Ingurunea helgarri izateko, egokitu behar

Elbarritasunen bat duten hiru lagun mintzatu dira 'Hitza'-n. Uste dute beti beren gain dela oztopoak saihestea.

Kirol egokitua
Hazparneko errugbi talde egokituaren materiala, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Gema Elorriagak, Romain Martocqek eta Christophe Zaldiburuk elbarritasun batekin bizitzen ikasi behar izan dute. Azken urteetan, eremu publikoetako helgarritasuna hobetzen ikusi dute.

Gema Elorriaga

(Militante feminista)

«Aulkia nire parte bat da: ni naiz, osatzen nau, eta ezin da hunkitu»

(ID_17369336002905) Gema Elorriaga
Gema Elorriaga, Baionako Patxa plazan, urtarrilaren 10ean. XALBAT ALTZUGARAI

 

Bihotzeko arazoak zituen Gema Elorriagak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1960), eta transplante bat egin behar izan zioten ebakuntza gotor batean. 2007an izan zen, eta, prozesu horrek «ondo funtzionatu» bazuen ere, zazpi orduko ebakuntza izan zen, eta bizkar muina moztu zioten. «Bihotzak funtzionatzen dit, baina hankek ez», laburbildu du Elorriagak. Gurpil aulkia du geroztik, eta Baionan bizi da; ebakuntza egin baino lehen Azkainen bizi zen, baina, elbarri izanik, «sinpleagoa» iruditu zitzaion hirian bizitzea.  

Ebakuntza egin eta geroko prozesua «positibo bezala ikusi» zuen Elorriagak. Birgaitze zentro batean egon zen sei hilabetez, eta «ahalegin guziak» egin zituen indar guztia berreskuratzeko. «Ariketak jo eta su egiten nituen, eta esperientzia nahiko positiboa izan zen niretzat. Beste jendearekin harremana egiten duzu, azkenean. Ohartu zirenean jada ezin zela egoera hobetu, egokitu behar izan nuen bizitzara itzultzeko, kalera joateko, eta horretan saiatu nintzen», esplikatu du. Aulkiarekin bizitzen ikastea izan da prozesu horretako parte garrantzitsu bat. «Aulkia nire parte oso inportante bat da: ni naiz, osatzen nau. Eta gorputzeko beste parteak bezala, ezin da hunkitu, nirea da».Izan ere, militante feminista ere bada Elorriaga, eta argi utzi du elbarritasunen bat duten andreek pairatzen duten diskriminazioa indarkeria dela, batzuetan «nahigabekoa» izanda ere. «Laguntzeko bultzatu nahi duzula nire aulkia? Ba, ez. Eta ez naiz esekigailu bat zuen erosketak edo berokiak uzteko».  

Irakaskuntzan zuen postua utzi zuen ebakuntzaren ondotik, eta orduan ttipia zen semeaz arduratzea deliberatu zuen. Sari bat bermatua izan zitzaion —Hego Euskal Herriko pentsio bat, han egiten zuelako lan—, eta Azkainen zuen etxea egokitzeko obrentzat laguntza izan zuen. «Aurrera joan behar zen, eta halaxe egin nuen: aurrera joan». Donibane Lohizuneko Herriko Etxean aritu zen elbarritasun zerbitzuan, hiria egokitzeko azterketak egiten zituen lantaldean. «Esperientzia aldetik interesgarria zen, ikusteko zer-nola egin zitekeen egoera hobetzeko», erran du. Nahiz eta elbarritasunarekin gidatzen berrikasi, Baionara lekualdatu zen berantago, hirian bizitzea nahiago baitzuen, autoa hartzea «batzuetan oso konplikatua» baitzitzaion.

Baiona zentroa «nahiko ongi egokitua» dela iruditzen zaio, baina zentrotik atera orduko «oso gaizki» eginak direla karrikak. «Oztopo anitz badira; ikasi behar duzu horiek identifikatzen, lehenik, eta, gero, horiek gainditzen: batzuetan arriskutsua da, eta eror zaitezke». Baionan duen pisua berak egokitu behar izan du, baina etxebizitza gutxi dira egokituak, nahiz eta gero eta lege eta norma gehiago izan. «Beti gauza bera da: dirua dutenentzat errazagoa da. Baina dirurik gabe, naturaltasun gutxi lor dezakezu zure elbarritasunean», salatu du. «Gauza bera da administrazioarekin: ez badakizu nola kudeatu eta nola borrokatu gauzak lortzeko, oso zaila da». 

