Bihar bilduko da lehen aldiz Atharratzen Isiltasunak Parteka Ditzagun izeneko elkarteak abiatu duen hitz egiteko taldea: mota anitzetako bortizkeriak pairatu dituzten jendeak elkartzea da xedea. Elkartearen kudeatzailea Aurelie Bergerot sendalari magnetizatzailea da; ofizioak ez luke aipamenik beharko baldin eta dena ez balitz haren sendalari kontsultatik abiatu: «Mintzatzeko taldeetako kide gehienak ene pazienteak dira», zehaztu du. Kontsultan jakiten du indarkeria kasuen berri, eta elkarteak dohainik antolatzen dituen hitz egiteko taldeetan elkar laguntzea dute xede. Atharratzen bihar bilduko dira lehen aldiz, 17:00etan, herriko etxean.
Eretan (Biarno) du kontsulta Bergerotek azken sei urteetan, eta, Biarnoko jendeaz gain, zuberotar eta lapurtar «andana bat» ikusten du; pazienteetan, anitzek erraten diote erasoren bat pairatu dutela, sexu erasoak gehienetan. «Aste oroz bederen bi pertsona ikusten ditut bortizkeria jasan dutenak, harrigarria da», erran du Bergerotek. Konfiantzazko giroa sortzea kausitzen du, haren erranetan, hura ere biktima izan baita: «Bortizkeria anitz bizi izan ditut, adin desberdinetan. Ulermen eskasa ere bizi izan dut ene ingurunean. Ez gaituzte ulertzen, bada gaizki izate bat, eta alimaleko lana egin dut nihauren burua ezagutzeko eta horri buruz ikasteko». Identifikatu ditu, bide horretan, biktima gisa zituen beharrak ere: «Behar dugu goxotasuna, ulermena, eta, oroz gainetik, ez dugu jujamendurik behar».
Saretzen eta sendatzen
Kontsultatik elkarteko taldeetara, laurogei eta ehun pertsona artean izan dira orain arte. Gehiago dira kontsultan ikusten dituen bortizkerien biktimak; Atharratzeko herriko etxean utzi dioten gelan beste talde bat sortzea behar baten ondorioa da, Bergeroten erranetan. «Pertsona batzuk doi-doi kontziente dira gertatu zaienaz. Haientzat, mintzatzea bide bat hasteko lehen urratsa da; adibidez, salaketa ezarri eta urrunago joateko», azaldu duenez.
Beste batzuen kasuan —adibidez, jazarpena aspaldian gertatua delarik—, desberdin izaten da hitzaren funtzioa, elkarteko kidearen arabera: «Husteko manera bat da, partekatu eta sendatzeko. Gainera, bidea ematen du ohartzeko dituzten menpekotasun batzuk edo eginmolde batzuk mekanismoak direla, trauma baten ondorioz heldu direnak. Esperientziak elkarri kontatzeak karga arintzen du». Talde horietan atzematen ahal dute «familian, profesional batzuengan edo instituzioetan nekez atzematen den ulermena», Bergeroten erranetan. Gehiago dena, mintzatu nahi duen batek parean ez duenean behar duen ulermena, «trauma bat gehitzen da», haren ustez.
«Husteko manera bat da, partekatu eta sendatzeko. Gainera, bidea ematen du ohartzeko dituzten menpekotasun batzuk edo eginmolde batzuk mekanismoak direla, trauma baten ondorioz heldu direnak. Esperientziak elkarri kontatzeak karga arintzen du»
AURELIE BERGEROTMagnetizatzailea
Hitza libratzearen onuraz ezin konbentzituago da talde horien eramailea. Emazteentzat «hitzak ezartzea» gaitz bada ere, gizonentzat «oraino gaitzago» dela azaldu du Bergerotek. «Halere, hitzak ezarriz ohartzen gara ez dugula hobendun edo ahalke sentitzerik», trenkatu du. Lehen urrats horretan laguntzea du xede Bergerotek, baina urteetan sare desberdinak osatu ditu bere inguruan, beste gisa bateko laguntzak bideratzeko: arlo judizialean eta osasungintzan, bereziki.
Hitzak trukatzeko eremua segurua izan dadin, neurriak hartzen ditu elkarteko eramaileak, hala nola «konfidentzialtasun klausula bat izenpearaztea» parte hartzaile guztiei, biktima guztien hitza errespetatua izan dadin. Herri txikietan «denak elkar ezagutzea» arazo bat izan daiteke batzuetan lehen urratsa egiteko, Bergerotek onartu duenez. Baina bilkuran «biluzten» direnez, «aurreiritzi anitz erortzen dira», haren ustez.
Sare sozialetan elkartearen frantsesezko izenarekin atzeman daiteke informazio gehigarria (Partageons nos Silences), edo zuzenean Aurelie Bergerot deituz: 07 69 76 87 96.