Bi adibide dira, desberdinak, baina hezkuntzan gertatzen ari den irekiduraren seinale dira biak: Sohütako ikastolako haurrak, adin orotakoak nahasirik, ikasturte osoan gogoetan murgildu dira sexualitate desberdinen eta jazarpenaren inguruan. Koadro horretan, Jüje Thiry haien irakasle ohia joan zitzaien homosexualitateaz mintzatzera eta gaztaroan bizi izan zuen jazarpena kontatzera. Kanboko Xalbador kolegioan, Izpurako eskola publikoan eta Baigorriko ikastolan, berriz, Dom Campistron marrazkilaria sexualitateaz eta gorputzez mintzatu da, eta, ondotik, artelan kolektibo bat sortu du ikasleekin. Biak Altxalili LGTBI kolektiboko artista taldeko kideak dira.
Sohütako Eperra ikastolan, kazetari baten presentziarekin haurren hitza ez da libratu ahal izan; bai, aldiz, ikasturteko lanketaren barruan jinarazi dituzten bi pertsonekin. Elkarbizitza hertz desberdinetatik aipatzeko, hiru urteko eskola proiektua abiatu dute; lehen mailatik azkenera ikasleak oro nahasiz gaia lantzeko, eta, aurten, jazarpenaren eta genero gaien inguruan aritu dira. Urratsez urrats ibili dira: neska eta mutilei buruzko estereotipoak aipatu dituzte lehenik, familia eredu desberdinak gero, eta, azkenik, genero desberdinak.
Gazteenentzat gai urruna izan daitekeela argi du Karine Ximitx irakasleak: «Hiru urtean pentsatzen dut ez dela dena konprenitzen, baina urtez urte lantzen baldin bada, zerbait sartzen da buruetan». Gainera, gehitu du belaunaldien nahasketak, ez idurian, euskararen erabilpena sustatzeko ere balio duela. Ikasturteko lanketaren emaitza dira Eperra ikastolaren sartzean kolatu dituzten afixa desberdinak, zeinetan gogoetek ekarri marrazkiak eta erranaldiak ageri diren.
Hurbileko lekukotasuna
Estereotipoak hausteko intentzioz, irakasleek emazte suhiltzaile bat gomitatu zuten haurrekin mintzatzera. Generoak, LGTB izaera eta jazarpena aipatzeko, berriz, hurbilekoa zuten hizlaria, Jüje Thiry irakasle izan baita Sohütako ikastolan berriki arte. Thiryk batere dudatu gabe onartu zuen gomita, argi baitu inportantea dela gaia lantzea: «Gure gizarte katoliko tradizionalean bada tabu bat sexualitatearen aldetik. Tabuak dira manera hoberena ttipiak edo ahulak menpean atxikitzeko: ez baldin badakizu zer den onespena, ez baldin badakizu badirela sexualitate desberdinak, ez bazara kontziente zure gorputz jabetasunaz..., zure sexualitatea dominazio sistemaren edo heteropatriarkatuaren menpe da. Hori da ezagutzen duzun sistema bakarra; ez duzu galdekatzen, eta ez da besterik».
«Jazarpena orain aipatzen da, baina betidanik izan da. Orain badakigu haurrak behar direla mintzatu».
DOM CAMPISTRONMarrazkilaria
Baigorrin, Izpuran eta Kanbon tailerrak, solasak eta margolanak ikasleekin egin ditu Dom Campistron marrazkilariak, eta harentzat ikasleekiko «distantzia» da interesgarria, ez baitu harremanik haiekin saioetatik kanpo: «Ni bakarrik hor naiz gai bat aipatzeko». Kanboko Xalbador kolegioan hasi zen duela hiru urte tailerrak egiten klaseetan sexualitateari buruz, LGTBtasunei buruz eta feminismoari buruz, eta galdeak jin zaizkio gero beste eskola batzuetatik. «Galde gero eta azkarragoa da gai horiez mintzatzeko, eta iduritzen zait irakasleek ere behar azkarra badutela», erran du Campistronek.
Tabuak hausten
Haurrekin sexualitatea aipatzea oraino «tabu» dela uste du Campistronek. «Alta, haiekin mintzatuz, agerikoa da nahi dutela aipatu, badakite badela zerbait bitxi hor eta ez dutela aipatzen. Ene ustez, boterea kentzen diegu, ez baitituzte gauza horiek aipatzeko hitz egokiak ezagutzen», deitoratu du. Gauza bera pentsatzen du Thiryk, nahiz eta nabarmendu duen haurren artean ez dela sexualitaterik. «Generoaren aipatzeko, gorputza aipatzeko, hor bai, haurrak prest dira, eta inportantea da haiekin horretaz mintzatzea».
Bere ikasleen ahotik entzun dituenetan oinarriturik, Ximitxek uste du haurrek ez dituztela gauzak gehituek bezala ikusten. «Bi gizonek edo bi emaztek elkar maitatzea normala antzematen dute. Uste dut ez dituztela gehituen ber blokeatzeak». Campistron ez da arrunt iritzi berekoa, eta ñabardurak badirela uste du: «Pentsatzen dut haurrak, izatez, biziki askeak direla, baina harritzen nau biziki ttipitik hartzen dituztela etxeko diskurtsoak eta berriz botatzen dituzte eskolan». Adibidez, Atharratzeko Prefosta elkarteko leihoetan iragan astean agertu zen PD iraina [frantsesezko pederaste hitzaren laburdura], haurrek «kanpoan entzuna» dute, eta eskolan «berriz baliatzen» dute, Campistronen erranetan.
Hitzek inportantzia dutela azpimarratu du Campistronek: «Jazarpena orain aipatzen da, baina betidanik izan da. Orain badakigu haurrak behar direla mintzatu. Gazte LGTBak aipatzen baditugu, anitz entseatzen dira haien buruaz bertze egitea ulertzen dutelarik LGTBak direla. Horiek zenbaki aski berriak dira». Marrazkilariak datu krudel baten aipamenarekin argitu du zergatik den hain inportantea haurrek «hitzak ukan ditzaten gauzak kontatzeko edo salatzeko»: Frantziako Estatuko datuek diotenez, hamar haurretik batek bizi du intzestu egoera bat.
«Haurrei erran behar zaie onespena zer den, besteen errespetua zer den, generoa zer den eta zeure burua nola definitzen ahal duzun, zer den ez-binario izatea, zer den trans izatea».
JÜJE THIRYAltxalili kolektiboko kidea
Thiryk gaitzetsi du eskuin muturraren arabera gai horiek eskolan tratatzea «haurrei masturbatzen irakastea» dela. Baina argi du, ikasleekin egin topaketan ikusitakoan oinarriturik, gazteek pornografia «hetero eta latza» geroz eta goizago ikusten dutela, eta hori arazo dela: «Aitzina hartu behar zaio horri, erranez onespena zer den, besteen errespetua zer den, generoa zer den eta zeure burua nola definitzen ahal duzun, zer den ez-binario izatea, zer den trans izatea». Bai Thiryk eta bai Campistronek ikusten dute eredu mentsa ukaiteak ez duela laguntzen, eta horregatik inportantea zaie LGTB izaerak normalizatzea; horregatik, biek aipatu dute haien esperientziatik lesbiana edo homosexual izateak ekarri dizkien jazarpena, baita poztasunak ere.
Bere bizipenak aipatu zituen Thiryk ikasleekin: «PD deitu naute ttipi nintzelarik, eta ez nakien zer zen. Ulertu nuen osaba batek familia utzi zuelarik joateko beste gizon batekin: nik orduan abandonuarekin eta egoismoarekin lotzen nuen, ene gurasoen ikuspuntua baitzen hori, oso katoliko eta erreakzionarioak baitziren». Orain, beste gizon batekin ezkontzekotan dela-eta «uros» dela erran zien haurrei.
Hitzetik artera
Marrazkilaria den ber, mintzatzetik hasi eta muraletara egiten du bide Campistronek ikasleekin. Baigorriko ikastolako haurrekin gorputzak aipagai ukan zituen: «Aipatu genuen desberdintasunean nola askatzen ahal garen eta zein ontsa den originala izatea, argi utziz ez dela haizu norbaitez trufatzea bere gorputza edo bere janzkerarengatik». Gero, muralean landare desberdinak margotu zituzten, «landareak haurrak bezala desberdin direlako».
«Bada jauzia teoriatik praktikara: pentsatzen dute mutiko batek ahal duela kota bat ezarri, baina berek ez dute ezartzen». KARINE XIMITXIrakaslea
Izpurako eskola publikoan, Sohütan bezala, ikasturtean generoen gaia landu zuten; «genero estereotipoak eta transgeneroak», Campistronek zehaztu duenez. «Muralean ere landare bat ageri da, lore desberdinekin kaskoan, eta baditu erro biziki lotuak zolari. Agertzen dira generoen sinbolo hautsiak». Aldi oroz irakasleak inplikatzea gustuko du artistak, «murala denen artean eraikitzen» dutela agerian gelditzen baita ikasleentzat, itun bat balitz bezala.
Sohütan egin duten lanketarekin «izpirituak irekitzen» direla uste badu ere, Ximitxek argi du «jauzi bat» badela «teoria eta praktikaren» artean: «Pentsatzen dute mutiko batek ahal duela kota bat ezarri, baina berek ez dute ezartzen». Adibide berari jarraiki, eta jazarpenaz ukan dituzten gogoetak ikusirik, irakaslea konbentzitua da halakorik gertatuko balitz, halere, jazarpenak mugak lituzkeela: «Behin gertatzen bada, agian lehen aldian zerbait entzunen du kota ezarri duen mutikoak, baina pentsatzen dut balitekeela beste bat babesteko eta errateko besteei: 'Hori ez da egiten, eta bakoitza den bezalakoa da’».
JAZARPENAREN KONTRA, KIVA PROGRAMA
Finlandian asmatu programa bat da Kiva: jazarpena borrokatzea du xede. Ikastolen elkarteko kide bat Finlandian formatu da, eta programa Ipar Euskal Herriko ikastola batzuetara ekarri dute. Duela zenbait urte, Hendaia eta Donibane Garaziko ikastolak horretara formatu ziren; aurten, Sohütako ikastolako langile eta irakasle guztiak. Elkar zaintzeko ingurumena bazutela dio Karine Ximitx irakasleak, baina «ez zen teorizatua». Gurasoekiko protokolo argiak ekartzen ditu Kiva programak, eta jazarpenak kudeatzeko bide orri zehatz bat ere bai, besteak beste. Halere, programaren xedea «aurrea hartzea» da, euskarazko webgunean irakur daitekeenez.