Xingar Ferian edo Baionako bestetan sustatzen duten makrobesta ereduak eraso sexistei bidea irekitzen diela salatu du Itaiak, eta horietan Baionako Herriko Etxeak duen erantzukizuna seinalatu du. Ekintza egin dute Xingar Feriaren sari banaketan: ekitaldia eten dute afixak eskuetan zituztela eta esku orriak bota dituzte airean, erasoen kontrako oihuak eginez. Publikoak txistuka erantzun die, eta hainbat gizonek irain ere egin diete. «Zoazte baxerak egitera», oihukatu dute horietako batzuek. Itaiako kideak urrundu direnean, deus ez balitz bezala segitu du ekitaldiak.
Elixabet Etxandi Itaiako kidearen adierazpenak @berriapic.twitter.com/XcD34YUg67
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) April 10, 2025
Gaurtik igandera iraganen da Xingar Feria Baionan. Udako bestez gain, Lapurdiko hiriburuan antolatzen duten ekitaldi jendetsuenetakoa da; milaka jende bilduko dira lau egunean. Eredu horren kritika egin du emakumeen antolakunde sozialistak, egunerokoan dagoen emazteen kontrako indarkeria matxista «areagotu besterik» ez duelako egiten. «Bizi dugun errealitate kapitalistaren baitan, emaztea bigarren mailako subjektu debaluatu gisa kontsideratua da etengabe, eta horrek bere biziko aspektu guzietan eragiten du», adierazi dute ohar batean. «Makrobesta eredu honek, orduan, azkenaldiko oldarraldi erreakzionarioarekin konbinatuta, joko zelai aproposa sortzen du emaztea are zaurgarriago bilakarazteko, eta jadanik bizi dugun indarkeria matxista anplifikatzeko».
Erran dutenez, egoera horren aitzinean Baionako Herriko Etxeak duen jarrera «hipokrisiaz eta ezaxolakeriaz» betea da. Itaiaren iritziz, erasoen kontrako kanpaina eta afixaketa «minimoetara» mugatzen da, eta salatu dute «Taldean etorri bazara, taldean itzuli» eta halako «diskurtso moralistak» zabaltzen dituztela, erasoetan «erantzukizun indibiduala» lehenetsiz. «Halaber, elkarteek erasoen kontra eginiko protokoloez, permanentziaz eta lanaz baliatzen da herriko etxea, erasoen kontrako bere inplikazioa justifikatzeko. Baina errealitatea bestelakoa da, eta urtero bestetatik ateratzen duten bilana ikustea besterik ez dago. Urtero, bestak 'ongi' iragan direla zabaltzen dute, bortxaketak, irainak, baimenik gabeko ukituak eta, larriago, heriotzak ere gertatu izan ez balira bezala».
Arazoa ereduan
Itaiak salatu du herriko etxeak sinetsarazi nahi duela datak aldatzearekin aldatuko dela egoera. Alta, arazoa ereduan dagoela azpimarratu dute, eta hori ez dutela zalantzan eman nahi, «diru sarrera ikaragarriak direlako urtero». Horrez gain, erasoen eta segurtasun faltaren gaia poliziaren presentzia eta kontrol mekanismoak areagotzeko erabiltzen dituztela salatu dute.

Ekintzaileen iritziz, besta hauek ez dira «espazio seguruak» emazteentzat, «etengabe zapaltzen eta objektu sexual bilakarazten gaituen egoera» sortzen duten heinean. «Baina ez dugu errealitate matxista honen deskribapenera eta instituzio publikoen arduragabekeriaren salaketara mugatu nahi, badakigulako Baionako Herriko Etxea bera, instituzio kapitalista den heinean, ez dela neutroa eta arazoaren parte dela. Oroz gainetik, gaur egungo instituzioetatik kanpo kolektiboki antolatzeko xedea dugu, espazio horiek bizi dugun errealitate kapitalista, indarkeria matxista eta halako zapalkuntza mekanismoak bermatzeko tresnak direlako».
Itaiaren ustez, indarkeria matxistari ezin zaio erantzunik eman instituzio horietan, bortizkeria matxista «kapitalismoak existitzeko eta erreproduzitzeko beharrezkoa duen zapalkuntza forma» baita. Erran dute errealitate kapitalista errotik irauliko duen indar politiko bat berriz egituratu behar dela, zapalkuntzarik eta klaserik gabeko gizarte bat helburu izanik.