Iratik etorkizuneko Pirinioetako egoera galdekatzen du

Iratiko iraupen eski estazioaren hestea jakinarazi dute. Klima aldaketak eskiaren jardueraren aldaketa dakar. Iratin lan egiten duten hainbatek klima aldaketaren ondorioak azpimarratu dituzte.

IRATIKO ETXOLAK
Iratiko etxolen arteko raketa ibilaldi bat, 2011n. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Klima aldaketaren eraginak jada nabariak dira gure inguruan. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) argi utzi du bere azken txostenean industria aitzineko garaitik lurraren tenperatura 1,1 gradu igan dela. Aditu taldearen arabera, lurraren beroketa 1,5 graduraino irits daiteke 2030ean. Iratik ez ezik, Pirinioetako mendilerroak ere jasaten ditu klima aldaketaren ondorio zuzenak. Jarduera ekonomikoan ere eragiten du.

«1949 eta 2015 bitartean, Pirinioetako batez besteko tenperaturak gora egin du, argi eta garbi: 0,2 gradu igo da hamarraldi bakoitzean», dio EPiCCren ondorioetako batek. Ibai Rico geologo eta EHUko irakaslearen hitzetan, glaziarretan ikus daiteke aldaketa handia, «prezipitazioen eta tenperaturen arteko balantzearen indikatzaileak» baitira. Ondorioz, Pirinioetan munduari konparatuz tenperaturak gehiago igaten diren heinean, glaziarrak «oso azkar» desagertzen ari dira, Ricoren erranetan: «Guk esaten genuen glaziar handienak 2050. urterako desagertuko zirela. Orain ikusten ari gara batzuk desager daitezkeela hamarkada batean». Pirinioetako glaziarren kopurua anitz jautsi da azken urteetan: «Gaur egun hemezortzi glaziar dira, baina 2020an 23 ziren; bost desagertu dira».

«Guk esaten genuen glaziarrik handienak 2050. urterako desagertuko zirela. Orain ikusten ari gara batzuk desager daitezkeela hamarkada batean».

IBAI RICOGeologoa eta EHUko irakaslea

Klima aldaketaren ondorioak

Elurraren aldetik, Klima Aldaketaren Kontrako Pirinioetako Estrategiak (EPiCC) elur geruzaren jaustea ere nabaritu nahi du: «1.800 metroko garaieran, elurraren batez besteko lodiera erdira jaitsi daiteke 2050ean, egungo erreferentziaren arabera». Josy Arrosagarai Iratiko txaleten zuzendariak azpimarratu du elurra «atxikitzeko» zailtasunak dituztela Iratin. Tenperaturen igateaz gain, «haize zakar» batzuk agertu dira, eta elurra maneiatzeko zailtasunak ekartzen ditu fenomeno meteorologiko berri honek. Arrazoi ekonomikoa ere azpimarratu du Arrosagaraik, iraupen eskiak mantentze «handia» galdegiten baitu, haren ustez: «Ezin genituen gehiago pistak goizero zapaldu jakinik hortik gutira euria iragarria zela eta elurra urtuko zela». Jakina, Iratiko eski estazioak lehen-lehenik hetsi izan behar du apalena delako, eta 1.300 metroko goratasunean kokatu du.

Maila apaletako estazioak zaurgarriagoak diren heinean eta tenperatura igateen aurreikuspenen arabera, eski estazioen hesteak azkartu daitezke heldu diren urteetan. Tenperatura bi gradu igaten bada, Pirinioetako estazioen %50 idekirik manten daitezke, Ricoren arabera. Kanoi artifizialekin bada, %70ra igan daiteke kopurua. Geologoaren ustez, lau gradu igaten bada tenperatura Pirinioetan, eski estazio batek ere ez lituzke bere ateak idekirik atxikiko. Izatekotan, mailarik gorenean diren estazioak bakarrik eta kanoi artifizialak emanez; hots, estazioen %7 eta %10 artean.

«Ezin genituen gehiago pistak goizero zapaldu jakinik hortik gutira euria iragarria zela eta elurra urtuko zela».

JOSY ARROSAGARAIIratiko txaletetako zuzendaria

Artzaintza da Iratiko jarduera ekonomiko nagusienetarikoa. Estebe eta Maritxu Ouret artzainek ere aldaketak azpimarratzen dituzte. Haien erranetan, klima aldaketa dela medio, ur maila «itsuski» apaldu da. Gasnatzeko zailtasunak ere ukan zituzten pasa den udan: «Idorte handia zela eta, Iratin dugun soto naturalean bi gradu igan da tenperatura». Mendian ziren gasnak herrira eraman behar izan zituzten aire klimatizatua behar zutelako gasnen idorketa «ona» bermatzeko. Landaredian ere aldaketa franko izan dira, Oureten ustez, «arbasoek» zenbatzen zituzten landare batzuk ez direlako ageri. Gehiago ere, EPiCCk jaso du datozen urteetan larreen banaketan, osaketan zein bazkaren kalitatean ere «eragin negatiboak» izan daitezkeela. Aditu taldeak, batez besteko tenperaturen igateengatik zuzenean animalien osagarria eta ongizatea hunkitua izanen dela deitoratu du.

Trantsizioaren gakoak

Trantsiziorako aroa egiteko ekosistemak ontsa egon beharko dira, eta industrializatu gabe, Ricoren arabera: «Gaur egun eskala industrialeakoak diren energia berriztagarriak arriskua dira mendientzat». Turismoaren kasuan, dibertsifikazioa «beharrezkoa» da, haren erranetan, «jarduera babestuak eskainiz zein lurraldeko plangintza garatuz». Iratiko txaletetan, Arrosagaraik bezero kopuru handia tokikoa du, eta lan «handia» eramaten ari da jendeari beste motatako proposamena eskaintzeko: «Esperientzia sinpleak nahi ditugu eskaini. Irati biziki bizia da, deskonetatzeko aukera ematen du». Elkarrekiko trukean eta ingurumenarekiko jarduerak garatuz, jendearen ezagutza «sakontzeko» aukera emanen du: «Iratin lan egiten duen jendearekin zein elkarteekin topaketak antolatzen ditugu, nolabait, ondare naturala sustatzeko». Turismo iraunkorrera trantsizioa egiteko, errespetu eta sentsibilizazio lana egiten duela erran du Arrosagaraik: «Jendeari behin eta berriz azalduz eta elkarrekiko trukean eraikiriko turismoa dugu helburu».

Alta, Ouret artzainen ustez, bestelakoa da garatzen ari den turismoa Iratin. Geroz eta jende gehiago sumatu dute mendian, eta «arrangura handia» izan ardiekin lan egitean. Lehen baino xakur gehiago direla azpimarratu dute, eta «zailtasunak» sortzen dituela artaldeei. Oro har, artzaintzaren eta mendiko turismoaren arteko talka adierazi du, «jendeak ez duelako hemen lan egiteko modua ulertzen».

Elkarbizitzarako gakoa eraikitzeko tresnak aurkitu; dibertsifikazioan eta adaptazioan dago gakoa, Ricoren arabera, azken hamarkadetan neurtu egin denarekin «bat egiten baitute» agerturiko fenomeno desberdinek. Haren ustez, negu hobeak izan daitezke, baina joerak «neurtuak» eta «argi daude» heldu diren urteetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.