Gutun batek gauza anitz konta ditzake idazten duenaz, baita errezibitzen duenaz eta idatzia izan den garaiaz ere. Historialarientzat altxor dira maiz, eta hizkuntzalarientzat ere altxor dira. Duela zenbait urte, famatuak egin ziren Le Dauphin itsasontziko gutunak, euskaraz idatzitakoak atzeman baitzituzten. Hariari tiraka, XVI. eta XIX. mendeetako itsasontzietako gutunei interesatu zaizkie ikerleak Corban proiektuaren barnean; Paue (Okzitania) eta Aturrialdeko unibertsitateak darama proiektua, zenbait historialarirekin eta hizkuntzalarirekin. Aurtengo neguan finitzekoa dute ikerketa, eta publiko zabalarentzat Itsasoko gutunak erakusketa osatu dute Ziburuko Errekoletoetan. Hilabete osoan izanen da ikusgai: asteartetik ostiralera, 14:00etatik 18:00etara, eta, larunbatetan 10:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 18:00etara.
Celine Mounole hizkuntzalari eta Corban proiektuan parte hartu duen ikerleetarikoak esplikatu du gutunak Londresko artxibategi nazionalean direla, Prize Papers (Harrapakari paperak) izeneko funts erraldoi batean. Orain ikertu duten corpusean, 370 gutun atzeman dituzte frantsesez, eta 30 euskaraz. Bi bitakora kaiera atzeman dituzte, gainera; bata euskara hutsean, eta bestea elebiduna, euskaraz eta frantsesez. Le Dauphin itsasontziaren kasuan, euskaraz idatzitako 52 eskutitz atzeman zituzten.
«Garai hartarik ditugun euskal testu gehienak erlijioari lotuak dira, eta inprimatuak dira. Gutunen bidez, hizkuntzaren bizitasunari buruzko informazio gehiago ditugu, beste gai batzuk jorratzen baitira»
CELINE MOUNOLEHizkuntzalaria
Mounolen arabera, eskuizkribuak direnez, interes berezia dute gutunek: «Garai hartarik ditugun euskal testu gehienak erlijioari lotuak dira, eta inprimatuak dira. Gutunen bidez, hizkuntzaren bizitasunari buruzko informazio gehiago ditugu, beste gai batzuk jorratzen baitira; aferei buruz, adibidez». Erraterako, hizkuntzaren ikuspegitik, gutunetan testu inprimatuetan «agertzen ez diren ezaugarriak» dira, euskaraz osoki letratuak ez zirenek idatziak baitira. Horrek «eguneroko hizkuntza nolakoa zen erakusteko» balio du, Mounolek erran duenez.
Harrapaketak
Bi helbururekin egin dute ikerketa lana, eta, hizkuntzalaritzaz gain, alde historikoa ere ikertu dute. Mounolek azaldu du gerra garaian, etsaiaren ahultzeko erabiltzen zuten tekniketariko bat komertzio itsasontziak harrapatzea zela. Harrapatze horiek legalak ziren, erregearen baimenarekin egiten zirelako, baina hala egiten zela egiaztatzeko, auzi bat egin behar izaten zuten. Auzi horretara itsasontziko ondasunak eta dokumentazioa eramaten zituzten. Ingelesek dokumentazio guzia biltzen zuten, baita gutuneria ere. Horregatik dira Ingalaterran gordeak. Mounolek erran du denetara 160.000 gutun atzeman dituztela, hemeretzi hizkuntzatan.
Horiek horrela, Corban proiektuko ikertzaileen lana, hasteko, Lapurdi kostaldetik ateratako itsasontzien gutuneria biltzea izan da. Hizkuntzalariak esplikatu du artxibategi hartan gutunak ez direla batere katalogatuak, eta, beraz, horiek bilatzea «belar meta batean orratz bat bilatzea» bezala dela. Orain, beste laguntza bat erdietsi dute ikertzaileek eta asmoa da Hego Euskal Herriko portuetatik ateratako itsasontzien gutuneriak atzematea. Izan ere, orain arte atzemandako Hegoaldeko gutunen gehiengoa gazteleraz idatzitakoa da. Ikertu nahi dute zein den horren arrazoia, eta nola banatzen zen idatziaren funtzioa hizkuntzaren arabera, jakinik garaian euskal elebakarren proportzioa berdintsua zela Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian.