Iker euskararen inguruko ikerketa laborategiko zuzendaria da Urtzi Etxeberria (Itsasondo, Gipuzkoa, 1976). 1999an sortu zuten Iker, hiru partaideren gerizpean: CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikoaren Zentroa, UMB Bordeleko Unibertsitatea eta UPPA Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea. Unibertsitatearen eta ikerketaren munduan euskarari «ikusgaitasuna» ematea izan dute erronka. Egun, proiektu anitz dituzte bertako ikerleek, eta, berriki, proiektu handi bat abiatzeko bidea zabaldu zaie: euskararen jabekuntzari buruzko zentro esperimental bat irekiko dute Baionako egoitzan. Bertan, aztertuko dute nolakoa den nini sortu berrien eta haurren hizkuntzen jabekuntza prozesua.
Zer da Iker zentroa?
Euskarazko hizkuntzalaritzaren eta literaturaren arloko ikerketak egiten dituen ikerketa gune mistoa da, CNRS, UBM eta UPPAren gerizpean ari dena. 1999an sortu zen; Beñat Oihartzabali eskatu zioten euskal ikasketak Frantzia mailan batzeko eta ikusgaitasun pixka bat emateko laborategi bat sortzeko, Baionan. CNRSko hizkuntza zientzien atalari lotuak gara, eta bi ardatz nagusi ditugu ikerketari dagokionez: hizkuntzalaritza eta literatura.
Bi arlo horietan, zein dira zuen ikerketa gai nagusiak?
Hizkuntzalaritza teorikotik hasi eta soziolinguistikaraino; hizkuntzen kontaktua ere aztertzen dugu. Gai dezente ditugu, eta, gainera, datozen ikerle berriek ere beren ikerlerroa ekar dezakete; beraz, datozen heinean arloa zabalduz doa. Literaturari dagokionez, euskal testuak eta literatura lantzen ditugu. Adibidez, azkenaldian, euskal testuen artean famatu egin diren itsasontzietako gutunak lantzen ditugu.
Baionan dira euskal ikasketako lizentzia eta masterra. Zer harreman duzue?
UBM eta UPPArekin lotuak dira, eta gu haiekin lotuak izateak erran nahi du baditugula hor irakasle ikertzaileak Iker laborategiari lotuak daudenak.
Zein dira martxan dituzuen ikerketa proiektuak?
Gehienok hizkuntzalaritza teorikoa egiten dugu, baina lortzen ditugun proiektuen araberakoa ere bada. Gauza bat da bakoitzaren ikerlerroa, eta beste bat zer proiektu lortzen ditugun. Hizkuntzalaritza historikoan, badugu ikerketa bat XVIII. mendearen hasieratik gaurdainoko testuetan agertzen den egitura semantiko jakin baten ingurukoa, gero bilatzaile bat sortu ahal izateko; fonologiari buruzko beste bat ere badugu, beste bat arkeologia kognitiboa deitzen dioguna... Bordeletik Santanderreraino dauden kobazuloetan esku batzuk marrazkiturik aurkitu zituzten, eta ikertu nahi dute ea keinu hizkuntza bat izan daitekeen. Autismoaren eta elebitasunaren inguruan ere badugu beste proiektu bat, zeinetan helburua den ortofonistentzako tresnak sortzea. Laster, Aranzadirekin ere elkarlan bat hasiko dugu. Badira ikerketa asko, desberdinak, eta oso interesgarriak.
«Jabekuntza prozesua ikertzea euskararen irakaskuntzarekin zuzenean lotua da: jabekuntza prozesua ongi ezagutzeak irakaskuntzarako lagunduko digu»
Euskararen jabekuntzari buruzko beste proiektu handi bat ere lortu berri duzue. Zein da xedea?
Badaramatzagu urte anitz hizkuntza jabekuntzaren inguruko lanetan. Kasu honetan, Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoan euskararen jabekuntzaren deskribapen zehatz bat egitea da xedea. Horretarako, esperimentazio laborategi bat behar dugu nini sortu berriekin eta umeekin ikerketak egin ahal izateko. Guretzat oso proiektu handia da. Beste laborategi batzuentzat, agian, gozokiak erosteko balio du, baina guretzat 1,2 milioi euroko laguntza sekulako inbertsioa da. AHAL Akitaniako Hizkuntza Aniztasun Laborategia sortzea da asmoa; eta, horretarako, espazio gehiagoren beharra dugu. Beraz, gauden tokian segitzeko, obrak egin behar dira. Asmoa da behereko solairuan laborategi esperimentala egitea; kontuan izan behar da, besteak beste, ume jaio berriekin eta nahasmenduak dituzten haurrekin eginen ditugula ikerketak, eta, beraz, toki egokitu bat behar dugu.
Nola ikertzen da nini sortu berriekin edo haur gazteekin?
Harremanak egin ditugu Baionako eta Donapaleuko ospitaleetako ama etxeekin; ez da erraza izan, eta oraindik hor gaude, akordio bat lortzekotan. Gero, bi aukera daude. Bata: ospitalera joatea haurra jaiotzen denean, eta momentuan egitea probak. Bestea: haiek laborategira etortzea edo gu haien etxera joatea. Biziki harrigarria da, eta oso polita. Horretan aditua den ikerle bat izanen dugu; elektroentzefalogramak, begi ninien segitzeko makinak eta gisa horretako materiala dute. Adibidez, teoria bat da erratea nini jaio berriak gai direla ama hizkuntzaren intonazioa ezagutzeko. Guk ikusi nahi dugu nola jabetzen diren haurrak hizkuntzaz egoera eleaniztunetan. Horrelako ikerketei sarrera bat eman nahi diegu Iparraldean, eta iruditzen zaigu garaia dela horrelako gauzak egiten hasteko. Euskararen irakaskuntzarekin zuzenean lotua da, gainera: jabekuntza prozesua ongi ezagutzeak irakaskuntzarako lagunduko digu.
Jabekuntza prozesua aipatzen duzularik, zer erran nahi duzu?
Haurrek hizkuntza nola eta noiz garatzen duten ikustea da asmoa; bai 0 urtetik 3 urtera bitartean, baita gero ere, 11 urte arte edo. Zer gaitasun noiz lortzen dituzten, zer gertatzen den elebitasun moten arabera... Gauza anitzek eragiten diote hizkuntzaren ezagutza mailari, eta asmoa da deskribapen zehatz bat egitea.
Ikerketaren munduan, euskara bezalako hizkuntzek zer leku dute? Borrokatu behar duzue zuen lekua egiteko?
Bada erran bat gure artean: Euskal Herrian harri bat altxatzen duzunean, hizkuntzalari bat ateratzen da. Hizkuntza gutxitua da, baina guk laborategi bezala ez dugu sentitzen ematen diguten trataera hizkuntza gutxitu batena denik. Hizkuntzalaritzaren munduan garrantzia duen hizkuntza bat da euskara. Egia da elkarlan eta kolaborazio asko ditugula eta horrek bidea errazten digula proiektuak egitean. Frantzian euskararen egoera ez dela beharko lukeena, baina ikerketari ez dio eragiten. Ikerketari dagokionez, ongi ikusiak gaude, eta euskara interesgarria iruditzen zaio jendeari; interes hori agerian ematen du jendeak.