Willis Drummond musika taldeak agurtzeko kontzertu bat baino gehiago egin zituen 2023. urte bukaeran eta, azkena, Donostian izan zen, 2024 hastapenean, urtarrilaren 5ean. Hemeretzi urtez aritu zen horra arte Ipar Euskal herriko rock taldea oholtzetan. «Ontsa da gauzak ongi direnean uztea; nahi genuen lekura iritsi gara», erran zuen Jurgi Ekiza taldeko kantari eta gitarristak BERRIAri eskaini elkarrizketan.
Beste gertakari ohargarria ekarri du 2024. urteak. Aranzadi zientzia elkartea lehen aldikoz zazpi euskal lurralde historikoetan ibili da indusketa lan arkeologikoetan. Ondorioz, Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan ere aritu da, uda honetan; lehentze. Gixunen, Aturri bazterreko intak miatu dituzte Aro Modernoko bilakaeren aztertzeko. Donazaharren, erromatarren zelaia berriz ireki du Aranzadik, urteetan miatu gabe egon ondoan. Aurizkoarekin (Nafarroa) eta Garaziko hiriburu zaharraren arrunt idurikoa den Artizkoarekin (Nafarroa) Euskal Herria zeharkatzen zuen erromatarren galtzadako atseden gune inportantea izan zen. Zuberoan, berriz, garai doi bat zaharragoetara ekar dezakeen Altzürüküko Gaztelu gunea ikertzen hasi da. «Egin ditugu zazpi zundaketa: atzeman ditugu zeramika zatitxoak, atzeman ditugu ikatzak... Horiek analizatu beharko ditugu laborategian, baina lehen itxura da zaharrak direla. Ez dakigu Burdin Aro bukaeran edo non koka gaitezkeen, baina Burdin Aroan, bederen, bai», esplikatu zuen Mattin Aiestaran Aranzadiko arkeologoak egindako lana.
Marrazkirri gaualdiaren itzulera izan da urte hau, bestalde. Izura-Azmeko Haize Berri kultur etxea gelditu zelarik, Marrazkirri ere gelditu zen duela hamabost urte. Izpiritu berarekin berpiztu dute Asisko Urmeneta eta Jean-Marie Irigoin oztibartarrek: etxekoz etxeko eta lagunarteko giroan egitea, edozein marrazkilari amateurrek parte hartzea gai bat emanik, eta umorezko marrazki erakusketa afari eder batekin estreinatzea, marrazki, irri eta besta giroan. Otsailaren 9an izan zen, Larzabaleko Espelletenia ostatuan, urteko gaia Bota’zank hori! emana zutela antolatzaileek. 2025ean berriz egitekoa dute.
Idazle gazteak
Belaunaldi berriko bi liburu aipa daitezke aurten jalgi liburuen artean. Bea Salaberri idazleak bere lehen eleberria plazaratu du, Txalaparta argitaletxearekin: Mesfida zaitez. Amaiur Epher garaztarraren eleberri bat iragarri berri du artgitaletxe nafarrak 2025 hasierako.
Lehen liburu batekin agertu dira beste bi idazle. Ekaitz Bergaretxek Masusta erreximenta eleberri autobiografikoa atera du, Herrima argitaletxearekin. Maddi Sarasua Lazkaraik, berriz, lehen olerki bilduma atera du, Maiatz argitaletxearekin, Biharraren hegietan izenburuarekin. Beste hainbat idazlek ere lan berriak plazaratu dituzte aurten, hala nola Itxaro Bordak, Piarres Aintziartek, Joseba Aurkenerenak, Xerar Urrutiak, Pantzo Hirigaraik, Eric Dixarrik eta Eneko Bidegainek. Iker Elosegik Euskal Herriko Fauna gida argitaratu du Elkarrekin.
Literaturan beti, Euskaltzaindiak lehen aldikoz Irailekoak poesia topaketak antolatu zituen Itsasun buruil hondarrean. Iaz, Bizkaiko Lekeition egin zituzten, eta asmoa da aldizkatuz antolatzea urte batetik bestera bi herrien artean.
