Irakurzaletasuna «sustatuko» dute aurtengo Azokaroan

Asteazkenean hasiko da Azokaroa. Ziburuko liburu eta disko azoka aitzin, Baltsan elkarteak eta hainbat eragilek euskarazko irakurzaletasuna eta euskal kultura bultzatzeko sei ekitaldi antolatu dituzte.

Ziburuko disko eta liburu azoka, 2023ko ekaineko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Duela bi urteko Ziburuko disko eta liburu azokako postu batzuk. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2025eko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskarazko irakurzaletasuna eta kulturari leku bat eskaintzea. Helburu horiekin antolatu dute aurten ere Ziburuko euskal liburu eta disko azoka aitzinetik Azokaroa, eta literatur ekitaldiz beteriko egitaraua osatu dute. Ladix Arrosagarai Ziburuko Baltsan elkarteko kide eta azokaren antolatzaileetakoak zehaztu duenez, Azokaroan sei ekitaldi izanen dira apirilaren 30etik maiatzaren 28ra. Bertzeak bertze, Ortzaizeko Menta liburutegian Uxue Alberdiren Hetero liburuaren aurkezpena eginen dute, apirilaren 30ean, eta Ziburun, Baltsan elkartean, Maialen Lujanbiok RR-6-erre(AH)ala errezitala emanen du maiatzaren 7an. Arrosagaraik erran du azokaldiaren bitartez euskarazko irakurzaletasuna «sustatu» nahi dutela. Azokaroa bururatuta, Ziburuko disko eta liburu azoka ekainaren 7an eginen dute.

Arrosagaraik kontatu du herriko plazan ezin kokatuta dabiltzala urtero jasotzen dituzten hainbat proposamen. Horregatik antolatu dute aitzinetik berriz ere Azokaroa, liburu azokaz aparteko agenda kultural bat proposatuz. Aurten, ekitaldi gehiagoren beharra sentitu dute, eta, inguruko herrietara ez ezik, Nafarroa Beherera ere hedatu dute Azokaroa. «Ziburuko azokara inguruko herrietatik eta herrialdeetatik jende franko etortzen da, eta azokari ematen diotena nolabait itzuli nahi izan diegu».

«Eragin eremua» hedatzeko eta Ziburu ondoko herrietan euskarari leku gehiago eskaintzeko, euskaraz bizi diren bertze elkarte batzuekin partaidetzak egin dituzte Azokaroa antolatzeko. Arrosagaraik adierazi du horrek saretzeko aukera eta elkarlana egiteko parada irekitzen duela. Gehitu du azoka ez dutela egun bakarrera mugatu nahi, eta eskaintza kulturala egun gehiagotan egotea dela helburua.

«Ziburuko azokara inguruko herrietatik eta herrialdeetatik jende franko etortzen da, eta azokari ematen diotena nolabait itzuli nahi izan diegu» LADIX ARROSAGARAIZiburuko Baltsan elkarteko kidea

Azokaroaren aurtengo egitaraua liburu aurkezpenez «betea» den arren, Arrosagaraik erran du errezitalak leku handia izanen duela. Irakurzaletasuna «bertze manera batez» sustatzeko aitzakia ikusten du mota horretako emanaldiak antolatuz. «Iaz ikastolako guraso batek eskerrak eman zizkigun, gustatu zitzaiolako emanaldia. Irakurtzeko usaia ez duen jendearentzat, ez da beti erraza irakurtzen hastea eta, justuki, errezitaletan, testuaz gain, ahotsa, doinua eta gorputzaren mugimenduak badira, eta horrek bidera dezake pertsona bat liburura».

Jende gehiagorengana hurbiltzeko xedea eta gogoa dute, beraz, Ziburuko azokaren antolatzaileek. Publiko euskalduna «trinkotzeko beharra» ikusten du Arrosagaraik, euskal kulturaren inguruko elkarguneak zabalduz eta sortzaileei plaza bat eskainiz. «Euskal liburu azokan jende gehiagorengana heltzeko ari gara lanean. Gainera, sortzaileek ez badute publikorik, basamortuan ariko lirateke: haiei leku bat eskaintzea ezinbestekoa da».

Azokalditik Azokarora

Aitzineko bi aldiak Azokaldia deitu badituzte ere, Azokaroa deitu dute aurtengo egitaraua. Arrosagarairen erranetan, Euskaraldia maiatzean izango dela eta, jendea nahas ez dadin aldatu diote izena.

Azokaldiaren lehen aldia ekitaldi bakar batekin egin zuten duela hiru urte; Baltsan elkarteko kideak oroitu duenez, Celine Mounole Hiriart-Urrutiren hitzaldi bat izan zen hura. Ondoko urteetan, pixkanaka ekitaldi kopurua igan zuten, «beharrak eta arrakastak» bultzaturik. Iaz, lau ekitaldi antolatu zituzten, eta aurten, sei izatera pasatu dira. Arrosagarairen hitzetan, Azokaroak Ziburuko azokari «aitzin gustu» bat ematen dio.

Ekaineko azokan, nehoiz baino argitaletxe gehiago izanen dituzte, eta musikaren arloan bertze bortz autoekoizlek eta proiektuk hartuko dute parte. Erakusmahaia emateko lekuak laster agortu dira, eta Arrosagarai «gogoz» da Ziburuko plaza euskaraz lora dadin.

AZOKAROA

  • Apirilak 30. Uxue Alberdiren Hetero liburuaren aurkezpena, 18:30ean, Ortzaizeko Menta liburutegian. 
  • Maiatzak 7. Maialen Lujanbioren RR-6-erre(AH)ala emanaldia, 19:00etan, Ziburuko Baltsan elkartean. 
  • Maiatzak 16. Maddi Sarasuaren Biharraren hegietan liburuaren errezital musikatua, 19:00etan, Urruñako Berttoli elkartean.
  • Maiatzak 19. Euskal Irratiek eta Argia-k antolaturiko Euskaraz sortu (duin) bizi? mahai ingurua, 19:00etan, Euskal Irratietan entzungai.
  • Maiatzak 23. Mikel Epalzaren Gizatasun arrantzale liburuaren aurkezpena. 19:00etan, Azkaingo Bil Tokin.
  • Maiatzak 28. Ekaitz Bergaretxeren Masusta erreximenta liburuaren aurkezpena. 19:00etan, Donibane Lohizuneko mediatekan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.