Inpaktu soziala izan dezaketen zientzia ikerketak jendartera hedatzeko asmoz sortu dute InpAkta aldizkaria. Urtean bi aldiz aterako da, eta alor orotako artikuluak aterako ditu ingelesez eta euskaraz. Euskal Herri guziko unibertsitate eta ikerketa zentroak bildu ditu proiektuak.
Sortzaileetan dira Ugo Mayor EHUko (Leioa, Bizkaia) irakasle eta Ikerbasque zientzia fundazioko ikerlaria, Miren Estensoro Deustuko (Bilbo) Orkestra ikerketa zentroko ikerlaria, Arantza del Pozo Vicontech ikerketa enpresako zuzendaria (Donostia), eta Urtzi Etxeberria Baionako Iker hizkuntzalaritza zentroko (UPPA, CNRS) zuzendaria. Hain zuzen, Etxeberriak esplikatu du hainbeste erakunderen elkarretaratzeak baduela munta. «Interesgarria da, zeren eta badaude Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Akitania Berriko erakundeak. Boiseko Unibertsitateak ere [AEB] parte hartzen du. Nahiko orokortua da erakunde aldetik, eta horrek badu garrantzia».
COVID-19aren pandemiatik heldu da ideia. Eramaileak ohartu ziren ikerlariak franko agertu zirela plaza publikora orduan, eta zientzia herritarrengana helarazteko beharra ikusi dute. «Aldizkari honen sorrerako harra», Etxeberriaren arabera, gehienbat «zientzia eta ikerketa egiten zutenek beren lanak plazaratzea izan da, eta jendeak uler zezan». Eta hainbeste erakunde elkartzeak «erakusten du zientzia gizarteratzeak baduela garrantzia» haientzat. Unibertsitate mundutik atera dadin ikerketetarik sortu jakintza, «artikuluak ez bakarrik akademian erakutsaraztea, eta jendeak irakurtzea».
Zientzia aldizkariak badira jadanik franko mundu mailan. Euskal Herrian ere bai; Elhuyar aldizkaria hor da, euskaraz. Bizkitartean, Etxeberriak dio gizartean eragin dezaketen ikerketen ezagutaraztea dela xedea, eta orain arte agertu ez dena ekarri nahi dutela. «Asmoa ez da besteei tokia kentzea, baizik eta zerbait berri ekartzea».
Hastetik, artikuluak ingelesez eta euskaraz agertzea deliberatu dute. «Hemen bertan sortua denez, hemen bertako zerbait izan dadin, euskara hor izango dugu. Eta, aldi berean, interes orokorreko artikulu bat norbaitek gurean publikatzea da asmoa, ingelesez baldin bada ere». Momentuko, ingelesari eman zaio lehentasuna. 0 zenbakian gehien-gehienak ingelesez dira artikuluak, eta bakar batzuk euskaraz. Hondarrean, xedetzat daukate denak itzultzea eta bi hizkuntzetan ukaitea.
Lehenbiziko artikuluak martxotik goiti errezibitzekoak baldin bazituzten ere, Etxeberriak salatu du jadanik hasiak direla eskuratzen. «Badago interesa», erran duenez. Unibertsitate eta zientzia erakunde anitz izanik egitasmoaren sortzaileetan, sare zabala osatzen du, eta «laguntzen du zabalkundean».
Zientzia eta gizartea
Pandemia denboran, COVID-19ari edo SARS-CoV-2 birusari buruzko jakitateak astez aste aitzina egin arau zabalkunde bat bazuen, mundu guzia hunkitzen baitzuen gaiak. InpAkta aldizkariak inpaktu soziala duten ikerketak zabaldu nahi ditu. Ez du erran nahi orduan bezala aktualitatearen meneko egon nahi duenik. «Pentsatzen dut aktualitatea ekartzen duten gaiek interes handiagoa piztuko dutela irakurleengan, baina iduritzen zait edozein gai izan daitekeela aktualitatekoa».
Hizkuntzalaritzan lan egiten du Iker zentroak. Halako sail oso berezituan, araberako hiztegi hertsikoa jendarteratzeko, artikuluak araberan landu behar dira. «Lanketa bat egin behar da, hitz teknikoak modu lasaiago eta argiagoan azaltzeko», laburbildu du Etxeberriak. Horregatik, InpAkta aldizkariak metodo bat hautatu du lehen urrats horietan: «Artikulu guztientzako egin dugu laburpen ez hain teknikoa bat. Artikulu hasieran, beti bada orri bateko laburpena gaia irakurterrazago egiten duena».
Jendearengana heltzeko xedez, beti, luzerat artikulu guziak euskaraz irakurtzeko gisan izatea nahi lukete. «Horretarako, itzultzaile automatikoak erabiliko ditugu», zehaztu du Etxeberriak. Baina, tresnekin aitzinamendu handiak egin badituzte ere, hiztegi teknikoarentzat gauzak bideratu nahi dituzte oraino. «Euskara teknikoa landuko duen atal bat izanen da aldizkariaren barnean. Egia esan, oraindik lantzeko zerbait da, eta lan ikaragarria da».
Nahiz eta horren neurtzea ez den hain aise ere, ikerketa lan baten inpaktu soziala neurtzeko moldeak bilatu dituzte aldizkariaren eramaileek. Inpaktu horren definizio bat ere eman dute webgunean: «Ikerketa lanek inpaktu soziala dutela esan daiteke gizarteari, kulturari, ingurumenari edo ekonomiari nolabaiteko ekarpena egiten badiote gure lurraldeko erronkei erantzuteko, edota nolabaiteko ekarpena egiteko potentziala badute». Eragiteko gaitasun hori izartzeko molde bat ere badute. «Jasotako ikerketa lanen inpaktu soziala ebaluatzeko eta kuantifikatzeko tresna azkarra ere sortu dugu», diotenez. Puntuazio baten bidez egiten dute, betetzekoa den taula bat dela medio.
InpAkta aldizkaria urtean bi aldiz aterako da. Kitorik izanen da. Artikuluak Inpakta.eus atarian irakurtzen ahalko dira, eta paperezko bertsioa ere izanen du. Lehen zenbakia uda gabe nahi lukete plazaratu, baina hartu artikuluen arabera izanen da.
Giltzak
InpAkta-k zer gai landuko dituen: ekologia, ekonomia, medikuntza, osasun publikoa, bioetika, antropologia, ingeniaritza, geologia, hidrologia, hezkuntza, komunikazioa, inteligentzia artifiziala, albaitaritza, immigrazioa, soziologia, genero ikasketak, hizkuntza, digitalizazioa, demografia, jasangarritasuna, elikagaiak, kimika analitikoa eta abar.
Egitasmoa babestu duten erakundeak: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Mondragon Unibertsitatea, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA), Deustuko Unibertsitatea, CNRS IKER-UMR 5478, Agirre Lehendakari Centre, Arantzazulab, Telesforo Monzon eLab, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Bordeleko Unibertsitatea, Bordele-Montaigne Unibertsitatea, Basque Research and Technology Alliance, Aditech, Elhuyar fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Centre for Basque Studies - Reno, Boise State University Basque Studies, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Cenarrusa Foundation for Basque Culture eta Soziolinguistika Klusterra.