Inkisizio garaian sorgintzat jo zuten Inesa Gaxen bastidarra, eta atxilotua izan zen. Baxenabarretik Gipuzkoara ihes egin zuen, eta han berriz atxilotua. Hondarribian (Gipuzkoa) epaitu zuten, baina kargugabetua izan zen. Herritarrek, ordea, epaia ez zuten onartu, eta Hendaian erbesteratu behar izan zuen. Hala dio, bederen, hari buruz XXI. mendera arte heldu den informazio apurrak. Emazte haren bizia kontatuko duen Inesa de Gaxen pastorala eginen dute Xarnegu eremuan; Itxaro Bordak idatzi du testua, eta Pantxika Urruti da errejenta. Ekainaren 15ean eta 16an emanen dute Bastidan, eta irailaren 21ean eta 22an Bardozen.
Berezitasun bat ukanen du pastoralak, bi hizkuntzatan izanen baita: euskaraz eta okzitanieraz. Pantxika Urrutik gogoan zuen Gaxenen bizia kontatuko zuen pastoral baten egitea, eta Xarnegu eremuan egitea natural zitzaion, Gaxenen sorterria ikusirik. «Bere askatasuna oihukatzen egon zen, ez zuten erre, eta emazteak indar handia bazuelako haren istorioa kontatu nahi nuen, haren herrian», esplikatu du Urrutik.
Hastapenean euskaraz izanen zela uste bazuen ere, Xarneguko herritarrekin mintzatzean ohartu zen «bi hizkuntzek presentzia» izan dutela leku horretan. Xarnegu eremuko berezitasuna da «bi nortasunek bakarra» osatzen dutela, Urrutiren arabera. «Ber familian okzitaniarrak eta euskaldunak badira, eta naturala da haientzat». Hala, Bordak idatzitakoa Yvan Bareyrek itzuli du okzitanierara, «pertsonaia zehatz batzuentzat eta kantuentzat».
Itxaro Bordari idazketaren galdea helarazi ziolarik, «desafioari» lotu zitzaion berehala. Historia eta fikzioa nahasi dituela esplikatu du Bordak: «Ikerketa lan bat egin dut sorginkeriaren inguruan, Lapurdiko sorgin auziei buruz, eta giroari buruzko lanketa bat egin dut. Inesa Gaxeni buruzko ikerketak ere egin ditut: badira hatz historikoak, baina askotan fikzioarekin bete behar dira falta diren elementuak».
Ehundik gora
Orotara, ehun arizaletik gora izanen dira pastoralean. Pantxika Urrutiren helburua izan dan prest zegoen bakoitzari kopla bat ematea, eta Bordak azken momentura arte egokitu du testua horren arabera. «Pertsonaia nagusiak historikoak dira, eta ingurukoak, fikziozkoak. Helburua zen taula gainera igoko den bakoitzari kopla bat ematea, eta idazkari lan hori bururaino egin dut», erran du idazleak.
Urrutiren helburuetako bat izan da pastorala herritarrekin elkarlanean osatzea, hasieratik. «Lekuko elkarteei gomita egin nien, eta talde ederra osatu dugu: 104 aktore eta hamazazpi musikari. Sorpresa izan da hainbeste jende biltzea. Batzuk herabe ziren hastapenean, baina denek badute kargu bat».
Ez da lehen aldia Urrutik Zuberoatik kanpo pastoral bat osatu duena. Ukan dituen kritikak gibelean utzirik, «aitzinera egitea» deliberatu du. «Lehen aldian min hartu dut, baina guti dira kontra direnak, ez dute argudiorik. Pastorala ez da Zuberoakoa, baina egia da Zuberoak atxiki duela eta horri esker oraino bizirik dela. Inportantea da erratea, baina enetako posible da hortik kanpo ere egitea».
Aldi bakoitzean gisa horretako proiektuen inguruan inplikatzen den jende kopurua goraipatu du. «Ene helburua da arizaleak kontent izatea eta euskararekiko atxikimendu bat sustatzea. Euskaldunak ez direnei euskara berriz eskuratzeko edo ikasteko gogoa ematen badie, batzuk Gau Eskolan sartzen badira, ene irabazia da», trenkatu du.