Autonomiaren kostua

Elorriagak gogoetatua du anitz elbarritasunaren inguruan, eta argi du «autonomia atxikitzeko dirua behar» dela. «Azkenean, denak du kostu bat: aulki on bat behar duzu, eta horiek garesti dira; hori ez da edozeinen eskuetan. Lana aurkitzeko ere zailtasunak izan ditzakezu, eta dirurik gabe elbarritasunari autonomiaz aurre egitea ia ezinezkoa da». Izan ere, asistentzia duten gurpilak biziki kario dira, eta hiruzpalau urtean behin aldatu behar dira. Gizarte Segurantzak bere gain hartzen dituen gurpil aulkietan, ordea, ez da halako dispositiborik, eta ezinbestekoa da besoekin indar handiagoa egitea. 

Orokorrean, egin nahi duena egiten ahal du Elorriagak, baina bada gauza bat anitz faltan duena: igerilekura joatea. «Ipar Euskal Herrian biziki gaizki egokituak dira, eta ez dute uretara jautsi ahal izateko igogailurik. Hego Euskal Herrian eta Europa guzian tresna normala da, eta denetan badute, baina hemen ez da. Mingarria da, zeren igeri egitea oso ona baita guretzat, eta halakorik gabe oso zaila da igerilekura joatea». 

Romain Martocq

(Turismo bulegoko langilea)

«Toki batzuetan ez gaituzte kontuan hartzen»

(ID_14567067) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Romain Martocq est handicapé moteur se déplaçant sur fauteuil roulant. Sur les rése...
Romain Martocq eta haren laguntzaile Magali Escoube, Donibane Lohizunen, urtarrilaren 8an. GUILLAUME FAUVEAU

Izen luze eta konplikatua duen eritasun degeneratiboa du Romain Martocqek (Arboti-Zohota, 1987): ataxia espinozerebelosoa. Duela 11 urte atzeman zioten, eta, geroztik, diagnostikoarekin bizitzen ikasi du. Mugitzeko gaitasuna mugatua du, eta, gehienbat, gurpil aulkian ibiltzen da; mintzamena ere trabatua du. Eritasunaren ondorioz, lana egokitu behar izan du: turismo bulegoan jende aitzinean lan egitea ezinezkoa bilakatu zaionetik, turismo helgarriaren inguruko azterketak egiten aritu da, eta sare sozialetan gomendioak ematen ditu, elbarri motorra duten beste pertsonei laguntzeko asmoz.

Magali Escoube laguntzailearekin pasatzen ditu astean bi arratsalde, eguneroko zeregin batzuetan laguntza behar baitu. Escoubek, erraterako, sare sozialetarako edukia prestatzen laguntzen du, eta proiektu ederra zaio. Martocqek erakutsi nahi du azpiegitura gehienetan helgarritasun arazoak izanik ere badirela egokituak diren lekuak, eta, hain zuzen, horiei ikusgaitasuna eskaini nahi die. «Baina arazoa da beste toki batzuetan ez gaituztela kontuan hartzen», erran du.  

Escoubek uste du borondate politiko eskasa izan daitekeela helgarritasun faltaren arrazoietariko bat, baina ez hori bakarrik: «Gehienetan, kostu handia dute helgarritasuna bermatzeko obrek, eta, gainera, leku anitzetan ez dira egingarriak: espaloiak hertsiegiak dira gehienetan, baina ez da espaziorik horiek zabaltzeko», esplikatu du. Hala, Martocqen egunerokoa etengabe «egokitu» eta «antizipatzea» da, oztopoak diren lekuetan zer-nolako saihesbideak izan daitezkeen ikusi eta araberan jokatzeko. 

Etxe desegokia

Egun, Getarian bizi da, eta Urruñan lan egiten du; batetik bestera joateko, taxia erabiltzen du, Elbarrituen Departamenduko Etxeak bere gain hartzen baitu horren kostua. «Anitz errazten dit bizia horrek, eta hori gabe dena zailagoa litzateke», deitoratu du. Haatik, bere pisua ez da elbarri motorra dutenentzat egokitua, eta bere kabuz egin behar izan ditu egokitzapenak. «Pasabidea bereziki hertsia da, eta gurpil aulkiarekin ezin da pasatu. Zutik atxiki ahal izateko heldulekuak ezarri ditugu, baina gehiago zutik ibiltzen ahalko ez denean, zer gertatuko da?», adierazi du Escoubek. Etxea aldatu beharko luke, baina ez du batere etxe egokiturik atzematen. «Egoera kezkagarria da», ondorioztatu du Martocqek. 

