Integrazio Batzordeak 200.000 euro behar ditu

Salatu dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dituela baliabide nahikoa ematen behar bereziak dituzten haurren inklusiorako. Seaskak antolaketa propioa egin du inklusioaren arloko esku hartzea hobetzeko.

Integrazio Batzordeko kideak eta Seaskako arduradunak, Kanbon, prentsaurrekoan. GUILLAUME FAUVEAU
Integrazio Batzordeko kideak eta Seaskako arduradunak, Kanbon, prentsaurrekoan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Kanbo
2025eko martxoaren 26a
16:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Integrazio Batzordeak 200.000 euroren beharra du, azken urteetan sortutako defizita estaltzeko eta egunerokoan dituzten gutxieneko beharrei erantzuteko. Argazki iluna aurkeztu du behar bereziak dituzten ikasleak ikastoletan integratzeko lan egiten duen elkarte horrek: Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez ditu behar beste baliabide ematen, AESH elbarritasun bat duten haurren laguntzaileak ez dira behar bezala prestatuak, eta «miseria» bat ordainduak dira. «Egoera larria da», laburbildu du Gisele Etxeberri Integrazio Batzordeko kideak. Seaskak gogoeta egin du azken hiru urteetan, eta antolaketa propioa sortu du inklusio arloko esku hartzea hobetzeko. 

Seaskako 165 ikasleri aitortua diete elbarritasuna. MDPH Elbarrien Departamenduko Etxeak ematen du horretarako jakinarazpena, eta AESH laguntzaile bat jartzen zaio haurrari; beharren arabera, mutualizatua ala indibidualizatua izan daiteke. Berez, jakinarazpenen araberako baliabideak eman beharko lituzke Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Baina 2023-2024ko ikasturtetik Seaskan eskolatuak diren ikasleek jaso dituzten giza laguntzako jakinarazpen berri guziak erantzunik gabe gelditu direla salatu du Integrazio Batzordeak. «Baduzu paper ofiziala Frantziako Estatua engaiatua dela, baina parean ez da deus», erran du Etxeberrik, haserre. Gaur egun 34 AESH laguntzaile baizik ez ditu ordaintzen Frantziak; beharrei erantzuteko, beste 11 bere gain hartu ditu Seaskak ikasturte honetan. 67.000 euroko kostua du; iaz, 40.000 eurokoa izan zen. 

Horrez gain, salatu dute Hezkuntza Ministerioak emandako laguntzek ere ez dituztela behar bezala asetzen beharrak. Haur batzuek elbarritasun handia dute, ez dira autonomoak gelan lan egiteko, edo jantegian jateko. «Ez badira lagunduak, lanjerrean izan daitezke». Halakoetan, ikasleak AESH laguntza indibidualizatua du. Arazoa da 23,5 orduko lanaldia aitortzen dietela laguntzaileei: «Ikasgelan 24 ordu dira astero, eta horri gehitu behar zaizkio jangela eta kanpoko tenoreak. Ez da aski», deitoratu du Etxeberrik. Hori ere bere gain hartzen du Seaskak, lanaldiak osatzeko gastua asumituz. 

Joana Goienetxe arduratzen da Seaskako AESH laguntzaileen koordinazioaz. Langile horiek duten prekaritateaz ohartarazi du: «%60ko lanaldia dute, eta 952 euro ordainduak dira». Baldintza horiei euskara jakiteko betebeharra erantsita, Seaskak lan handiak izaten ditu laguntzaileak lortzeko, bereziki barnealdean. Baina langileen prestakuntza eskasa ere deitoratu du Goienetxek: «60 orduko formazioa izaten dute Hezkuntza Ministerioak eskainia; baina batzuetan urte bukaeran ematen diete». Seaskak bere gain hartzen du prestakuntza, «segurtasuna izan dezaten egunero egin behar dituzten jestuetan».

Sistemaren mugak

Frantziako Hezkuntza Ministerioak ezarritako sistemaren mugak nabarmendu ditu Egoitz Urrutikoetxea Seaskako hezkuntza zuzendariak. Parisekin dituzten elkarrizketetan gaia mahai gainean jarria dutela erran du, baina administrazioa mugitzea itxaron gabe, ikastolek gogoeta egin dute inklusioaren esku hartzea hobetzeko. Antolaketa propioa sortu dute egoera hobetzeko. 

Zehazki, Seaskak dituen bost kolegioen arabera banatu dute lurraldea, eta bakoitzean erreferenteak izendatu dituzte irakaslearekin eta laguntzaileekin lan egin dezaten: irakasle berezituak eta hezitzaile berezituak. Kolegioetako IEP Inklusiorako Egitura Pedagogikoekin elkarlanean arituko dira. Oraingoz hiru sektoretan sortu dituzte postu horiek, baina heldu den ikasturterako lurralde osora zabaltzeko borondatea dute. Horrez gain, inklusioaren aholkulari pedagogiko bat sortu dute, eta baita AESH laguntzaileak koordinatzeko beste postu bat ere. 

Urrutikoetxeak argi du MDPHk duena baino «foku zabalagoa» izan behar dutela inklusioari buruz. «Guretzat ikasle bakoitzak du behar berezi bat, eta hala tratatzen entseatzen gara». 

Diru kanpaina

Integrazio Batzordeak herritarrak deitu ditu elkarteari laguntza ematera. Hala nahi duenak Internet bidez eman dezake dirua. Baina dozenaka ekitaldi ere antolatuko dituzte ondoko asteetan, elkarteak egiten duen lana aurkeztu eta inklusiorako baliabideak lortzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.