Itsaslaster batek kliman duen eragina ikerketagai

Paul-Moal Darrigade geologoak bere tesi zientifikoa aurkeztu zuen Donapaleuko Otsail Ostegunak zikloan. Cadizko sedimentuak ikertu zituen Mediterraneoko itsaslaster batek duen eragina aztertzeko.

Paul Moal-Darrigade
Paul Moal-Darrigade, 2023ko ekainean, 'Marion Dufresne' itsasontzian, sedimentuen azterketa lanetan. HITZA
Joanes Etxebarria.
2025eko martxoaren 16a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Paul Moal-Darrigadek ozeanografian egin zuen tesia aurkeztu zuen, otsailaren 27an, Otsail Ostegunen zikloan, Donapaleun. Geologo amikuztarrak Cadizko (Espainia) itsaspeko sedimentuak ikertu ditu, eta analisietatik Mediterraneoko itsaslaster bati buruzko ondorioak atera. MOW itsaslasterra ikertzean (Meditarreanean Outflow Water ingelesez; Mediterraneoko itsalasterra euskaraz), helburua zuen ikustea zer harreman ukan duen Mediterraneoko ur horrek «Ipar Atlantikoko kliman eta ozeanografian», eta ondorioztatu du eragina aldakorra izan dela garaietan zehar.

Sedimentuak itsas zolan garaiz garai pausatzen diren partikulak dira, eta zientifikoentzat informazio iturri. Lekuaren arabera, laginek bide ematen diote garai luze edo laburrago bat ikertzeari, sedimentuak itsas zolara heltzen diren abiaduraren arabera. «Biziki fite abian badira, ukanen ditugu sedimentu anitz garai labur batekoak, eta hor garaiak detaile handiz ikertzen ahal dira. Biziki guti erortzen badira, garai gehiago ikertzen ahalko dira baina detaile gutxiagorekin», argitu du Moal-Darrigadek. Tesiarentzat egin azterketek 1,2 milioi urteko garaia bildu dute. 

Korrontea eta klima

Klima aldaketa eta Lurraren berotzea hainbeste aipatzen diren garai honetan, perspektiba zabaldu du ikerlariak, Lurraren historia luzeko klima aldaketak aipatuz: «Azken 2,6 milioi urteetan, zenbait aldaketa izan dira klima beroen eta hotzen artean. Klima glaziarrak hotzak ziren, eta interglaziarrak, beroak». Garai horietako itsaslaster mediterraneoaren bilakaera aztertzean, Moal-Darrigadek ondorioztatu du «klima berotzeak» baduela «eragina ur-laster horretan». Era berean, «itsaslaster horrek laguntzen du berotzen, baina gaurko egunean karbono dioxido askatzea, deforestazioa eta ozeano zikloen aldatzeak dira eragilerik handienak», haren ustez.

«Klima berotzeak badu eragina ur-laster horretan. Era berean, itsaslaster horrek laguntzen du berotzen»

PAUL MOAL-DARRIGADEGeologoa

Tesia zientifikoak «biziki zehatzak» izaten dira, Moal-Darrigaderen erranetan, baina gehitu du ikuspegi zabalagoak lantzeko balio dutela: «Helburua da galdera handiago batzuei erantzun ttipi batzuk ekartzea, eskala orokorrean erantzun handiago batzuk ukaiteko». Galdera «orokor» horiek, haren tesiaren kasuan, klimari lotuak dira, nagusiki: «Ene lana izan da itsaslaster hori nola ibili den kuantifikatzea, eta beste ikerketetan erabilia izanen da gerora. Adibidez, klima orokor baten aurreikusteko edo gune bateko klima aurreikusteko».

Ikerketaren hautua

Tesiaren lan ardatza proposatu ziotelako abiatu zen Cadizko sedimentuen inguruko lanketa egitera, pixka bat «kasualitatez». Baina Euskal Herriko itsas hondoak ere ez dira interesik gabekoak Moal-Darrigaderentzat: «Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako [Bizkaia] laborategi bat horretan ari da, eta Pasaian [Gipuzkoa] ere batzuk horretan ari dira. Gauza anitz egin dira Euskal Herrian, baina badira oraino anitz egiteko, ene ustez». Baina ikerketan segitu ahal izateko, «tokiak kario dira», zientzialariak dioenez, gehienetan Euskal Herritik kanpora joan behar izaten baita ikerketan segitu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.