretongo hobia da gure eremua, eta gero arrainen arabera mugitzen gara. Finean, joatean materiala prestatzen da, eta itzultzean, xantza izan badugu, arrainak prestatzen ditugu: garbitu, tripak hustu, neurriaren arabera sailkatu. Portuko arrain saltegira arribatzean, arrainak pisatzen ditugu, eta kaxak biltzen, enkanteetan saldu daitezen biharamun goizean.
«Arrantza eremura arribatzean, amu hariak botatzen genituen, ordu batzuez uzten, eta gero berriz igotzen. Igotzea anitzez ere luzeagoa eta zailagoa da urera botatzea baino»
Jada ez zara gehiago arrantzalea, baina ontzietan lanean segitzen duzu.
Familia arrazoiengatik egin nuen aldaketa hori. 2005ean alaba gazteena ukan ondotik, arrantza ateraldi bat izan nuen, eta hor ohartu nintzen ezin nuela gehiago hori egin, ez zela gehiago bateragarria ene biziarekin. Arrantzaren eta haurren artean, haurrak hautatu ditut. Beraz, beste ofizio bat bilatu dut marinel lanaren barnean, hori baita egiten dakidan gauza bakarra. Entzun nuen Baionako portuan zundaketa ontzi batean lana bazela, marinel bat erretretara abian baitzen. Esperantza handirik gabe aurkeztu nintzen, baina hartu ninduten. Zundaketa mapak egiten zituen ontzi horrek, zamaontziek gutieneko goratasun bat behar baitute portura sartzeko. Horrek manera ematen zidan portuan egoteko, edo, bederen, portutik ez urrun. Gauza anitz ikasi behar izan ditut, ene lanbidea beste gisa batekoa baitzen lehen.
«Bulegoetan direnek esplikatzen dizute zer egin behar duzun ontziaren gainean, milaka paper izenpetu behar dituzu... Arrantzaren debekuarekin gauza bera da: bulegoetakoek ez dute kontuan hartzen errealitatea»
Nolakoa izan da portuko esperientzia hori?
Baionako portura joateak manera eman dit ama rola izateko eta lan egiteko, baina ez zen ene berezko ofizioa. Baionako portuan ez da gauza handirik gertatzen orain, eta horren gibelean den politika ez dut baitezpada onartzen, ez dut horrekin bat egiten. Bulegoetan direnek esplikatzen dizute zer egin behar duzun ontziaren gainean, milaka paper izenpetu behar dituzu... Arrantzaren debekuarekin gauza bera da: bulegoetakoek ez dute kontuan hartzen errealitatea.
Hain zuzen ere, urtarrilaren 22tik arrantzaleek debekatua dute Bizkaiko golkora ateratzea. Nola ikusten duzu debeku hori?
Ez nuke egun arrantza ttipian ari direnen izenean hitz egin nahi, baina, izan dudan esperientziatik abiatuz, erranen nuke berriz ere zerbait inposatzen zaiela jakin gabe zer ondorio dituen. Nik beti errespetatu dut itsasoa, gu baikara itsas bizidunen mundura sartzen garenak. Baina nik jakin nahiko nuke zertan oinarritzen diren ontzi ttipiei arrantzatzea debekatzeko. Izurdeak babesteko dela diote, eta hori gauza ona da, baina zein dira datu zehatzak? Donibane Lohizuneko ontzi ttipiek zenbat izurde arrantzatu dituzte? Eman ditzatela kopuruak. Erabakia hartzen dute planeta salbatzeko, eta bistan da horretarako erabakiak hartu behar direla, baina, orduan, arrantzaleak ekonomikoki sostengatu behar dira. Erranen dute diru laguntzak badirela. Ados. Baina noiz? Nola? Erabaki horien gibelean, arrantzaleak zuzenean hunkiak dira, familiak zuzenean hunkiak dira, eta egunero jan behar dute, diru laguntza goaitatu artean ere... Ez du zentzurik. Arrantza erraldoia baizik ez dute nahi; arrantzale ttipiak kendu nahi dituzte. Alta, uste dut aterabidea litzatekeela teknika selektiboagoak garatzea. Arrantza tradizionala suntsitzen ari dira, eta soilik folklorerako atxiki nahi dute.