Astekoa

Imus Pirenaeusek badu zer konta oraino

Aranzadi zientzia elkarteak euroeskualdeko diru laguntza erdietsi du Donazaharreko kanpamentu erromatarrean indusketen egiteko. Aurizko eta Donazaharreko herriko etxeak egitasmoaren partaide dira.

Azterketa geofisikoak Donazaharreko kanpamentu erromatarrean, urri bukaeran
Azterketa geofisikoak Donazaharreko kanpamentu erromatarrean, urri bukaeran. MIKEL EDESO
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2023ko abenduaren 2a
05:00
Entzun

Ikerketa arkeologikoak berriz abiatu dira Donazaharreko kanpamentu erromatarrean. Lehen aldikoz, Euskal Herriko erakunde arkeologiko batek ditu eramaten: Arantzadi zientzia elkarteak. Urri hondarrean, SOT enpresarekin azterketa geofisikoak egin zituzten. Euroeskualdeak diruztatu Pirenaeus programaren medioz hasi dira. Arantzadik espero du heldu den udan miatu gabe egon diren eremuko parteen ikertzen hasten ahalko direla.

Jean-Luc Tobie Bordeleko (Okzitania) arkeologoak hasi zituen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Donazaharreko erromatarren termetako miaketak, Frantziako Kultura Ministerioarendako, Donazaharreko orduko gazteek lagundurik. Geroztik, lo egon da luzaz, nahiz bisitak egiten diren eta museo ttipi bat badagoen ondoan. Aitzineko Herriko Etxeko gehiengoek utzi zuten horrela. Zoritxarrez, laparrak garbitu nahiz, sua ere ezarria izan da aparteko gune historiko horretan.

Arantzadik berriz miatu nahi du Donazaharreko, horre iduriko hiribildu erromatarrak artoski landuak baitituzte Nafarroa Garaian. Arantzadiko Oihane Mendizabal Sandonis arkeologoa da miaketen zuzendaria, eta Donazaharreko egitasmoaren eramailea eta xehetasun zenbait eman ditu.

Arantzadik Ipar Euskal Herrian arkeologian abiatu duen lehen proiektua izanen da Donazaharrekoa. Elkarteko arkeologia saila 2011n hasi zen Pirinioak zeharkatzen zituen galtzada erromatarraren ikertzen, Nafarroa Garaian. Frantziako eta Espainiako estatuek ezarri mugak, alabaina, ez du kanorerik erromatarren bide horren ikusteko, Donazaharretik Nafarroa zolara joaten baitzen mendialdea zeharkatzeko. «Lantaldeko kideek galtzadako ibilbidea osatu zuten, hasita Donazaharren, gaur egungo Nafarroa Garaiko mugaraino —Zangoza inguruko eremuraino—», erran du Oihane Mendizabalek, Aranzadik bide hori azaleratzeko egin lana aipatzean. Bidearen inguruko erromatarren egonleku inportanteak miatzen hasi ziren Urkuluz haraindian; hala nola, Nafarroa Garaiko Aurizko Zaldua hiri erromatarra eta Artzibarko Artzi hiribildua.

erromatar galtzada
Erromatar galtzada.

Arantzadiri galtzadaren beste puntan miatzea falta zitzaion Donazaharreko uretako kanpamentu erromatarra. Horretarako, euroeskualdeari diru-laguntza galdera egin dio Aurizko eta Donazaharreko Herriko Etxeak lotuz xedeari, eta erdietsi. Mendizabalek espero du aitzina egiten ahalko dutela, Jean-Luc Tobierekin hasi zen lanari segida eman eta urrunago joateko: «Pixka bat eguneratzeko lehenik egina zegoena, eta Nafarroa Garaian ikus ditugun hipotesiak eta datuak alderatzeko, eta Donazaharren sakontzeko».

Azterketa geofisikoa

Hiru alditan pentsatua da lana. Lehena, duela hilabete inguru, urri hondarrean egin zuten: Donazaharreko kanpamentu erromatarraren inguruen gaineko azterketa geofisikoa. Haietarik atera informazioen arabera balizko lurpeko miaketen programatzea da bigarren urratsa. Eta, azkenik, atera informazioak herritarrei ezagutaraztea.

Azterketa geofisikoak tresna elektromagnetikoak eta radarrak lur gainetik pasatuz egiten dituzte. Horri esker, jakin dezakete lur azpian, metro bat eta erdiraino, zerbait miatzeko badenetz. Donazaharrekoak eman duena ari dira ikuskatzen orain. Emaitza osoak urte hondarreko behar lituzke Arantzadik, baina, Mendizabalek salatu duenez, gauza batzuk jakin dituzte jadanik. «Gaur egun agerian den termen eraikinaren inguruan ikusi dugu bazeudela beste eraikin batzuk».

Tobiek zioena baieztatu da, Arantzadiko kideak dioenez: «Jean-Luc Tobiek zioen bezala, eraikin batzuk ikertu ziren, baina hori baino askoz gehiago egongo da lurpean». Azterketa geofisikoaren emaitzek erakutsiko die non balio dezakeen zulatzea. Beste eraikinak eta eraikinen arteko iragan bideak induskatzeko.

