Mintzalaguna bi motakoa izan daiteke: bidelaria edo bidelaguna. Bidelariak ez du trebatzea bukatu: hizkuntzaren zenbait ñabardura lantzekoak ditu oraino; bidelagunak, berriz, gaitasuna du erreferente izateko, baina ez da irakaslea. Bi rolek, elkarrekin, mintzalagunen komunitatea osatzen dute: euskara lantzen jarraiki eta gehiago erabiltzen jardun nahi dutenen komunitatea. Izan ere, ez baita nahikoa kurtsoetara joatea; hizkuntza, gero, mintzatu behar da. Joan den larunbatean, Baionan, euskaraz mintzatu ziren karrika gora eta karrika behera, Ipar Euskal Herrian lehentze antolatu zituzten mintzalagun topaketen karietara.
«Praktika guneak eskaintzea, naturalki sortzen ez diren taldeak bultzatzeko»: hori bera da mintzalagunen egitasmoaren helburua, Paulo Arzelus AEK-ko irakasleak azaldu duen bezala. «Desberdintzen dugu gure jarduera akademikotik: ez dira kurtsoak; jendea mintzatu behar da. Talde horiek herriz herri antolatzen dira. Baditugu hogei talde baino gehiago, 120 pertsona baino gehiago, astero-astero gutienez oren batez elkartzen direnak mintzatzeko».
Badu urte andana bat mintzapraktikak antolatuak direla Euskal Herriko hainbat xokotan; Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan zabalduak dira, hain zuzen. Baina joan den urtean, saio horiek egitasmo orokor baten barnean kokatzea deliberatu zuten: Iparraldeko AEK-ko Praktikatu zerbitzutik mintzalagun egitasmoa abiarazi zuten esperimentazio gisa, Lapurdi hegoaldean lehenik. «Aurten BAM [Baiona, Angelu, Miarritze] eremura zabaltzea lortu dugu diru laguntza txiki bati esker, eta horrek hatsa eman digu aurtengoa egin ahal izateko. Parte hartzeko ez da deus pagatu behar; beraz, horrek erran nahi du finantzaketa bat atzeman behar dugula hori aitzinarazteko».
Momentukoz, beraz, Lapurdiko herritaraino besterik ez da iristen egitasmoa, baina Arzelusek kontatu du praktika taldeak zabaltzeko xedea dutela heldu den urteetarako; egitasmoa barnealdera hedatu nahi dute. Arzelusek aipatu du jende gehiago bilduz gero mintzapraktikak jendearen interesen arabera antolatzeko aukera izango luketela, adibidez.
'Asko' edo 'anitz'
50 bat jende bildu ziren joan den larunbateko topaketetara, Hego Lapurditik eta BAM eremutik. «Garrantzitsua da mintzalagunak saretzeko: senti dezaten ez direla bakarrik, bakoitza bere herrian egiten ari dena beste batzuek beste herrietan egiten dutela», erran du Arzelusek.
10:30ean elkartu ziren Baionako Gau Eskolan, eta «mintzalagun» pegatina jarri zuten denek. Uste zuten hizkuntza trebatzera jinak zirela, eta matematikekin hasi zuten eguna: pista jokoari hatsarre emateko, hain zuzen, talde bakoitzak zatiketa baten emaitza atzeman behar izan zuen; abiatu ziren gero, bakoitza bere aldi. Baionako AEK-tik partiturik, hirian gaindi ibili ziren mintzalagunak, taldeka, Baionako hiriaren historia ardatz zuten proba batetik bestera.
Lapurtarrak izeneko taldea osatu zuten Melanie, Eneko, Andrea, Paul, Aña eta Idoiak. Denek ez zuten elkar ezagutzen, baina mintzalagun talde baten barne ziren denak; batzuk Baionan, besteak Hendaian. Melanie Verdier bi taldetan ari da, asteartez eta ostegunez. «Mintzatu nintzen lagun batekin, eta motibatuak ginen euskaraz mintzatzeko. Xerkatu genuen norbait laguntzeko, eta mintzapraktikan hasi ginen. Gero beste pertsona batzuk etorri ziren».
Baiona Ttipia eta Baiona Handia lotzen dituen zubietarik baten gainetik, merkatu estaliko plazara iritsi ziren; han «jende anitz» bazen, bidelari baten arabera. Taldekideetarik batek galdegin zion: «Anitz?»; eta besteak erantzun: «Bai, anitz. Asko». Argiago zuen gero. Ez dirudi, agian, baina ezberdintasunak ere badira Baionako eta Hendaiako euskararen artean; ikaste prozesuan, anitz edo asko izan daitezke. Verdierek uste du topaketa horien moduko egunek «bakoitzak egiten duen euskararen irakaspena» trukatzeko balio dietela.
Azkenean, Kalostrape jatetxean bildu ziren talde guztiak, eta bertan bazkaldu zuten. Verdierri bereziki garrantzitsuak zaizkio horrelako egitasmoak: «Baionan, batzuetan, zaila da euskaraz mintzatzea. Pariskoa naiz, ez dut familia euskaldunik... Plazer ematen dit euskaraz bakarrik mintzatzeak, egun bat osorik».