Aurten 21 izokin baizik ez dituzte kontatu Urdazuri errekan ikerlariek. Sekula baino gutxiago. Duela hogei urte, oraino, berrehun inguru kontatzen zituzten urtean. Europa mendebaldeko leku bakarrenetarik zen, orain arte, Euskal Herria, arrain gerizatu hori atxiki zuena eta gizakiaren jardunek desagerrarazi ez zutena.
Olivier Briard Urdazuriko AAPPMA Arrantza eta Erreka Uren Babes Elkarteko lehendakaria da, Senperen, eta izokinaren bilakaera lurraldeko uren bilakaeraren seinalea dela dio. «Izokina markatzaile biologiko inportantea da. Uraren kalitatearen berme erakuslea da». Izokinaren eta beste arrain migratzaileen gainbeherak arrazoi bat baino gehiago du. Hidroelektrikarako urtegiak eta bestelakoak, itsasoko arrantza, kutsadura, eta orain ur eskasteak. Gure gizarte hautuen erakusleihoa zaio erreka. «Izokinaren babesteari uzten badiogu, erran nahi du uraren kalitateaz ontsa futitzen garela».
Mathieu Buoro eta Etienne Prevost Laborantza, Elikadura eta Ingurumenerako Ikerketa Institutu Nazionaleko (INRAE, frantsesez) zientzialari-ikerlariak dira, Senperen. Urdazurin egiten dituzte arrain migratzaileei buruzko ikerketak —aingira, amuarraina, izokina eta alosa—, baina ikerketa horien nazioarteko ikerketa sare zabalagoan sartzen dira. Europako Itsasoaren Miaketa Batzorde Internazionalean, bada talde bat izokinari zuzentzen zaiona. Europako aditu guzien ikerketak biltzen ditu, Senperekoenak barne. «Horri esker, izokin saldoak neurtzen ahal ditugu, eta bilakaerak ikusten ahal Europan eta Ipar Amerikan», esplikatu du Mathieu Buorok. Talde zientifiko horrek aholkuak ematen dizkie nazioarteko erakundeei arrantza politiketan, konparazione.
Etienne Prevostek baieztatu du izokina bereziki segitua den arrain babestua dela. Enblematikoa da. Oroitarazi du desagertua bezala zela 1970eko hamarkadan, gizakiaren eraginez. Hidroelektrikarako eta garraiorako barradera edo urtegiak eta zentralak dira hobendun nagusiak, baita kutsadura guziak eta itsasaldeko arrantza masiboa ere. «Mirakulu aski handia da hemen izokina oraino hor izatea. Errobi, Urdazuri, Bidasoa gune arraroak dira horretan, Bretainiako eta Saint-Michel mendiko arroen gisan», aitortu du Prevostek. Hain zuzen, horregatik iduritzen zaio ardura are handiagoa duela lurralde honek. «Espeziea arrain basa bezala oraino bizi den gune batean gara; beraz, lurralde hau gainditzen duen erantzukizuna da gurea».
Duela berrogei bat urte, errekazainen eta zientzialarien lanari esker berpizten hasi zen izokina. Aurten, izokin saldorik apalena kontatu dute. Egoera berdintsua da Atlantiko aldeko beste erreketan ere. Gizakiaren aktibitateen ondorio kaltegarriei beste gauza bat gehitu zaio azken urteetan: klima aldaketa eta ur heinen beheititze azkarra. Gehiago dena, 40 urtez, izokinak izariz eta pisuz ttipitu eta arindu dira. «Hain segur, uretan hazteko baldintzak txartu direlako», erran du Buorok.
Kutsadurak eta itsas arrantza
AAPPMA elkarteak Errobiren arroan, Urdazurirenean bezala, Frantziako Estatuak eman betekizuna du uren kalitateen zaintzea, uretako arrainen eta gainerako bizidunen osagarria zaintzeaz gain. Kutsadura bat gertatu aldikal erakunde publikoei jakinarazi behar die. Eta hala egiten du. Olivier Briard Urdazuriko AAPPMA elkarteko lehendakaria da hamabost urte hauetan, eta ur hori aztertu du azken 30 urteetan. Hark dioenez, ur araztegiak eraikirik oro har uraren kalitatea hobetu da, baina euri uhar handietan araztegiak gaindikatzen dira, eta Urdazuri kutsatua da, maiz. «Euri erauntsiak direnean, erregularki, ur zikinak gaindikatzen dira, eta Urdazurirat isurtzen. Elkargoa abisatzen dugu behin, bi aldiz; hirugarren aldian, salaketa ezartzen dugu». Arazoa da salaketa ezarri eta sekulako denbora behar duela aitzina egiteko. Salaketa kutsaduraren iturria den enpresa baten kontrakoa ere izan daiteke.
Europak laguntzen ditu azkarki diruz ur zikinen araztegiak, baina biztanleria zalu emendatzen den lurraldean, eta, udan jende andana doblatzen denean, araztegiak ttipiegi gertatzen dira. Urdazuriko arroan araztegi berri eta handia egitekoa dute orain. Bizkitartean, Briardek dio ur zikinak garraiatzeko hoditeria hertsiegia eta andeatua dela guneka. «20.000 biztanlerentzat eginak ziren hodi horiek egun 40.000rentzat behar lukete izan». Artetik errateko, Briardi adierazgarria zaio Elkargoak Uhabia errekan arazoari eman dion erantzun bat, tapa ateak ezarririk: ur zikinak direnean tapak hetsi, ur zikinak itsasoan urrunago botatzeko hondartza bazterrean bainatzeko baimenak atxikitzeko gisan. «Zortzi milioi euro gosta dute tapa horien obrek, Uhabiako ur zikinak urrunago botatzeko udatiarrak ez daitezen jenatuak izan bainatzeko». Uhabia kutsatua dela jakina da, eta arazoa kontraka kudeatu dela dio Briardek. «Turismoaren ekonomia da jokoan, eta, arazoa bere iturritik konpontzeko partez, kontrakoa egin da, urrunago igorriz».