Pierre Eiherabide Donazaharreko auzapeza mintzatu zen urri hastapenean Irulegiko Irratian Pirenaeus egitasmoaz. Argiki erran du bere arrangura lurren berreskuratzea dela etxe berri egiteko, baina horretarako baimenak behar dituela. Frantziako Gobernuak esku hartuko du noizbait etxe egiteko baimenen emateko, dela Kultura Ministerioko DRAC zuzendaritzaren bidez, dela INRAP prebentziozko ikerketa arkeologikoen institutu nazionalaren bidez. «Aberastasun bat da, baina zenbait aldiz zailtasuna da etxe berrien egiteko», zioen Eiherabidek.

Azterketa geofisikoetarik jakin behar lukete administrazioak non utziko dien etxe egiten eta non ez, interes historiko handiko eremuan. «Funtsezkoa da oreka bat topatzea bi interesen artean», erran du Aranzadi elkarteko Mendizabalek. Gune «mamitsuenak» edo «ikerketan emankorragoak izan daitezkeen» eremuak miaketa xehetarako begiratuz, eta etxe egiteko baliatuko diren lurren azpian dagoena, zalu bada zalu, aztertzea eta biltzea informazio osoagoa izateko.

Arantzadik itxaropena badu heldu den udan, zergatik ez, lur mugitzen hasi eta emeki-emeki Donazaharrek salatzekoak dituenen bilatzeko. Lehen aldia litzateke, hain segur, Frantziako kultur administrazioak, berea ez duen egitura bati halako baimen baten ematea. Are gehiago Hego Euskal Herrikoari. Azken asteetan Bordeleko arkeologia teknikari batzuekin solasean aritu da Arantzadi, ikusteko baimen horiek nola ukan. Ipar Euskal Herriko beste egitura baten bidez izan daiteke. «Bai niretzat, bai Arantzadirendat, erronka oso handia da», aitortu du Mendizabalek. Alabaina, Aurizkoa zuzendu du, eta anitz gauza badakizkite handik. Donazaharrekoa jakinduria horren osatzera jinen litzateke.

Mendizabalek erran duenez, Donazaharreko Herriko Etxeak ere badu interesa terma erromatarren hektarea bateko eremu horretan gauza gehiago agerrarazteko. «Badugu amankomuneko gune bat hor udalarentzako ere bihur daitekeena interesgune, termen aztarna horiek osatuko dituena». Gaur egun jada bisita daitekeena aberastuko lukeelako.

Arkeologiatik jakin-mina

Duela 2.000 urte inguru erromatarrak Euskal Herrian plantatu ziren aro hari buruz gehiago jakiteko parada izan daiteke Arantzadirentzat. «Pirinioen inguruko erromatartze prozesua ulertu nahiko badugu, kontuan hartu behar ditugu bi isurialdeak», adierazi du Mendizabalek.

Jadanik ohartuak dira Zangoza aldeko Artzi eremuan eta Donazaharren oinarri ber-bera duten termak direla. «Erakusten du nola bidea ez zen bidea soilik, baizik eta bideari zerbitzu emateko azpiegitura batzuk plan orokor baten barnean eraiki zituztela».

«Eraikinak nola garatu ziren, bertako biztanleen jarduerak nolakoak ziren ulertu nahi badugu era orokorrean, osoan ikertu beharra dago». Tobiek Donazaharren atzeman zituen orduko materialak aztertu ditu Mendizabalek, eta ikusi du Auritzen ere berdinak kausitu dituztela. «Horrek erakusten du komunikabide garrantzitsu baten ertzean zeudela. Auriztik pasatzen ziren pertsonak Donazaharretik ere ibiliko ziren».

OIHANE MENDIZABAL
Oihane Mendizabal Aranzadi zientzia elkarteko kidea.

Gehiago dena, nork daki ez den lurpean erromatarren eta orduko euskaldunen arteko harremanen berri emanen lukeen gauzarik atzemanen. Aurizko Zalduan halakoak ikusi baitituzte jadaneko. «Zalduan ikusi dugu badela nahasketa bat bertako biztanleen objektuen eta erromatar inperioko beste eremu batzuetatik etorritakoen artean». Eta objektuekin gertatu bazen, Mendizabalek dio pentsatzekoa zela nahasketa hori urrunago zihoala; «bai hizkuntzekin, bai sinesmenekin horrelako nahasketa moduko bat sortuko zela. Ez zela ez zuria ez beltza izango eta identitate berritu bat sortuko zela». Azken hamarkada hau arte ez da zinez ikertua izan ikuspegi horretarik.

Erromatarrek euskara ere zizelkaturik utzi zuten orduko antzinako euskararen hedadura handiko eremu zabalean. Mendizabalek ez du baztertzen egun batez halako altxor baten aurkitzea. «Zergatik ez? Azkenean, indusketa bat planteatzen dugunean ez dakigu zer topatuko dugun». Horretarako, baimenak lortu behar dira miatzen uzteko. «Aurreikuspen guztiak ongi baldin badoaz, datorren udaran indusketa txiki batzuekin hasiko ginateke bertan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.