Taula gaineko ikuskizunak
Herri ikuskizunen aldetik, Zuberoako pastorala aurten Gamere-Zihigako herritarrek muntatu zuten. Bidenabar, pastoral idazle berria eta errejent berria agertu ditu Ligetx Koblakaria(k) izena zuen pastoral horrek: Beñat Larrori eta Xantiana Etxebest. Luis Ligetx koblakari larraintar zenaren bizian oinarritu istorioa sortu du Larrorik. Madalena Ligetx arreba ere sartu du pertsonaia nagusietan.
Beste pastoral bat izan da aurten. Lapurdin, haatik, eta ez euskara hutsean. Inesa de Gaxen pastorala eman zuten Xarnegu aldeko herritarrek Bastidan eta Bardozen. Testua Itxaro Bordak idatzi du eta okzitanierara Yvan Bareyrek itzuli du. Hortaz, okzitanieraz eta euskaraz eman dute. Pantxika Urruti aritu da zuzentzen. Lekornen, bestalde, herritarrek kabalkada muntatu zuten udan.
Antzezlanen aldetik, Senpereko Iduzkilore taldeak Ihesi antzezlana estreinatu zuen urtarrilean, eta geroztik jarraitu du herriz herri ematen. Pierre Palmadek eta Christophe Duthuronek frantsesez idatzi Les Fugueuses antzerkia da Maddi Zubeldiak euskarara itzuli eta egokitu duena. Maika Etxekoparrek zuzendu du. Azkena emanen dute igande honetan, 17:00etan, Itsasuko Atharrin.
Axut konpainiak publikoa hurbiltzeko formula berriak estreinatu ditu aurten. Ekaineko asteburu guzietan, Izura-Azmeko Latsagako jauregiaren lorioan Lurrez estali antzezlana eman zuen. Lurraren eta laborantzaren herentziaren zama zuen aipagai. Irailean, berriz, Bidasoa mintzatuko balitz soinuz eta irudiz zedarritu ibilbidea proposatu zuen Bidasoan gaindi. Migratzaileek bizi behar duten ihesaldia zuen gaia, Xabier Erkizia soinugile eta Gari Garaialde argazkilariaren lanekin.
Ipar Euskal Herriko taula gaineko arteen kontserbatorioak euskal saila garatu du. Iraileko sartzetik euskal antzerki eskola bat abiatu du. Herri musiken sailean, trikitia sartu da ofizialki eta Joseba Tapia dabil irakasle lanetan. Euskal dantza ikasgela berria ireki du, eta euskal dantza diploma ofizialeraino joatea ahalbidetu dio Frantziako Kultura Ministerioak kontserbatorioari. Lehena da halako berezitasuna onartu zaiona. Euskal kantagintza lantzeko adarra sortzeko asmoa du.
Nahas-mahas
Ikus-entzunezkoen alorrean, azpimarratzekoa da Josu Martinezen Mirande, film bat egiteko zirriborroa filma Ipar Euskal Herriko zinema geletan zabaldu dutela aurten. Bestalde, Herrima eta Erroa ekoiztetxeek Asisko Urmenetaren Ni ez naiz sorgina dokumentala bidean du. Diru bilketa deialdi bat zabaldu dute urte bukaera honetan lana finantzatzeko.
Arte plastikoetan, aipagarri da Anne Rearick argazkilari estatubatuarrak kasik 25 urtez Euskal Herrian egin argazkien bilduma plazaratu duela Gure Bazterrak deitu duen liburuan, eta erakusketak muntatu dituela Miarritzen eta Donostian. Azken hori oraindik ikusgai da urtarrila erditsu arte, Okendo kultur etxean.
Argazkietan beti, Camille Chopin artista baxenabartarrak Bai ala Bai erakusketa ikusgai dauka urtarrilaren 14ra arte, Baionako Atalante zinema gelan. Altxalili drag kabareteko pertsonaien inguruko lana da.
Joan den udaberrian, Euskaltzaindiak jakinarazi zuen Piarres Lafitte Iturralde (Luhuso, 1901-Baiona, 1985) apaiz katoliko, idazle, euskaltzain eta kazetari zenaren artxibo guzia digitalizatu eta sarean ezarri zuela. Lafittek artxibatu milaka dokumentu dira, eta bost urtean digitalizatu dituzte.
Musika munduko izen ezagun baten joatea ere ekarri du 2024ak: Sylvain Luc, bereziki jazz munduan famatua den musikari baionarra zendu baitzen, martxoan, 58 urtetan.