Izokinaren gainbeherak beste esplikazio bat badu, Briarden ustez. Donibane Lohizunen duela hogei urte abiatu zuten arrantza mota bat. Guneka sareak ezarriz, arrain migratzaileak ere harrapatzen dituztela dio, eta desmasia handia dela. «2003a baino lehen, bana beste berrehun bat izokin bagenituen urtean. 2003tik landa, 70etara erori zen; eta urterik txarrena aurtengoa da: 21 izokin». Berrogei urtez egin lana suntsiturik bezala ikusten du erreken zaintza elkarteko buruak. «Dramatikoa da. Babestuak diren espezieen atxikitzeko egin ditugun indar guziek funtzionatu zutelarik».
Baina izokinaren eta ureko izaki babestuen zaintzaileek beste suntsiketa eragile bat begitan dute aspaldian, izokinaren erreketako arrantzari frankok bezala funtsean: zentral hidroelektrikoak eta barraderak.
Hidroelektrika hiltzaile
Izokin arrantzariek aspaldian salatzen dute zentral hidroelektrikoetako turbinek xirtxikaturik uzten dituztela izokin gazteak, eta barraderak ezin dituztela gainditu.
Ipar Euskal Herriko hidroelektrikariek lobby lana eraman dute azken urte hauetan, ingurumen debekuen kentzeko. Euskal Elkargoa ere Corinne Lepage abokatu ezagunaren bila joan zen tokiko erreketan energia berriztagarri hori garatzeko aholku ikerketa egin zezan. Sail horren aldeko olde horrek arranguratzen du azkarki AAPPMA elkarteko burua. Baita INRAEko zientzialariak ere.
Briardi, gainera, zentzugabekeria zaio hidroelektrikaren garapena Ipar Euskal Herriko erreketan, uren heinak urtez urte beheiti baitoaz, eta ez baita joaira aski handirik izanen zentral horien itzulikarazteko. Athurri-Garona ur agentziak egin Athurri 2050 prospektibak dio uren heinak %40 apalago izanen direla 2050erako. Briardek dio geroztik beste ikerketa bat izan dela: «Ez da Athurri 2050, baizik eta Athurri 2030. Ur heinak erdira jautsiak izanen dira bihar berean. Hidroelektrikariek tokiko hautetsiak engainatzen dituzte».
INRAEko zientzialariek ere kezka bera dute, ikusten dutelarik Elkargoak hidroelektrika garatzeko xede baduela zentral jabeekin batean. «Segur da kaltegarria litzatekeela izokinarentzat, eta gibelera egite handia litzatekeela. Ez da karbono gutiko energia delako ingurumenarentzat eta bioaniztasunarentzat ona dela. Barraderak izugarri kaltegarriak dira arrain migratzaileentzat eta erreka uren bioaniztasunarentzat», erran du, garbiki, Prevostek.
«Betikoa, ekonomia ezartzen da ingurumenaren aitzinetik», segitu du Briardek. «Zer Euskal Herri nahi dugu? Elektrika ekoizteko gaitasuna duena, ingurumenari kasurik egin gabe, edo ibai eta itsas ur sanoak dituena?». Energia alorrean lehentasunak beste nonbait ikusten ditu: beti berdin ekoizteko partez, kontsumoa ttipitzea. «Azkenean, energia kontsumoa zuhurtzeari buruz itzulikatuko ginateke, arren, koherenteak izateko gure bizitzetan».
Gainerat, uren apaltzeak beste arrangura bat ekarri du: edateko uraren eskastea. Ur agentziaren iragarpenek ez dute mentura onik ekarri, eta Briardek uste du fite egina dela lehentasunezko hautua edateko uraren eta elektrika eskasaren artean: «Edateko ura ukaiteko zinezko arazoak ditugun egunean, ageriko. Elektrika eskasten bazaigu, trabak izanen ditugu, baina bizitzen ahalko gara; elektrizitatea ez da edaten».
Klima aldaketaren ondorio horiekin ez zuten erreketako bizidunek hidroelektrikaren asmoen beharrik, errekazainen ustez. Arrain migratzaileek ibarretan gorago joateko pasaia dutenean, xantza handiagoa dutelako bizirauteko, Buorok azaldu duenez: «Erreken gainaldeak babeslekuak dira, ura freskoago delako eta ugalketarako gune onak direlako».
Urruteniako urtegia
Esperantza berriz bildua zuten, AAPPMAk berriki Dantxarinea (Ainhoa) Urruteniako urtegi zaharra desegitea erdietsi baitzuten. Izokinek, amuarrainek, aingirek ez zezaketen gainditu horraino.
Eihera izan zen Frantziako iraultza baino lehen, eta gero arraintegia bilakatu zen. Ura eskastearekin, ez zen gehiago erabilia aspaldian. Frantziako arrantzarien fundazioarekin erosi dute, hondarrean, desegiteko. Briard biziki kontent da, ezen Nafarroako aldean arrainak errazki igaiten ahalko baitira. «Nafarroan barraderak kendu dituzte, eta arrainek dena gaindi dezakete. Aspaldian eginak dituzte obrak. Guk 25 urte behar izan ditugu igurikatu». Buoro zientzialaria ere pozik da: «Arrainak igaiten ahalko dira, eta izokinak ugaltzen ahalko dira Nafarroako partean». INRAEkoek, gainera, partaidetza lan bat abiatua dute Nafarroako Gobernuko uren zerbitzuekin, Urdazuri eta Bidasoko bizidunen zaintzarako.