Flore Elise Capelier: «Ikasketa urte luzez ez dut emazte musikagile baten obrarik jo»

Etxeko pianoarekin hasi zen musikan Capelier. Duela guti arte gizonek idatzitako obrak bakarrik jotzen zituela ohartu, eta emazte musikagileen lanei leku bat ematea deliberatu du.

Flore Elise Capelier
Flore Elise Capelier pianista, apirilaren 18an, Donibane Lohizunen. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
Donibane Lohizune
2024ko maiatzaren 6a
05:00
Entzun

Pianista da Flore Elise Capelier (Donibane Lohizune, 1995). Lehen notak gurasoen etxeko pianoan jo zituen, eta ibilbide oparoa egin du geroztik: Donibane Lohizuneko kontserbatorioan hasi, Baionakoan segitu; goi mailako piano ikasketak Parisen, Bruselan eta Austrian egiteraino. Ikuspegi feministatik mintzatu da inpostorearen sindromeaz eta elitismoaz.

Noiz erabaki zenuen pianoa ogibide bilakatzea?

Etxeko pianoarekin hasi nintzen jotzen familian musikariak bazirelako: aitatxi, aita, anaiak... Donibane Lohizuneko kontserbatorioan sartu nintzen 5 urtetan, eta gero Baionakoan segitu nuen. Lizeoan, irakasleek galdetzen ziguten zer egin nahi genuen baxotik landa, eta musikarekin zerbait egitea pentsatu nuen; ideia arras berria zen, ordura arte ez nuen batere pentsatua. Baxo ondotik, Baionan bi urtez gelditu nintzen MID Musika Ikasketen Diploma pasatzeko, eta horren ondotik lizentzia eta masterra egitera joan nintzen Parisera.

Nola izan zen Parisera heltzea?

Heltzean, pentsatzen nuen maila bat banuela, baina ohartu nintzen besteen maila askoz hobea zela, eta berriz pasatu behar izan nuen MIDa. Ondotik, Boulogneko kontserbatorioan lizentzia egin nuen, eta Erasmus programa Austrian. Alemana ikasi nahi nuen: eskolan euskara, ingelesa eta espainola ikasiak nituen, baina alemana ikasteko gogoa nuen, musikan garrantzitsua baita: opera anitz alemanez dira. Anitzetan kantariekin lan egiten dudanez, inportantea dela iruditzen zitzaidan.

«Musika jotzen duzularik, ez da hitzik, eta historia bat kontatzen ahal diozu zure buruari, baina hitzak badirelarik, konkretuagoa da»

Kantariekin aritzea duzu gustukoen. Zergatik?

Betidanik ibili naiz kantarien kontzertuetan; Donibane Lohizuneko Ravel Akademian, besteak beste. Philippe Biros pianista laguntzailea ezagutu nuen, eta horretarako gustua eman zidan. Uste dut kantua ez dela bakarrik ahotsa: testua ere bada. Musika jotzen duzularik, ez da hitzik, eta historia bat kontatzen ahal diozu zeure buruari, baina hitzak badirelarik, konkretuagoa da. Aspektu literario bat bada azkenean. Ororen gainetik, ahotsa maite dut instrumentu gisa.

Pianista laguntzaile bezala aritzen zara lanean. Zer du berezi rol horrek?

Kantariek pianoaren laguntza behar dute anitzetan, eta rol hori maite dut, hor izatea beren laguntzeko. Grabaketak egiten laguntzen ditut, konkurtsoak pasatzen ere bai; estres handia da haientzat eta maite dut haiek lasaitzea. Pianoa jotzen duzularik, piano irakasle izan zaitezke, baina klaseetan ez duzu asko jotzen. Piano laguntzaile zarelarik, haatik, beti jotzen duzu, eta hori maite dut. Motibaziorako ere lagungarria zait: besteen zerbitzuko ari naiz, eta arrazoi on bat da ene burua motibatzeko.

Anitzen irudiko musika klasikoa elitista da, zorrotza... Hala ikusten duzu zuk ere?

Gauzak aldatzen ari dira, baina, funtsean, kirolean bezala da: maila altua behar duzu, teknika ona behar duzu, lan anitz egin behar da...  Kasik 30 urte ditut eta ikasketetan segitzen dut oraindik; badut lana ondoan, baina segur da familiaren laguntza beharrezkoa dela musika ikasketak egiteko, biziki ikasketa luzeak baitira. Musikari klasiko bezala, gainera, lan bat atzematea ez da erraza: anitzek masterra bukatzen dute baina ez dute baitezpada lanik lortzen. Lana lortzean ere, ikusi behar da zer baldintzatan. Bitxia da: alde batetik, elitista da, eta, beste aldetik, prekarioa.

«Musikari klasiko bezala, gainera, lan bat atzematea ez da erraza: anitzek masterra bukatzen dute baina ez dute baitezpada lanik lortzen. Lana lortzean ere, ikusi behar da zer baldintzatan. Bitxia da: alde batetik, elitista da, eta, beste aldetik, prekarioa»

Emazte musikagileei buruzko ikerketa proiektu bat egin duzu. Nola hasi zen?

Bruselen egin nuen piano masterrarentzat kontzertu bat egin behar nuen, eta garai hartan emazte musikagile batzuk deskubritzen ari nintzen. Ohartu nintzen ikasketa urte luze horietan ez nuela sekula emazte musikagile baten obrarik jo, ez nuela bakarra ere ezagutzen. Harrigarria da hori pentsatzea. Nola posible da hainbeste urteko ikasketen ondotik ez sekulan jo edo entzun izana emazte baten obrarik? Ez kontzertuetan, ez klaseetan... Ulertezina zitzaidan, eta xerkatzen hasi nintzen. Nadia eta Lili Boulanger ahizpak eta Mel Bonis deskubritu nituen, eta ikuspegi horrek dena aldatu du ene musikari bizian.

Tristan Mourguy musikaria zure anaia da; harekin ere aritua zara oholtzan. Ez da mundu klasikoko giro bera, eta nola bizi izan duzu jauzi hori?

Jauzia kasik beste zentzuan gertatu da: pianista profesionala izan aitzin hasi nintzen anaiarekin jotzen. Enetzat biziki aberatsa izan da hori egitea; Tristan Mourguy eta Horeba taldearekin Euskal Herriko gaztetxe anitzetan jo dugu, eta urte politak izan dira. Enetzat zaila izan da inprobisazioak egitea, normalean alderantziz egiten baitut: partiturak baditut, lantzen ditut, eta gero atzematen dut ene askatasuna.

Lehen aldiko pianista bakarlari gisa aritu zinen iaz Ziburuko Estudiantina taldearekin.

Esperientzia ikaragarria izan da; lehen aldia zen bakarlari gisa aritzen nintzena. Deitu nindutenean, kontent eta beldur nintzen. Haiek ere beldur ziren, uste baitzuten pianista on bat nintzela, Parisen ikasten nuelako eta haiek amateurrak baizik ez zirela... Baina nik alderantziz uste nuen: ikaratua nintzen, ari nintzen pentsatzen ez nuela mailarik bakarlari gisa aritzeko, atsekabetuko nituela... Azken finean, topaketa biziki ederra izan zen.

Beldur zinela erran duzu. Inpostorearen sindromea ote?

Ni beti jendearekin ari naiz, taldean, edo kantariak laguntzen. Ene piano solo kukutzeko manera bat da; beraz, bai, beldur nintzen toki hori hartzeaz. Duela guti arte ezinezkoa zen enetzat erratea pianista nintzela; «pianoa jotzen dut», erraten nuen. Ari naiz ikasten...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.