ELB sindikatuak eta Lurzaindiak, 2023ko udan, Ostia herritar kolektiboarekin laborantzako lurren espekulazioaren kontrako ekintza bat egin zuten zenbait astez Senpereko Olha etxaldea okupatuz.
Zoritxarrez, mobilizazio azkarra izanik ere, ezin izan dugu Telleria familiari (Donibaneko ADAM etxea) 50 hektarea lurren eta etxearen erostea geldiarazi... Argiki tratu espekulatiboa zen alta!
Hainbat aldiz bildu ginen, alta, ADAM etxekoekin ohartarazteko zenbat kalte egiten zuten Iparralde honetan hamarnaka urte hauetan daramagun lur eta etxebizitza espekulazioaren kontrako borrokari.
Hau guzia tripako minak ematekoa da, jadanik, baina zauria bilakatu da ikusi dudalarik Donibane Lohizuneko ikastolak ADAM etxearen publizitatea egiten zuela...
Enetako espekulazioaren kontrako borroka, izan lurraren, gure ama lurraren zaintzea, etxebizitzarena, euskararena, herriaren egituratzearena... denak saski berean sartzen ditut. Abertzale mugimendua berpiztu denetik milaka gizon eta emaztek bizkarrean daramaten saskia da.
Nolaz bi sosen truke ahanzten ahal dituzte ikastola horretako arduradun batzuek borroka orokor horretan elkarri atxiki behar genizkiokeen begirunea, atxikimendua, errespetua?
Aurten oroituko gara Didier Lafitte, Donibaneko IK-ko militantea, duela 40 urte erail zuela Frantziako Poliziak. Zer errango zukeen gaurko afera honetaz?... Naski badakidan.