Iparraldeko sagardoaren ekoizpena hobetu nahi dute ekoizleek

Ipar Euskal Herriko sagardo ekoizleak 2023an hasi ziren Hego Euskal Herrikoekin batean sor-marka lortzeko lanean, eta, dena ongi joanez gero, aurten eskuratuko dute. Anartean, Iparraldeko Sagardoaren Sindikatuak garatu nahi du, eta ekoizpena hobetu.

(ID_14636172) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-01-31, Uztaritze. Ipar Euskal Herriko Sagardoaren Sindikatuaren prentsaurrekoa
Ipar Euskal Herriko Sagardoaren Sindikatuaren prentsaurrekoa, Uztaritzen, urtarrilaren 31n. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Bidea nekeza eta luzea izan da, baina Euskal Herriko sagardo ekoizleek egin duten galdea aurten gauzatuko da: Euskal Sagardoak jatorri izen babestua lortuko du Bruselatik datozen asteetan. Berrikuntza handia da, Ipar eta Hego Euskal Herriko ekoizleentzat balioko baitu; lehen aldia da halakorik gertatuko dena. Desmartxa berezia da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileek abiatu zuten eskaera, 2016an, eta bidean Ipar Euskal Herriko sagardogileak juntatu zaizkie. Izan ere, Hego Euskal Herrian sor-marka lortzeko bidea hasi zutenean, arriskuaren berri ukan zuten Iparraldeko sagar ekoizleek. «Europa mailako sor-marka denez, Euskal Sagardoa Europa guzian babestua izanen zen, eta Ipar Euskal Herrikoak ez balira sartu, erran nahi du ez zutela gehiago Euskal Sagardoa izena erabiltzen ahalko, ezta Euskal Herriarekin lotura duen ikurrik baliatu ere salmentarako», esplikatu du Estelle Goñi Iparraldeko Sagardoen Sindikatuko arduradunak. Inao Frantziako Jatorriaren eta Kalitatearen Institutu Nazionalak eman zien arrisku horren berri, eta hortik aitzina Hego Euskal Herriko ekoizleengana jo zuten, desmartxa eskuz esku egiteko. Orain, sor-markaren bidea eginik, Ipar Euskal Herriko sagar eta sagardo ekoizpena indartu nahi dute, eta ekoizleen sarea trinkotu.

Inao egiturak, 2023an, Ipar Euskal Herriko egileei egituratzeko aholkatu zien, sor-markari lotutako urratsak egiteko. Horrela eratu zen Iparraldeko Sagardoen Sindikatua, Goñik erran duenez. «Bospasei ekoizle bateratu ziren elkarte horretan, eta Iparraldeko Sagardoen sindikatua sortu zuten. Euskal Sagardoa egitura badenez Hegoaldean, eta Iparraldean gure sindikatua, bi egitura horiek dira ofizialki sor-marka lortzeko proiektua eraman dutenak».

«Guretzat sor-marka inportantea da, erakusten duelako Euskal Herri osoko egin-molde eta jakitate zahar bat badugula, denek partekatzen duguna. Herri bat gara, eta ber usaiak ditugu»

ESTELLE GOÑIIparraldeko Sagardoen Sindikatuko arduraduna

Baldintza agiri berezia landu dute Europa mailako sor-marka definitzeko. Izan ere, Euskal Herrian sagar barietate bereziak badira, baita sagardoa egiteko molde bereziak ere. «Jakitate eta kalitate» horiek babesteko egin dute lan. Goñirentzat, «inportantea» da egin duten bidea, zazpi euskal lurraldeak kontuan hartzen dituelako. «Guretzat inportantea da, erakusten duelako Euskal Herri osoko egin-molde eta jakitate zahar bat badugula, denek partekatzen duguna. Horrek oroitarazten du herri bat garela eta ber usaiak ditugula gauza batzuetan», aldarrikatu du.

300.000 litroko helburua

Egun, Ipar Euskal Herrian, 30 sagar ekoizle badira, eta zortzi sagardogile. Horiek denak sindikatuak saretuak dira orain, baina Goñik erran du harremanak ehuntzen segitu nahi dutela, eta oraino komertzializatzen ez duten ekoizleengana ere heldu nahi dutela, trinkotzeko. Sor-marken inguruan eraman duten lana eginik, geroari so dira orain. «Sagarraren eta sagardoaren inguruko eragile guziak bildu nahi ditugu sindikatuan, gauzak aitzinarazteko: landaketak hobetzeko, sagarren eta sagardoaren kalitatea hobetzeko, eta formakuntzak proposatzeko ekoizleei».

«Ekoizleak kontrolatuago izanen gara, baina kalitate aldetik irabaziko dugu. Egun, ekoizten den sagardoa egiteko erabiltzen diren hiru sagarretik bi ez dira Euskal Herrikoak»

PATXI AIZAGERREOrtzaizeko Murgi etxaldeko sagar eta sagardo ekoizlea

Patxi Aizagerrek sagardi bat kudeatzen du Ortzaizeko Murgi etxaldean, eta sagar jusa eta sagardoa etxean ekoizten ditu. Harentzat, sor-marka «berme» bat izanen da bezeroendako, tokiko sagarrekin ekoiztuak diren sagardoak direla segurtatzeko. «Ekoizleak kontrolatuago izanen gara, baina kalitate aldetik irabaziko dugu. Egun, ekoizten den sagardoa egiteko erabiltzen diren hiru sagarretik bi ez dira Euskal Herrikoak». Tokiko sagar motak ditu Aizagerrek: denera, hamabost bat motatakoak. Euskal Herrian 194 barietate dira, eta horiek izanen dira sor-markaren parte. Tokiko sagarrak, gainera, lekuko klimari egokituak zaizkio, eta horrek ahalbidetzen die klima aldaketak eragiten dituen berote eta eurite handiei doi bat hobeki egokitzea, Aizagerrek adierazi duenez.

