Instituzio handinahiago baten aldarria Ipar Euskal Herrian

Maiatzaren 10ean birfundatuko dute Batera plataforma, Euskal Hirigune Elkargoa gaindituko lukeen instituzio bat sortzeko asmoarekin.

Batera-ren birfundazioa aurkeztu zuten eragileek apiril hasieran. GUILLAUME FAUVEAU
Batera-ren birfundazioa aurkeztu zuten eragileek apiril hasieran. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko apirilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Hirigune Elkargoa gainditu eta instituzio handinahiago baten aldarria mahaigaineratu nahi dute ondoko hilabeteetan Ipar Euskal Herrian. Udazkenean, autonomia estatutu baten proposamena egin zuen EH Baik, eta maiatzaren 10ean Batera plataforma birfundatuko dute Ezpeletan (Lapurdi) eginen duten biltzar nagusian. Estatus bereziko lurralde elkargoaren eskaera plazaratuko dute beste behin, Ipar Euskal Herriko instituzioak gaur egun baino botere eta eskumen gehiago izan ditzan.

Lyongo metropolia da inspirazio iturrietako bat, Frantziako ekialdean dagoena. Hirialde elkargo bat zuten ingurune horretan, inguruko 58 herriak biltzen zituena. 2015ean, estatus bereziko lurralde kolektibitate bilakatu zen, hirialde elkargoaz gain ordu arte eremu horretan Rodanoko Departamenduak zituen eskumenak bere eginez. Departamendua eta hirialde elkargoa desagertu, eta Lyongo metropolia sortu zuten.

2017an sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa, Ipar Euskal Herriko 158 herriak biltzen dituen mankomunitatea. Herriko etxeen eskumenak ditu, eta departamenduaren azpiko mailan da. Zortzi urteko ibilbidearen ondotik, bilana argi dute Batera-ko kideek: «Euskal Elkargoak ez du baliabide eta gaitasun nahikorik lurraldearen eta bertako biztanleen beharrei erantzuteko».

Batera plataforma 2002ko abenduan sortu zelarik, lau aldarrikapenek bultzaturik sortu zen: euskararen koofizialtasuna, Euskal Herriko Laborantza Ganbera ofizial bat, Ipar Euskal Herriko unibertsitatea, eta departamendua. Ordea, lau helburuetarik bakarra ere ez da bete, eta erronka berriak agertu dira azken urteetan: klima larrialdia, etxebizitzaren merkatua eta justizia soziala aipatu dituzte, batez ere. «Mementoa da», erran dute. Heldu den urtean herrietako bozak izanen dira, eta «ziklo elektoral trinko bat» abiatzera doa. Espero dute baliagarria izanen zaiela beren proiektuaren defenditzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.