Nolanahi ere, toki publikoetan, iruditzen zaio azken urteetan helgarriak izateko egokitzapenak egin dituztela instituzioek, baina oraindik ere gabeziak ikusten ditu. «Adibidez, toki batera joan behar badut, denbora gehiago behar dut, eraman nauen autoak ere leku egokitu bat atzeman behar duelako, ni arazorik gabe jautsi eta gurpil kadirara igo ahal izateko», esplikatu du Martocqek. Escoubek uste du egoera horri erantzuteko «zentzu on kolektiboa» beharko litzatekeela, leku berezi horiek erabiltzeko behar gorririk ez duenak libre utz ditzan elbarritasun motorra dutenentzat. «Hor ere etengabe egokitu behar dugu». 

Christophe Zaldiburu

(Formatzailea)

«Legea eta errealitatea ez doaz beti bat»

(ID_14569509) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-01-10, Angelu. Christophe Zaldiburu
Christophe Zaldiburu, Angelun, urtarrilaren 10ean. PATXI BELTZAIZ

Zurgina da Christophe Zaldiburu (Hazparne, 1969). 21 urte zituenean laneko istripu bat izan zuen, eta teilatu batetik erori zen; ordutik paraplegikoa da. 1991. urtean gertatu zitzaion ezbeharra, eta orduan «ez zen existitzen ere» helgarritasun hitza. «Garai hartan deus ere ez zen egina egokitzapenerako». Gogoan du elbarritasuna onartzea biziki prozesu konplikatua izan zela. «Lehenik onartu behar duzu, eta gero, dena berrikasi. Zaila da bai fisikoki, bai psikologikoki. Eta egoera honetan ongi izatera heltzeko, denbora anitz behar da», esplikatu du. 

Istripua ukan eta ofizioa utzi behar izan bazuen ere, Zaldiburuk formakuntzak egin ditu obralaritzaren arloan, eta, egun, zurgintza teknologikoko trebatzailea da Angeluko Compagnon Federazioaren lizeoan. Baikortzat jo du bere arloan lan egiten segitzea, nahiz eta oinarrizko ofizioa ez duen egiten ahal. 

Istripua gertatu zitzaionean, orduko bikotekidearekin segitu zuen, eta uste du horrek anitz lagundu zuela. Bordelen (Okzitania) bizi ziren garaian, eta, hiri handia izanagatik ere, helgarritasun egitasmorik ez zen, edo guti. «Garraioetan ez zen deus, espaloiak gaizki eginak ziren... Ateratzen nintzen aldi oro abentura bat zen. Leku batzuetan arriskutsua ere bazen». 

'Chirac legea'

Dena den, urteen boterez, egoera anitz aldatu dela uste du Zaldiburuk, «onerako». Erraterako, 2005ean, Chirac legea izan zen, eta harekin egoera aldatu zela erran du. Publikoa hartzen duten toki guzietan, garraioetan eta bideetan helgarritasuna bermatzea agintzen du legeak. «Gauzak anitz aldatu dira horrekin. Halere, badira ñabardura batzuk. Adibidez, publikoa hartzen duten leku anitzetan legea ez da errespetatua. Bideetan egokitzapena ez da beharrezkoa, salbu berritze obrak egiten badira. Beraz, legea eta errealitatea ez doaz beti bat». 

Herriei dagokienez, 2.000 herritar baino gehiagokoetan baitezpadakoa da elbarritasun lantalde bat izatea, egokitzapenak egiteko. Zaldiburuk dioenez, herrien «borondatearen» araberakoak dira hortik ateratzen diren emaitzak, eta desberdintasun handiak badira herri batetik bestera. Kasurako, Hazparne ez zaio batere egokitua iruditzen, baina, adibidez, Donibane Lohizune, bai. «Hazparnen, adibidez, bada elbarrientzako leku bat, baina maldan da, eta arbola bat bada justu atea irekitzeko lekuan. Beraz, leku egokitua izan bada, baina ez da erabilgarria», salatu du. 

Ez zaio anitzetan gertatu diskriminaziorik pairatzea elbarria delako, baina gogoan iltzatua du behin gertatu zitzaionekoa: bakantzetara joana zen familiarekin, eta jatetxe batean sartu nahi izan zuen, baina, ez zegoenez egokitua, laguntza galdetu zien hango langileei, eta ezezkoa eman zioten, ez zela hura «bezalakorik» sartzen ahal. «Gisa horretako jarrerak arras minoritarioak dira, beharrik. Leku gehienetan egin beharrekoa egina da, hala ere». 

Kirolaria da Zaldiburu, eta kirol egokituaren arloan aritu da zenbait urtez, Hazparneko eskubaloi egokituaren klubaz arduratu baita. «Hasieratik argi genuen aisialdirako taldea izanen zela, eta hasi ginen behar zen materiala erosten; kirolerako behar diren aulkiak, adibidez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.