Murgi etxaldeko kideari zinez interesgarri zaio Hego Euskal Herriarekin harremanak azkartu izana, eta uste du gerorako elkarlana bultzatzeko balioko duela: «Hego Euskal Herrian sagarrak falta dituzte, eta sagarrondoak landatzeko eremu guti dute; bereziki, Gipuzkoan. Ipar Euskal Herrian potentziala badugu, eta interesgarria izanen da elkarlana bultzatzea». Bide horretan, Hego eta Ipar Euskal Herriko ekoizleen arteko lankidetza sendotu nahi du elkarteak. Aizagerrek uste du, nolanahi ere, azken urteetan garatu duten harremana «sendoa» dela eta «urteetan iraunen» duela. Iritzi berekoa da Goñi, eta gehitu du «heldu diren urteetan sagardoaren ekoizpena handitzea helburu duten landaketa proiektuak sustatu» nahi lituzketela, «Hegoaldeko sagar eskasiaren erantzuteko».

Teknika berriak

Iparraldeko Sagardoen sindikatuko kidea da hastapenetik Aizagerre, eta erran du elkartearen helburuen artean badela sagarrondoen kudeaketa hobetzea. «Guk gehien izaten dugun arazoa da aldakortasun handia badela urte batetik besterako ekoizpenean. Sagarrondoak anitz sagar egiten dituelarik urte batez, ondokoan pausatu behar du, eta ez du batere ekoizten. Horretarako, sindikatuarekin teknika berri batzuk aztertu nahiko genituzke, ikusteko egun ditugun sagardiekin nola hobetzen ahal dugun ekoizpena», esplikatu du Aizagerrek. Afera da urtean behin sagarrondoak moztu behar dituztela udaberrian, eta, mozketa teknika berriak landuz, urte batetik besterako aldakortasuna apaltzea dute xede. «Badu bi urte teknika berezi bat entseatzen ari garela, eta aldaketa batzuk ikusten ditugu jadanik». Ekoizleei biziki inportantea zaie erregulartasuna lortzea, urte batez sagarrik ekoizten ez badute ondokoan sagardorik ezin baitute hornitu, eta horrek bezeroen galtzea eragiten baitie.

200.000

sagardo ekoizpena, litrotan. Egun, 200.000 litrokoa da Ipar Euskal Herriko sagardo ekoizpeneko ahala. Hemendik bost urtera 300.000 litrotara heldu nahi dute, praktikak hobetuz.

BLE Biharko Lurraren Elkarteko teknikariekin lan egiten dute sagar ekoizleek teknikak berritzeko eta hobetzeko. BLE elkarteak, erraterako, laborariei trebakuntzak eskaintzen dizkie ezagutza berriak ekartzeko. Patxi Aizagerren arabera, lan inportantea egiten du elkarteak. Hark, erraterako, sagarrondoen mozketa teknika berriak landu ditu elkartearekin, eta urtarrilean 30 urteko sagarrondoak berriz egituratu zituen. 

Egun, hektarea bateko sagardia du Aizagerrrek, eta urtean, batez beste, hamar tona sagar ekoizten ditu. Urte on batez, hogei tonara hel daiteke, eta ekoizleek helburua lukete uzta erregularragoak eginez ekoizpena emendatzea. Ipar Euskal herrian, egun, 200.000 litro sagardo ekoizten dira, eta bost urte barne 300.000ra heldu nahi dute. Betiere, praktikak «hobetuz», eta ez baitezpada sagarrondo gehiago landatuz. Anartean, Iparraldeko Sagardoen sindikatuak Ipar Euskal Herriko sagar ekoizle eta sagardogile guziei dei egin die sindikatuarekin harremanetan sartzeko, helburua baitute komunitatea handitzea eta harremanak ukaitea.

Sor-markaren baldintza nagusiak

  1. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Euskal Hirigune Elkargoko 158 herritan ekoiztea sagarrak. Nafarroa sartzeko desmartxak egiten ari dira.

  2. Lekuko sagarrak baliatzea —194 mota badira—.

  3. Hiru sagardo mota izanen dira: Euskal Sagardoa, Euskal Sagardo gazi-gozoa eta Euskal Sagardo aparduna.

  4. Laborantza estentsiboa eta mistoa ukaitea sagardi eta pentzeetan. 

  5. Sagarrak garbitzea, muztioa lortzea, upelean hartzitzea eta heltzea fasea ekoizpen lekuan egitea.

  6. Sagardotarako sagar muztio naturalen azukre naturala aldatzen duen edozein operazio debekatua da.

  7. Sagardoetan edozer gehitzea edo pasteurizatzea debekatua da.

  8. Ontziratzea eremu geografikoan egitea, eta, ahalaz, ekoizpen gunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.